Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

606 euskal presorekin amaituko da urtea

Etxerat-ek abenduko hilabetekarian salatu du gaixotasun larriko 13 preso daudela eta 88 presori bizi osoko zigorra ezarri dietela Herrira mugimenduak urtarrilaren 12ko manifestazioaren alde egin du Iruñean
Urteko azken ostiraleko elkarretaratzea, Iruñeko Sarasate pasealekuan.
Urteko azken ostiraleko elkarretaratzea, Iruñeko Sarasate pasealekuan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2012-12-29 / Joxerra Senar

Etxerat elkartearen arabera, abendu amaiera honetan 606 euskal preso daude 84 espetxetan banatuta, gehien-gehienak Espainiako (445 preso) eta Frantziako kartzeletan (134 preso). Beste bederatzi preso, beste herrialde batzuetako kartzelaren batean daude. Kolektibo zabal horretatik zazpi preso baino ez daude Euskal Herriko espetxeetan, eta 11 preso etxean konfinatuta daude. Horiexek dira euskal presoen egoera eta espetxeetako sakabanaketa laburbiltzen duten zifra gordinak. Etxerat-ek abenduko bere hilabetekarian gogora ekarri nahi izan du «zigorrezko politika hori» senide eta lagunei ere ezartzen zaiela. «Euskal jendartearen gehiengoak esperantza garai berriak bizi dituen honetan, guk egunero pixkanaka okerrera egiten duen errealitate krudela bizi dugu».

Euskal presoen eskubide urratzeen gaineko azterketa egin du Etxerat-ek hilabetekarian. Egun, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru preso daude. Adibide gisa, azaroaren 24an Frantziako Saint Maur espetxean Jon Bienzobasekin gertatukoa jarri du. Hamar egun lehenago sudurrean ebakuntza bat izan eta 19:00etan sudurretik odola botatzen hasi zen. Nahiz eta egoeraren berri eman, ez zioten jaramonik egin, harik eta goizaldean, zazpi ordu beranduago, hemorragia handituz hasi zen arte. «Ahotik odol koaguluak eta guzti botatzen hasi zen», eta funtzionarioak urduritzen hasi ziren. Azkenik, 06:30ean eraman zuten larrialdietara. «Hasieran larriegia ez zen arazoa bat, hil edo biziko kontu bat izan daiteke arreta medikoaren faltagatik», ohartarazi du Etxerat-ek.

Bizi osoko zigorra 88 presori

Abenduaren 3tik Ramon Uribe preso usurbildarra eta Juan Ramon Rojo irundarra aske behar zuketen, eta Juan Lorenzo Lasa ere laster zen irtetekoa. Alabaina, azken unean, hirurei bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete, eta jada 88 dira 197/2006 doktrinaren menpe diren presoak. Jakes Esnal, Frederik Haranburu eta Jon Kepa Parot dira horietatik hiru; hirurak Frantziako espetxeetan daude. Etxerat-ek gogora ekarri duenez, aurten Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina bertan behera uztea ebatzi du, baina Auzitegi Nazionalak 197/2006 doktrinaren aurkako helegiteak atzera botatzen ditu oraindik ere.

Era berean, 138 euskal presok zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dauzkate Etxerat-en arabera. Gainera, Etxerat-ek salatu duenez, Frantzian zein Espainian presoak bakartu egiten dituzte: «Isolamenduaren aplikazio zorrotza euskal preso politikoen bereizgarria da». Hamabost preso dira, guztira.

Gainera, beste hainbat eskubideren urratzea ere salatu du Etxerat-ek. Adibidez, Aitor Kortazarren kasua azaldu dute. 2003an atxilotu zuten, eta abenduaren 22an zigorra osorik bete arren, Frantzian jarraitzen du, Fresnesen. «Ez dute aske utzi, eta ez presoak ezta haren senide eta abokatuak ere ez dute ulertzen zergatia». Helegitea jarri dute, baina Eguberrietako jaiegunek atzeratu egin dute tramitazioa.

Lierni Armendariz eta Oroitz Salegiren kasua ere salatu du. Biak guraso izan aurretik, Mansillako espetxean zeuden, baina haurra izan baino bi hilabete lehenago Armendariz Aranjuez ko kartzelara aldatu zuten. Ordutik, hirurak elkartzeko ahaleginak egin dituzte, baina Salegik oraindik ez du ezagutu bere semea. «Aitatasun zein familia osatzeko eskubideak ere urratzen dira».

Abenduaren 15ean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari izateko inbestidura saioan, Etxerat-eko kideek gutun bat helarazi zioten. «Egoera aldatu ahal izateko inplikazioa eskatzen zitzaion. Jada ez baitugu justifikaziorik onartzen, jada ez dago aitzakiarik». Espetxe politikaren ondorioak arintzeko ere eskatu zioten Urkulluri.

Urteko azken ostirala

Urteko azken ostirala izaki, Herrira-k presoen eskubideen aldeko ekitaldi berezi bat egin du Iruñean, parlamentuaren aurrean. Eguerdian hasita, zortzi orduko elkarretaratzea izan zen. Hasieran, Fran Balda eta Maider Caminos Herrira-ko kideek «besarkada eta txaloak» helarazi zizkieten asteburuan milaka kilometro egingo dituzten presoen senide eta lagunei. Baldak azpimarratu zuenez, «oraindik ere preso eta iheslarien eskubideen eremuan ez da inondik inora pausorik eman».

Haren ustez, horrek Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera zein den erakusten du. Egoera guztiz iraultzeko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen, eta, horregatik, dei egin zuen urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziora joateko. «Gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari gara, eta adierazle izanen den jendearen borondatea eta nahia adieraziko dugu».

Bilbon ere elkarretaratze berezia egin zuten urteko azken ostiralean. Bilboko auzoetatik sei zutabe irten ziren, Arriaga plazan elkartzeko. 500 lagunek hartu zuten parte bertan, eta, gainera, 100 lagun izan ziren Sabin Etxean.

Euskal Herriko herri eta hiri askotan egin ziren elkarretaratzeak; besteak beste, hauetan: Zeberion (42 lagun bildu ziren), Elorrion (106), Durangon (260), Sondikan (17), Erandion (76), Bakion (49), Mungian (50), Larrabetzun (113), Gasteizen (830), Zuian (50), Otxandion (55), Lezon (45), Irunen (350), Zarautzen (180), Getarian (72), Zumaian (75), Zaldibian (178), Arrasaten (350), Deban (200), Anoetan (38), Berrobin (12), Berastegin (31), Gaztelun (14), Ibarran (60), Ikaztegietan (20), Iruran (25), Leaburu-Txaraman (8), Lizartzan (43), Tolosan (80), Zizurkilen (46), Berriozarren (40) eta Irurtzunen (28). Elkarretaratzeez gain, izan ziren bestelako mobilizazioak ere: Arrasaten, hamabi orduz aritu ziren furgoneta batekin herrian zehar, urtarrilaren 12ko manifestaziora deituz. Deban, berriz, ekitaldia egin zuten 200 lagun inguruk.

Informazio osagarria

Publizitatea