Euskal presoak. Bilboko manifestazioa
Uholdea Bilbon
Erraldoia izan da Herrira-k antolatutako manifestazioa; espetxe politika aldatzeko eta konponbidea sustatzeko eskatu dute Euskal presoak etxeratzearen aldeko oihuak errepikatu dira gehien
2013-01-13 / Aitziber Laskibar Lizarribar
Gainezka egin dute, aurten ere, Bilboko kalerik nagusienek. Txiki geratu dira, bestelako espetxe politika bat eskatu eta konponbidearen alde manifestatzera Euskal Herriko txoko guztietatik zein nazioartetik Bilbora joandako milaka, milaka eta milaka herritar jasotzeko.
17:30 pasatxo zirela Casillatik abiatutako protestaren burua 19:00 aldera iritsi da udaletxe aurrera, ordurako beteta zegoen plazan sartzeko lekua egin ezinik. Abiapuntutik metro gutxira zegoen artean atzealdea: Autonomia kaleko 32. zenbaki parean. Ibilbide horretan guztian, lepo egon dira bai errepidea, bai espaloiak. BERRIAk egindako kalkuluen arabera, 34.980 metro koadro inguru okupatu dute manifestariek — 31.600 izan ziren iaz—, eta burua udaletxera iritsi denean, atzealdea 1,9 kilometro atzerago zegoen.
Manifestazioaren aurretik, beste martxa paralelo bat egin dute manifestari askok helmugaraino, buruaren atzean sartzeko zailtasunengatik. Milaka herritarrek Casillatik hasi dute martxa, espero bezala. Baina beste milaka lagunek Autonomian zehar, Zabalburun, zein Hurtado Ametzagan itxaron diote protestari. Beste milaka batzuk, helmugan bertan. Protesta udaletxe aurrera iritsi denerako, lepo beteta zegoen plaza osoa.
Herrira mugimenduak jarritako ordurako ordubete falta zela, jendetza zegoen Casilla inguruetan. Alboetako kaleetatik etengabea zen etorria, kafetegiak gainezka zeuden, eta Casilla aurreko plaza, herritar xumez zein eragileetako ordezkariz beteta.
Alderdi eta eragileetako kideek bertan egin dute topo. Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari izandakoak eta Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu ohiak, esaterako, sutsu besarkatu dute Ramon Labaien Donostiako alkate ohia. Adeitsu aritu dira guztiak multzo berean hizketan.
Dozenaka izan dira Casilla aurreko plazan bildutako politikariak. Besteak beste, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Pernando Barrena eta Aurore Martin; EAko Pello Urizar eta Unai Ziarreta; Aralarreko Patxi Zabaleta eta Dani Maeztu; Alternatibako Oskar Matute; ABko Mertxe Colina; EH Bilduko Laura Mintegi; eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurrekoa. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia inguruetan izan da ondoren martxara batzeko, eta Javier Madrazo Ezker Batukoa ere bai.
Nazioarteko ordezkariak ere bildu dira plazan: esate baterako, Joan Tarda ERCko diputatua, David Fernandez CUPeko legebiltzarkidea eta kurduen eskubideen aldeko ordezkariak. Horiek bere herriko preso politikoen aldeko sinadurak biltzeko baliatu dute aukera. Ordezkari politikoen adierazpenak jasotzen ere, nazioarteko hedabideetako langile ugari izan dira; horietako batzuk, manifestaziorako espresuki etorriak: Australiako kazetariak, Al Jazeera-koak, Canal Plus France-koak eta France Press-ekoak, adibidez.
Hainbat sindikatutako ordezkariak ere bildu dira protestara. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Jesus Uzkudun CCOOko kidea, esaterako.
Martxa bera hitzordutik bost bat minutu igaro zirela abiatu da. Bederatzi furgoneta joan dira aurretik. «Alicante 780 km» du idatzia batek; «Clairveaux 945 km», besteak; «Cordoba 850 km»; «Huelva 995 km»; «Almeria 1.040 km»; «Joux la Ville 945 km»; «Murtzia 850 km»; «Granada 875 km».
Mirentxin gidariak dira. Astebururo, presoen senideak furgonetetan zenbait espetxetara eramaten dituztenak. Senideei bidaia errazteko, furgonetak hartu eta milaka kilometro musu truk egiten dituzten boluntarioak. Astebururo nora joaten diren dute idatzia, eta abiapuntutik espetxera dituzten kilometroak.
Martxaren irudiak hartzeko Herrira-k hedabideentzat jarritako bi pisuko autobusa joan da ondoren. Atzetik, Etxerat-eko kideak. Ehunka. Bost multzotan banatuta, ilara luzeak osatu dituzte preso, iheslari eta deportatuen senideek. Horiek izan dira txalo zaparrada handienak eta oihurik ozenenak eragin dituztenak. Euskal presoak etxera!, entzun da ibilbide osoan horiek igaro ahala.
Mobilizazioaren leloa ondoren zetorren, sustatzaileek eutsita: Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira. Atzetik, milaka herritar. Zabalburura iritsi aurretik hasi du euria. Langarra hasieran, zaparrada etengabea amaierarako. Baina gutxi izan dira manifestaziotik joan direnak. Eutsi egin diote ia denek, aterki azpian. Antolatzaileek lanak izan dituzte protestaren zain zeudenen artean martxari leku egiteko, eta pixkanaka egin du aurrera jendetzak.
Plaza Biribilean, beste hainbat aldarri egin dituzte dozenaka lagunek, pankarta eta guzti. Euskal gazteriaren alde 19an Donostian egingo den manifestaziora deitu dute batzuek; asteon Parisen hil dituzten hiru kurduei elkartasuna adierazi diete beste batzuek; larriki gaixo dagoen Txus Martin presoa askatzeko ere eskatu dute; eta beste zenbaitek aprobetxatu dute iragartzeko ekainaren 2an Oiartzunen presoekiko elkartasun lasterketa egingo dutela.