Konponbideari begira

Analisiak

Euskal presoak. Bilboko manifestazioa. Iritzia

Denbora eta espazioa

 
Denbora eta espazioa ditu eguneroko gogoetagai kartzelan, sasian zein atzerrian bizi denak. Non nago, nola biziko naiz aurrera hiru pauso ezker eskuinetara bi urrats luzezabal den ziega honetan batek daki noiz arte, zenbat egun eman beharko ditut gordean, noiz itzuliko gara sorterrira. Egunen batean izen anbiziotsuago bat mereziko duen Autonomia honetan ez atzera ez aurrera gaude, jendetzaren jendetzaz geldi, herritarrok gatazka politiko eta armatuaren konponbiderako ezinbestekoa den euskal preso politikoen zein beraien senideen eskubideen alde geldi egoteko prest ez gaudela aldarrikatzeko. Berrehunek baino zero bat edo bi gehiagorako ematen duten manifestazioak burutu ditugu Euskal Herrian euskal preso politikoen eskubideen defentsan perfektua den espetxe politika honen kontra. Hitz asko eta lan gehiago, ageriko lan asko eta isilekoa zenbatezina. Elkarretaratze erraldoi hau orain artekoetatik bereiztekoa izan behar duela uste dugun milaka herritarroi gogoeta solte asko datozkigu orduotan. Protokolarioak diruditen «Baietz 120 mila egon! Honekin bai, honekin mugiaraziko ditugu seguru! Eta hau nahikoa ez bada? Udaletxera iristen garenerako amaituta egongo da» ezinbestekoekin batera, norberarenagoak diren beste zenbait datoz, aterkipera. Batzuoi Herrira noa emanaldietako testu zein kantuetatik datozkigu: Ihesa da presoaren ametsa. Hemen gaudenontzat sinonimo dira itxaropena eta ihesa. Lau koplatxuok jatozt, lantzean lantzean, adibidez zu ziegan imajinatzean. Atzerrira alde egitea ez da aste-santuko bakantzetako bidaia arrunta edo abenturazko trekking bat. Inor sekula itzuliko ez den bidaia bat da erbestea. Zenbat jende kaleetan, zenbat oihu ahoan, biok elkarri begira, denbora aurrera doa. Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Idazten didazunean postariak jakin dezan nik ere badudala herri bat, funtzionarioa konturatu dadin bera dela hemengoa den bakarra. Maite genuen gauzengatik erori ginen preso, baina gure maitasuna oraindik ez dago preso. Gure presoak hor daude beti, denbora beren leihopetik iragaiten da itsasontzi geldo bat bezala, eta ez dute etsiko, ez bi, ez bost, ez hamaika urtetan, galarrenan eskifaiak etsitzen ez duen bezala, porturaino eusteko. Esamesak beren ziegatara iristen dira: espainiar gobernuak edo bankeroek fanatiko edo terrorista direla esaten dute, iraultzaileek emankor eta heroi direla. Baina gure presoek badakite ez direla ez terrorista ez heroi, giza tamainako euskal neska mutilak direla soilik, eta giza tamainan duintasun asko kabitzen da. Badator eguna, lur hau kantu bat da eta urrats bakoitza, zureganantz doa. Abian da herri bat amets baten xerka. Hegazti errariak itzuli dira. Bihar, hemen, esan, idatzi, kantatu duguna betearazteko ordua da.

Publizitatea