Konponbideari begira

Berriak

Jaurlaritza berria. Bake eta Bizikidetza Idazkaritza

Bakea «sendotzeko» lan egingo du Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak

Jonan Fernandez, Monica Hernando eta Txema Urkijok gidatuko dituzte memoria, giza eskubideak eta biktimen politikak Giza duintasunaren aldeko plana abian jarri nahi du sailak, erakundeekin elkarlanean
Txema Urkijo, Monica Hernando eta Jonan Fernandez, atzo, Lehendakaritzan egindako aurkezpenean.
Txema Urkijo, Monica Hernando eta Jonan Fernandez, atzo, Lehendakaritzan egindako aurkezpenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2013-01-30 / Edurne Begiristain

ETAk jardun armatua utzi izanak Euskal Herrian sortu duen «aukera historikoa» baliatu nahi du Eusko Jaurlaritzak legealdi berrian, eta zeregin horretan buru-belarri lan egingo du Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez. Bakea «behin betiko sendotzea» izango da departamentu horren helburu nagusiena, eta hori lortzeko ahalik eta «adostasun handiena» biltzen saiatuko da erakunde, alderdi eta gizarte eragileen aldetik, lehendakariaren arabera.

Jakina zenez, Jonan Fernandez Baketik zentroko buruak kudeatuko du Bake eta Bizikidetza Idazkaritza berria. Departamentuko idazkari nagusia izango da Fernandez, eta harekin batera, beste bi lagunek lan egingo dute: Monica Hernando izango da Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria eta Txema Urkijo biktimen aholkularia. Bakeak eta bizikidetzak «talde lana» eskatzen duelako izendatu ditu lehendakariak hiru aditu horiek. Alor horietan lan egiteko pertsona «egokienak» dira, eta giza eskubideen esparruan «eskarmentu» handikoak, Urkuluk azpimarratu duenez. Hiruren «ikuspegi zabala» ere nabarmendu nahi izan du: «Nik dakidala, bakar batek ere ez du alderdiaren karneta».

Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren egituraren berri eman du Urkulluk, Lehendakaritzaren egoitzan egindako agerraldian. Jakinarazi duenez, idazkaritza nagusi bakarra izango da, eta Lehendakaritzaren menpe lan egingo du. Bakegintza, elkarbizitza, memoria, biktimak eta giza eskubideen inguruko politika guztiak bilduko ditu idazkaritza berriak, aurretik zeuden egiturak «sinplifikatu» nahi dituelako gobernuak. Egitura murriztearen ondorioz, desagertu egingo dira aurreko gobernuekin zeuden Biktimen Arretarako Bulegoa eta Elkarbizitza eta Memoriarako mandatariaren kargua. Horien egitekoak, ordea, bere gain hartuko ditu Jonan Fernandezek kudeatuko duen idazkaritza nagusiak.

Urkullu lehendakariak azaldu duenez, «herri mailako» hiru helburu izango ditu Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak: hala nola iraganaren «berrikuspen kritikoa» egitea, bakea «behin betiko sendotzea» eta «bizikidetzaren kultura» indartzea.

Lehen helburuari dagokionez, Urkulluk azaldu du iraganari begira jartzea beharrezkoa dela, gertatu denaren «azterketa kritikoa» egin ahal izateko. «Gertatu dena ez dugu ahaztuko, eta ezin dugu ahaztu», adierazi du. «Denoi dagokigu iraganaren azterketa kritikoa egitea; baina, akaso, batzuei beste batzuei baino gehiago». Egiteko hori garatzeko Giza Eskubideen Zuzendaritzak Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua martxan jartzea aurreikusi du.

Orainari begira ere lan egingo du Bake eta Bizikidetza Idazkaritza berriak, bakea «behin betiko sendotu» eta bueltarik gabea izan dadin. Helburu hori lortzeko «ahalik eta adostasun zabalena» lortzen saiatuko da Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarreko taldeekin zein gizarte eragileekin, lehendakariaren esanetan. «Esku artean dugun erronka konplexua da, eta, horregatik, ezinbestekoa da adostasun handiena lortzea».

Etorkizunari dagokionez, azkenik, «bizikidetzaren kultura indartzea» izango da haren helaburua, «gertatu dena inoiz ere errepika ez dadin, eta hortik ikas dezagun». Helburu hori erdietsi ahal izateko, oinarri «giza duintasunaren defentsa» izango duen erakunde arteko plan bat garatuko du Jaurlaritzak. Plan horrek bere egingo ditu giza eskubideen alorrean nazioartean indarrean dauden araudiak, lehendakariaren arabera.

Informazio osagarria

Publizitatea