Konponbideari begira

Berriak

Bake prozesuari buruzko itxaropena gutxitu egin da herritarrengan azken urtean

Espainiako Gobernuari, ETAri eta Jaurlaritzako lehendakariari prozesua sustatzeko neurriak eskatu dizkie Lokarri-k
Duela urtebete, Aieteko Konferentzia egin eta ETAk jardun armatua betiko amaitu zuela iragarri berritan, euskal gizartea egun baino itxaropentsuago zegoen bake prozesuari dagokionez. Etenaldia antzeman dute herritarrek, eta itxaropena hoztu egin da; hala ondorioztatu du Lokarrik sustatutako Bake Prozesuaren Behatoki Sozialak egindako txostenak. 954 herritarrek erantzundako galdetegia, jasotako iritzien inguruko azterketa, eta egoera hobetzeko gomendioak kaleratu ditu 15. txostenean.

1. Galdetegia

Herritarrek bake prozesuaren inguruan duten itxaropen maila 5,79 izan da 2012ko uda eta udazkenean, Behatoki Sozialaren azterketaren arabera. Iazko udaberritik zerbait egin du gora —5,52 zen orduan—, baina nabarmen gutxitu da duela urtebetetik —7,76ko oniritzia zuen— Ezkor daudenen mailak nabarmen egin du gora: duela urtebete %2k egin zuten balorazio txarra, eta iazko urte amaieran %21ek.

ETAk indarkeriaren amaiera berretsiz plazaratu dituen agiriei begi onez begiratu diete gehienek. %51ren ustez, bada ordua «gainontzeko agenteak» prozesura batzeko; beste %31k esan dute garrantzitsua dela ETAk amaiera atzeraezina dela berretsi izana. %4k diote ETA desegin dela dioen agiria besterik ez duela nahi.

Gehien-gehienen ustez, lehendakariak elkarrizketa esparruak sortu behar lituzke baketzearen inguruan, eta bake bidean egitasmo jakin bat ere aldarrikatu dute askok. %3k diote ez lukeela inolako neurri berezirik hartu behar.

Baketzerako aukera handiena ezker abertzaleak sortu duela erantzun dute %48k, eta ETAk indarkeria amaitu izana zein nazioarteko laguntza dituzte, berriz, beste sortzaile nagusitzat. ETAren aurka Espainiako Gobernuak sendo jarraitzea aukera bat izan daitekeela dio %1ek.

2. Egoeraren azterketa

2011ko udazkenetik itxaropen mailak behera egin duen arren, «eszena aldatu» egin dela ondorioztatu du Behatoki Sozialak. «ETAren indarkeria falta normalizatu» dela, eta bestelako egoera batean gaudela barneratu dela.

«Espainiako Gobernuaren erantzun eza» da kezka nagusia, eta instituzio eta alderdiei konpromisoak hartzeko deia egiten diete herritarrek.

Aurrera begira, dagoeneko gauzatu diren urratsak egonkortzea ikusten da bakegintzan aurrera egiteko aukera gisa.

3. Gomendioak

Bake eta elkarbizitza prozesuan aurrera egiteko beharra agerikoa dela dio Lokarrik. Eta horrek instituzio, alderdi eta gizarte mugimendu guztien parte hartzea eskatzen duela.

Baketzeari begira, «bere erantzukizuna onartu» eta urratsak egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari: ETArekin elkarrizketa prozesu bati ekiteko, eta espetxe politikan «beharrezkoak diren aldaketa guztiak» egiteko.

ETAri, berriz, desarmatzeari eta desegiteari ekiten ahalegiteko eskatu dio, eta eragindako mina onartzeko urratsak egiteko.

Eta lehendakariari, elkarrizketa guneak abiatzeko eta «adostua izango den ekinbide bat» gidatzeko gomendatu dio.

Publizitatea