Konponbideari begira

Analisiak

Darwin eta gu

'Torap doktrina'

 

2013-01-12 / Jose Mari Pastor

Mafia errusiarreko kideak epaitu dituzte aste honetan Donostian. Akusatu nagusia «gerrako ume baten semea» izan da. Hedabideek ez dute zehaztu, baina, antza denez, Euskal Herritik Sobietar Batasunera joandako haur haietako baten ondorengoa da. Fiskalak hamasei urteko zigorra eskatua zuen haren kontra. Azkenean, lau urte. Pena jaisteko, gaizkile talde bateko kidea dela aitortu behar izan du akusatuak, eta delituak egin dituela. Besterik ez. Gaizkilea mafioso errusiartzat jo dute, haren beste jatorria gehiegi nabarmendu gabe. Munduari eginiko ekarpena txalogarria izan balitz, segituan ikertuko genuen ama edo aita nondarra duen edo zuen. Baina mafioso baten kasuan...

Gurean mafiosorik ez baitago, Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako euskal herritarra ez bada. Antonio Basagoitik gogorarazi digu, euskal preso politikoen alde gaur Bilbon egingo den manifestazioaren harira. Basagoitiren arabera, euskal presoek bortxatzaileei eta mafiosoei ematen zaien tratu berdina jaso behar dute. Oker dago, baina. Donostian epaitutako mafiosoak gaizkile talde bateko kidea dela aitortu du. Ondorioz, hamasei urtetik lau urtera jaitsi diote zigorra. Horren erdia baino gehiago bete duenez, kalean izango da laster. Damutu barik. «Hau egin dut» esatea nahikoa izan da. «Eta harro nago» gehitzea besterik ez zuen falta. Oraintxe bertan sinatuko lukete hori euskal presoek. Epailearen aurrean «ETAko kidea naiz, hau eta hau egin dut», esan eta, damutu barik, zigorra leundu eta kalera. Parot doktrina, baina alderantziz. Torap doktrina, alegia. Ez dirudi Basagoiti hori proposatzen ari denik.

Basagoitik badaki euskal presoak ez daudela espetxean euren joera doilor eta makurrenak asebetetzeko eginiko delituengatik. Euskal gizarteak badaki hori. Baita presoen jarduerarekin edo pentsaerarekin bat ez datozen herritarrek ere. Basagoitiren konparaketak iraindu egin nahi du, mindu. Kemena izango luke PPkoak astero bi mila kilometro egin behar dituen edadeko emakumeari aurpegira esateko hori, alegia, semeak bortxatzaile batentzako moduko zigorra eta tratua merezi dituela? — —eta badakigu bortxatzaileei zer gertatzen zaien kartzelan—. Basagoitik delitu okerren eta arbuiagarrienen egileen pare jarri ditu euskal presoak. Ez du inoiz esango, ordea, Diaz Ferrani edo Urdangarini, epaitu eta erruduntzat joz gero, mafioso edo bortxatzaileentzako moduko zigorrak ezarri beharko litzaizkiekeela. Edo, susmagarri hutsak diren artean, euskal presoei ematen zaien tratu berdina jaso beharko luketela galdeketetan: jipoia, tortura edo eraso sexualak.

Urduri dago PP. Urduri dago Urkixo erregeordea, Eusko Legebiltzarrari esaten metropolira nor bidali behar duen senatari eta nor ez. Urduri dago EAJ ere, kartzela politikan izan zuen erantzukizuna ezkutatu nahian edo. Euskal presoen alde «gutxiago hitz egiteko eta lan gehiago egiteko» esan dio Josu Erkorekak ezker abertzaleari. Presoak sinetsi ezinik egongo dira, PSOErekin dispertsioa bultzatu zuen alderdia orain haien eskubideen defendatzailea dela ohartuta. Isilean lan egin beharra nabarmendu du Erkorekak. EAJk isilean itundu zuen dispertsioa eta ozenki defendatu. Ea oraingoan euskal presoak Euskal Herrira etortzea lortzen duen. Isilean edo ozenki, berdin dio. Baina protesta-gutunak bidali baino zerbait gehiago egin beharko du horretarako.

Ostegun eguerdia. «Gizajoak, presoak», esan du Espainiako irrati bateko esatariak. «Presoak defendatzen ari zara? Zerbait egingo zuten kartzelan egoteko», erantzun dio bigarren esatariak. «Nor defendatuko dut? Bankariak?», lehenak. Espainiako kazetari bat audientzia handiko irrati komertzial batean, presoen alde. Brasilgo presoen alde. Herrialde hartako poliziek katu bat atzeman dute Arapiracako kartzelan. Animaliak zerra orriak, zulagailuentzako ordezko piezak eta telefono mugikor bat zeramatzan gorputzean itsatsita, presoei pasatzeko. Lehen kazetaria presoez errukitu da. Bigarrena, aldiz, katuaz.

Publizitatea