Konponbideari begira

Analisiak

Maratila

Presoekin

 

2013-01-12 / Lucien Etxezaharreta

Milaka Bilbon ibiliko direnekin nolaz euskaldun batek ez dezake bat egin? Baionako bilaldi handiaren jarraian berriro eskutik hartzen gaitu aktualitateak. Kaleetan zutik ibiliko den herriak harresien apurtzea lortuko duela, denok bihotzean dugun itxaropena da. Badakigu, hargatik, Jeriko hiriaren inguruan bezala egunak eta egunak iragan beharko direla zerbait lortu arte. Josue batek eguzkiaren geldiaraztea lortuko al du? Espainol nazionalisten eta frantses jakobino integristen artean zirriturik kokatuko al da?

Gazteria zintzo bat bere bizia barrotei begira higatzen ari da, zahartzen ari dira gaixotasun eta buru nahaste eta bizi itotze aginduek leherturik. Min dugu denok hori jakinez. Badakigu ere maiz torturapean lortu informazioek, maiz gezurrezkoek, horretaratu dituztela. Badakigu ere duintasunez ibili zirela, salaketarik egin gabe, euskal mundu berri zuzen baten esperantzan, munduko askatasunaren borroka guztiekin bat eginez. Entzun genituen hainbat akusatze, manipulatuak zirela, inozoak zirela, gogoeta eskasez ibilki... batzuetan bai, batzuetan ez. Ikusi ditugu, gerra baten soldadu presoak zirela aldarrikatzen zutela epaile trufari batzuen aurrean, Pariseko auzitegi doratuetan fiskal ahalkegarri batzuen irainak jasanez.

Min dugu eta aterabideak urruti direla sentitzeak mina areagotzen du. Bederen, jakin dezatela beren zuloetatik bat egiten gaituztela gure herriaren bizi nahiaren sua piztuz eta ez ditugula inoiz abandonatuko.

Publizitatea