Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Bilboko manifestazioa

Presoen auzian urratsak egitea premiazkoa dela nabarmendu dute

Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile hainbatekin batera izan dira, Bilbon, nazioarteko ordezkari ugari Mobilizazioaren indarra baliatzeko eskatu diete estatuei, bakebidean sakontzeko
Rufi Etxeberria, Ramon Labaien, Txaro Arteaga, Anjeles Iztueta, Tasio Erkizia eta Joseba Alvarez.
Rufi Etxeberria, Ramon Labaien, Txaro Arteaga, Anjeles Iztueta, Tasio Erkizia eta Joseba Alvarez. L. JAUREGIALTZO / ARP
Aterki eta lelo bakar baten babespean, euskal presoen eskubideen aldeko hitzak izan dituzte kolore eta jatorri askotako eragile politiko, sindikal eta sozialek. Nabarmendu dutenez, presoen korapiloa askatzea ezinbestekoa da bakebideak aurrera egingo badu.

PERNANDO BARRENA Ezker abertzaleko bozeramailea

«Ez da egongo normalizazio politikorik presoak askatu arte»

«Bakearen aldeko apologia egitera etorri gara. Urtebete pasatu da Aieteko bake konferentzia egin zela eta ETAk erabaki historikoa hartu zuenetik, eta berriro esatera gatoz herri honetan zabaldu den aro politiko berri honetan bakea lehentasuna dela eta, horrekin batera, normalizazio politikoa. Ez da egongo normalizazio politiko eta sozialik presoak askatu arte. Horrez gain, uste dugu beharrezkoa dela era honetako mobilizazioak baloratzea, hainbat destaina handiz esaten ari baitira ez dutela behatz bat ere mugituko presoen egoera alda dadin».

PELLO URIZAR EAko idazkari nagusia

«Politikoki bustitzeko garaia iritsi zaio EAJri»

«Euskal gizartearen gehiengo gero eta zabalago bat ari da esaten giza eskubide guztiak bermatu behar direla, irabazle eta galtzaile parametroak alde batera utzita. Gatazkaren ondorioek sortu dituzten giza eskubideen urratzeak amaitu behar dira. Eta zentzu horretan, PPk eta PSOEk kontrakoa esan arren, giza eskubideen alde eginiko mobilizazioa da hau. Bizikidetza eta adiskidetzea landuko baditugu, euskal presoen eskubideak errespetatu beharko dituzte. EAJk ere badaki azkenean mugitu beharko duela; bere oinarri sozialaren zati handi batek eskatzen dio. Politikoki bustitzeko garaia iritsi zaio EAJri».

LAURA MINTEGI EH Bilduko legebiltzarkidea

«Bakegintza eta normalizazio politikoaren ardatzetako bat da presoen auzia»

«Manifestazio plural, zabal eta kolore askotariko baten aurrean gaude, gai hau ardatza delako bakegintzan eta normalizazio politikoan. Hitz egin beharko dugu gatazkak utzi dituen ondorio eta arazoez, eta hitz egin beharko dugu ere zergatiez. Zergatik iritsi garen egoera honetara, eta zer egin behar dugun orain Euskal Herria eraikitzeko».

PATXI ZABALETA Aralarreko bateratzaile nagusia

«Gaurko deiadarrak ekarri beharko luke bihartik aurrera egoera aldatzea»

«Bilboko manifestazio honen bitartez, dei bat egin nahi genioke agintaritzari eta euskal gizarteari. Entzun dezatela herriak dioena, jendeak kaleotan dioena. Giza eskubideen aldeko deiadarra da gaurkoa [atzokoa], euskal presoek behar duten aterabidean urratsak egitearen aldekoa, indarkeria mota guztien biktimei zor baitzaie errespetua. Gaurko deiadarrak ekarri beharko luke bihartik aurrera egoera aldatzea».

OSCAR MATUTE Alternatibako bozeramailea

«Interes alderdikoien gainetik dagoen eskabidea dela ulertu behar dute estatuek»

«Gaurko manifestazio arrakastatsuan ozen entzun da herritarren aldarria. Eta aldarri horrek oinarrizko hiru eskaera jasotzen ditu: lehenik eta behin, dispertsioa amaitzeko eta euskal presoak luze gabe etxeratzeko; bigarrenik, gaixotasun sendaezinak dauzkaten presoak berehala kaleratzeko; eta hirugarrenik, zigorrak beteak dauzkaten presoak albait arinen aske uzteko.Interes alderdikoien gainetik dagoen eskabidea da, eta halaxe ulertu behar dute estatuek».

MERTXE COLINA Abertzaleen Batasuneko koordinatzailea

«Jarri ditugun indarrak baliatu behar dituzte estatuek demokrazia egia bihurtzeko»

«Tradizio bihurtzen ari da manifestazio hau, zoritxarrez. Baina, zorionez ere, indartsu gaude, gero eta gehiago garelako presoen auziari aterabidea eman nahi diogunak. Azpimarratu nahi dut egoera errotik aldatu dela azken urteetan, eta bake prozesuaren etekinak denontzat izan behar direla, ez bakar batzuentzat. Herri honek merezi du. Horregatik, estatuei esan behar diegu jarri ditugun indarrak baliatzeko demokrazia egia bihurtzeko».

YVETTE DEBARDIEUX Frantziako Alderdi Komunistako kidea

«Bakearen bidean ezin da beste bidezidorrik topatu»

«Bakearen aukera babesten duten kideentzat garrantzitsua da hemen elkartzea. Bake bidean ezin da beste bidezidorrik topatu, euskal presoen arazoari irtenbidea eman gabe. Batzea eta manifestatzea garrantzitsua da, agintari frantses eta espainiarrei erakusteko ezin dela ezer egin presoak ez badira hurbiltzen».

GOTZONE REKONDO Eusko Ekintzako kidea

«Amnistia da aukera bakarra preso eta iheslarientzat»

«Gatazka konponduko bada, amnistia da aukera bakarra euskal preso eta iheslarientzat. Frantzia eta Espainiako legeek aldatu egin behar dituzte horretarako, baina, bien bitartean, gaur egungo legeak betearazteko eta presoak Euskal Herriratzeko eskatzen dugu. Baita preso gaixoak askatzeko ere. Indar korrelazio estrategia baten bitartez lortuko dugu, eta Eusko Ekintza prest dago halako egoerak ekarriko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko».

ADOLFO MUÑOZ ELAko idazkari nagusia

«Eskubideak historikoki kalean lortu dira; presoen eskubideak horrela eskuratuko ditugu»

«Egun dauzkagun eskubideak kalean lortu dira, eta presoen eskubideak eta Euskal Herriaren normalizazioa ere horrela lortuko ditugu. Beraz, presoen eskubideak ez dira lortuko mobilizaziorik gabe eta jendea kalera erakarri gabe. Espainia eta Frantziako estatuetan ez dugu sumatzen inolako aldaketarik eta borondaterik, eta ez dugu ulertzen batzuek zergatik dioten gauzak aldatzen ari direla. Beraz, funtsezkoak dira hemen egitek ditugun manifestazioak».

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Ordezkaritza politiko bat ez da etorri, gatazka konpontzeko borondaterik ez duelako»

«Euskal Herriak gatazka konpontzeko beharrezkoa zen egoera sortu du, eta hor pausoak eman behar dira. Estatuek argi adierazi dute ez dutela horrelakorik nahi, baina hemen asko gara gatazka hori konpondu nahi dugunak. Beraz, hemen egoteko behar da Euskal Herriarekin konpromiso minimo bat. Eta konponbidea euskal presoei euren eskubideak emanda iritsiko denez, eta hori izanik nazioarte mailan partekatzen den aldarrikapena, gaur hona etortzeko konpromiso minimoa behar da. Galdera da gaur ordezkaritza politiko bat zergatik ez dagoen hemen; hori norbaitek erantzun beharko luke. Gure erantzuna: gatazka konpontzeko borondate gutxi daukatela».

JESUS UZKUDUN Euskadiko CCOOko kidea

«Aliantzak biltzen jarraitu behar dugu euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko»

«Gizatasun pixka bat behar da gaixo dauden presoak kaleratzeko. Bestetik, Parot doktrina astakeria bat iruditzen zaidalako, eta legeak eskatzen du euskal presoak Euskal Herrira hurbildu behar direla bakean aurrera jarraitzeko. Eta, horregatik, zalantzak alde batera utzi eta erantzun egin behar da. Manifestazioak horretarako balio du, eta, batez ere, aurrera begira aliantzak zabaltzen eta indarrak biltzen jarraitu behar dugu helburu hori lortzeko».

JOSU BALMASEDA ESKko idazkari nagusia

«Ez da posible kartzela politika hiltzaile hori mantentzea»

«Beti egon gara eskubide guztien alde, eta, nola ez, hemen gaude presoen eskubideen alde. Ez da posible momentu honetan kartzela politika hiltzaile horri eustea. Gizartearen mugimendua baliagarria izan da beti, eta gaurkoa gobernuak mugitzeko beharrezkoa izango da. Batzuk falta dira manifestazioan, baina etorkizunean ziur egongo direla».

IKOITZ ARRESE Ikasle Abertzaleen bozeramailea

«Mobilizazio guztiak dira onak presioa egin ahal izateko»

«Ikasleok manifestazio honetan egoteko beharra ikusi dugu. Batez ere, Euskal Herria konponbidearen bidean kokatu nahi badugu, giza eskubide eta bakearen aldeko manifestazio honetan egon beharra ikusten genuen. Mobilizazio guztiak onak dira presio egiteko, eta Baionan egin zen bezala, ikus dadila hemen herri bat badagoela nazioarteko atxikimenduekin presoen alde borrokatzeko prest dagoena».

AURORE MARTIN Ezker abertzaleko kidea

«Nire kasuak argi frogatu du indar asko batuz gobernu bat plegatzen ahal dela»

«Milaka jende bildu gara, estatuei eskatzeko urratsak egiteko euskal presoen auzian. Herritarren indar erakustaldia da gaurkoa. Beharrezkoa da. Nire kasuak argi frogatzen du herri harresiak baduela eragina, eta indar asko batuz gobernu bat plegatzen ahal dela».

RAMON LABAIEN Donostiako alkate ohia

«Herri baten oihua da, zor zaion justizia eske»

«Herri baten oihua da hau, justizia eske. Herri honi zor zaio. Espainiako eta Frantziako gobernuek kasu egin beharko liokete, baina ez diote egingo. Ez dut batere federik. Baina segitu behar dugu mobilizatzen, negoziatzen. Mendean gauden bitartean, segituko dugu».

ANJELES IZTUETA Hezkuntza sailburu ohia

«Herriaren indarretik etorriko da konponbidea»

«Herriaren indarretik etorriko da konponbidea. Mundu osoan ikusiko da argazkia, eta, zoritxarrez, egun batetik bestera ez du ezer mugituko Parisen eta Madrilen, baina beharrezkoak dira horrelako indar erakustaldiak gauzak aldatuz joateko».

JOAN TARDA ERCko diputatua Espainiako Kongresuan

«Lotsagarria da egungo egoeran Espainiako Gobernuak ezer egin ez izana»

«Gatazkaren irtenbidean konprometituta gaude, eta horrek giza eskubideen alde egotea esan nahi du. Hau da, euskal presoen egoera konpontzea ezinbestekoa dela uste dugu, eta horregatik, aspalditik bezala, Bilbora etorri gara. Une honetan Euskal Herrian bizi den egoeran, gainera, Espainiako Gobernuak ezer egin ez izana lotsagarria da, are gehiago, legegintzaldi honetan alderdi abertzaleek egoera hori aldatzeko eskaintza egin ziotenean gobernuari. Arazoak konpontzeko ildoa jorratu behar da, baina, tamalez, blokeatuta dago egoera hori. Beraz, horrek guztiak sufrimendua luzatu eta areagotzen du. Lotsagarria, benetan».

DAVID FERNANDEZ Kataluniako CUPeko legebiltzarkidea

«Errepresioaren arkitektura desegiteko garaia da»

«Euskal Herrian azken hamar urteetan ezarri duten kartzela politika indargabetzeko, preso gaixoak askatzeko eta gerra garaiko doktrina eta neurriak bertan behera uzteko eskatzera etorri gara Herrialde Katalanetatik. Erabateko salbuespen egoera izan du Euskal Herriak, eta bada garaia errepresioan oinarritutako arkitektura hori guztia desegiten hasteko, giza eskubideak bete-betean zanpatzen baititu».

FRANCESC MATAS Kataluniako Izquierda Unidako kidea

«Presoen askatasunaren alde gaude, Otegirengandik hasita»

«Azken hamar urtetatik Euskal Herriko prozesu demokratiko baten alde egin dugu, eta Kataluniako beste erakunde politiko eta sindikalekin kontu hori partekatu dugu. Presoen askatasunaren alde gaude Arnaldo Otegirengandik hasita. Parot doktrinaren aurkako jarrera daukagu, baita Alderdien Legearen aurkakoa ere».

ALICE LEIZIAGEZAHAR Ecologie les Verts, Akitaniako kontseilaria

«Presoen gerturatzea lehen pausoa da bake bidean»

«Presoen gerturatzea garrantzitsua da lehen pauso gisa, ondoren aurrera jarraitu ahal izateko. Hori ezinbestekoa izango da bake prozesuak aurrera egingo badu».

ALI DOGAN Kurduen Bordeleko Kultur Elkarteko kidea

«Espainiak eta Frantziak ez daukate demokraziarekin inolako loturarik»

«Euskal presoekin elkartasuna erakutsi nahi dugu, Espainia eta Frantziako gobernuek jarrera onartezina delako. Ez daukate demokraziarekin inolako loturarik, herrialde demokratak direla esaten badute ere. Turkian ere 12.000 preso politiko kurdu daude, eta aste honetan hiru kide erail dizkigute; horregatik, garrantzitsua da gaur hemen egotea, eta gure ahaide euskaldunekin elkartasuna erakustea».