Konponbideari begira

Analisiak

Handik eta hemendik

Geometria berriak

 

2012-12-30 / Imanol Murua Uria

Garai batean askotan entzuna: bazoaz atzerrira aste pare baterako eta, Euskal Herrira itzultzen zarenean, dena aldatua dagoela iruditzen zaizu, tarte horretan handiak gertatu direla; bazoaz ordea urtebeterako, itzultzen zara, eta dena berdin dagoela iruditzen zaizu, ezer ez dela aldatu, gutxiago konpondu. Baina ez da beti egia. Hango eta hemengo kontuei Atlantikoaren beste aldetik begiratzen ia bi urte egin ondoren atzera alde honetara etorrita, ezin esango dut bi urteotan ezer aldatu ez denik, denak berdin jarraitzen duenik.

Begira Gipuzkoako Batzar Nagusiei, Martin Garitano eta Rafaela Romero elkarri bostekoa ematen ageri direneko argazkiari. Gogoratzen Gemma Zabaletaren bakardadea ezker abertzalearen eta alderdi sozialistaren arteko elkar ulertzearen alde hitz egiten zuenean? Jesus Egigurenek ere esan omen zion Arnaldo Otegiri Txillarreko baserrian eta Loiolako mahaian egin zituzten elkarrizketa haietako batzuetan, elkarrekin konpontzen hasteko garaia zutela adierazte aldera: «Gu hiletatik hiletara gabiltza, zuek kartzelatik kartzelara, eta, bitartean, EAJkoak beti agintean». Baina lubaki banatan zeuden, elkarren aurkako gerra. Ezinezkoa zen, eta kito. Orain, posible da. Foru aldundietako bateko urte bateko aurrekontu proiektuaren eta zerga sistemaren erreformaren gaineko akordioa besterik ez da, ados, baina garai guztiz berrien sinboloetako bat da ezkerreko abertzaleen eta konstituzionalista sozialisten arteko elkarlanaren posibilitate hutsa.

Baten batek geometria aldagarria deitu dion horretan mugitzeko moduan da, azkenean, euskal politikagintza. Hiru egiteko nagusi antzematen dira hastekoa den urte berrian (eta hurrengoetan): krisi ekonomikoari aurre egin, bake prozesua garatu, esparru politikoa berritu. Eskozia eta Katalunia pauso finkoz bidea egiten ari diren honetan, ikuspegi independentistatik ez dago haien lorratza guztiz galtzerik, baina gatazka armatu itzali berriari kea dario oraindik, eta ke hori garbitu beharra dago ortzemuga politikoa eskoziarren eta katalanen argitasunarekin ikusi ahal izateko. Alegia: lehentasuna, krisiaz gain, bakegintzak du. Eta geometria aldagarriak errail honetan ere funtzionatzen hasi beharko luke. Krisiari aurre egiteko politiketan bidelagun direnak ez dira akaso horren bidelagun izango bake prozesua bultzatzeko ekimenetan edota esparru politiko berrirako bidea egiteko ahaleginean. Eta alderantziz, ekonomia eta gizarte politikatan urruti daudenak gertuago egongo bide dira klabe nazionalean jokatuko diren gaietan. Baina gai ekonomikoagoetan adostasunak lortzeko egiten den lanak eta ehuntzen diren konplizitateek ez dute kalterik egingo bestelako auzietan gerturatzen hasteko.

Aurore Martinen auziak eta Baionako Foroak erakutsi zuten Bidasoaz iparraldera geometria politikoak ez direla hegoaldean bezain zurrunak. Gipuzkoako Batzar Nagusietako argazkia urruti dago Baionan-eta ikusitakoetatik, baina geometria aldagarria funtzionatzen hasi den seinale bada behintzat. Artikulu hau bukatzen ari naizela, abenduaren 28ko iluntzea, Joseba Permachek Twitterren: «Gasteizko Udalak preso gaixoak askatzearen aldeko mozioa onartu du EAJren, EH Bilduren eta... PSE-EEren botoekin». Inozente Eguneko albistea, pentsatuko genuke orain ez hain aspaldi.

Publizitatea