Konponbideari begira

Analisiak

Plazatik

Puzzlea

 

2013-01-12 / Andoni Egaña

Politikari guztiak gela batean itxiko nituzke, eta handik irteten utzi ez, harik eta arazorik gordinenei irtenbidea emateko gauza diren arte». Horrelako esaldiak behin baino gehiagotan entzun izan dizkiegu herritarrei. Sofistikatu egingo nuke nik mehatxua. Puzzle handi bat osatzen jarriko nituzke guztiak gela berean, eta bukatu arte irteera galarazi.

Puzzle handiak egiteko ohitura duenak badaki une askotan bere burua amorratzen sumatuko duela, beroaldi batean ekin ziolako. Lan handia eskatzen du; ordu asko; txikikeria askori erreparatu beharra. Bere baitan agortzen den lana dirudi, gainera. Ez du «ezertarako» balio. Ez dituzu zeure eta lagunen etxeen paretak puzzlez beteko! Halatsu sumatzen ditut politikari asko joan den aste hauetan presoen arazoarekiko. Presoena beste norbaiti dagokion afera bailitzan. Gizartearen antolaketarekin zuzeneko zerikusirik ez duen zerbait balitz bezala. Konponduko balitz hobe, baina arriskatzeko eta norberetik zerbait jartzeko prestutasun urriaz.

Puzzle handiak egiteko ohitura duenak badaki helburuak hainbat balio duela osatzerakoan gainditutako zailtasunek, beste zernahi lanetarako ere irakasgaiak eskaintzen dizkiotela. Zaildu egingo da zailtasunei aurre egiteko; temosotasunaren alderdirik onenak deskubrituko ditu; luzerako hauspoa izateak zenbat balio duen frogatuko du. Presoen kontuan ere, arazo bat badagoela ukatzen duenak ez du herri hau ezagutzen, eta herri honengan nekez eragingo du politikan ez ezagutzatik. Arazo bat badela onartuarren gauzak berez konponduko direla uste duenak, berriz, bere burua engainatzen du, eta egonean goxo egoteko eskubide osoa badu ere, presoak dauden bezala dauden artean herri honek aurrera nekez egingo duela jakin behar luke.

Ertzetatik hasi behar da puzzleak osatzen. Gunekoa ahalik eta bizkorren ikusteko tentazioa oso da humanoa, baina pazientzia behar da, eta lan-metodoa. Ertzak bereizi behar dira lehenik beste hainbat piezaren artean, nabarmenenak haiexek direlako eta anabasa betean nondik ekina eskaintzen digutelako. Gaixotasun larriak dituzten presoak etxeratu; urrun eta sakabanaturik daudenak etxera hurbildu; legez kondena betea dutenak kalean utzi aske. Horiek dira ertzak. Hortik has daiteke zerbait konpontzen. Ertz horiek dira gaurko manifestaziorako pankartaren leloak. Ertz horiek ikusten ez dituenak ez du puzzlea osatzeko asmorik ere.

Hortik aurrerako zailtasunak handiagoak dira. Osatu duzu puzzlearen jirakoa, baina artean ehunka pieza dauzkazu dantzan, denak berdinak lehen begi-kolpera. Ez dakizu nondik ekin berriz ere. Baina halako batean harrapatuko duzu espero ez zenuen bide bat, eta erdiko piezaren batzuk jartzen hasiko zara. Preso guztiak aldi berean eta dekretuz ez direla irtengo ematen du. Ez da ikusten gaur-gaurkotik guztiak kalean egon daitezkeenik ere. Baina noizbait moduak eta epeak negoziatu beharko dira, batzuk aitzakietan eta besteak arrazoietan oinarrituko badira ere.

Puzzlea osatzeko une honetan, erdiko pieza horien nahaste-borrastean kaxako marrazkiari begiratu eta piezaz pieza non zein den begiratzea ez da metodorik eraginkorrena. Erotu egingo ginateke, eta bista galdu. Presoen kontuan ere, komeniko litzateke alderdi bakoitzak bere ohiko ereduei uko egin eta bestelako sentiberatasuna azaltzea. Urrats bakar bat egiteko ere bakoitza bere ereduari begira-begira badago, itsutu egingo da, eta ez aurrera ez atzera geratuko.

Koloreak askotan ematen du pista erabakigarria. Pieza mordoxka bat argixeagoa dela ohartuko zara, eta beste bat ilunxeagoa. Eta kolore desberdintasun hori gertatuko zaizu lagungarri. Presoen kontuan ere halatsu. Gaurko manifestazioko aldarrikapenak kolore askotakoek onartzeko modukoak dira. Bakarrekoak baino ez hurbiltzeak ez lioke lagunduko batere helburuari.

Ekin zenion puzzleari. Osatu zenituen ertzak. Topatu zenuen argi-izpiren bat gunerantz jotzeko. Erabaki zenuen ez zenuela marrazki-eredura joko derrigor. Koloreak lagungarri gertatu zitzaizkizun gero. Eta une horretan buruek duten garrantziaz jabetuko zara. Pieza bakoitza zeini itsatsi jakiterakoan buruak dira giltzarri. Handiagoa, txikiagoa, zut-zutik dagoena, ezkerretara etzana, eskuinetara amildua… Hemen amaitzen dira paralelismoak. Espero izatekoa da manifestazioan ez horrelakorik gertatzea. Buruak buru, jeltzale dezente izango da Bilboko kaleetan.

Publizitatea