Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

Frantziako eta Espainiako gobernuei aurre egiteko eskatu dio EPPK-k Urkulluri

«Ordezkatzen duen Euskal Herriaren nahi eta eskaerei positiboki erantzuteko erronka» duela esan dio

2012-12-29 / Erredakzioa

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eskatu dio «gatazkaren konponbidean herritarren interesen alde erabakitasunez ekiteko» eta «herritarren mandatu eta babesarekin, Frantzia zein Espainiako gobernuei aurre egiteko» eskatzeko. BERRIAra igorritako agiri baten bidez, «Egoera politiko berria plazaratu eta aukera politiko berrietarako baldintzak ezarri» direla aitortu arren, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera salatu du irmo EPPK-k; izan ere, uste baitu «hasitako prozesuan inplikatu baino gehiago, aurreko egoeran bageunde bezala itsuki, enfrentamendu armatuaren gakoetan ainguratuta» daudela.

«Bi-biek gatazkaren ondorioei heltzeko inongo asmorik gabe, espetxe politika blokeo politikoaren ardatz bilakatu nahi dute. Prozesuaren kontrako aingura», adierazi du euskal presoen kolektiboak, baina gogorarazi du «inolako aitzakiarik» ez dutela sakabanaketa mantentzeko, «ez politikorik, eta are gutxiago legalik».

EPPK-k iragarri du gaur baraua egingo dutela; urtarrilaren 12an, berriz, Bilboko manifestazioari begira «komunikazio greba» egingo dute, eta, hala, bisita oro bertan behera utziko. Hilero, gainera, hirugarren ostiralean, 197/2006 doktrinaren aurkako ekintzak egingo dituzte urtean osoan.

Hona, hitzez hitz, EPPK-k BERRIAra igorritako agiria:

«Hilabete luzeak joan dira gatazka politikoaren gakoak aldatu direnetik. Egoera politiko berria plazaratu eta aukera politiko berrietarako baldintzak ezarri direnetik. Aieteko adierazpenak, ETAren erabakiak, euskal jendartearen eta nazioarteko eragileen inplikazioak ibilbide berria erakutsi digutenetik.

Gasteizko parlamenturako hauteskundeetan ibilbide hori indartuta atera da.EH Bilduk indartsu okupatu ditu jesarlekuak ardura handia bereganatuz. Lehendakari berriak, ordezkatzen duen Euskal Herriaren nahi eta eskaerei positiboki erantzuteko erronka du, gatazkaren konponbidean herritarren interesen alde erabakitasunez ekiteko. Orain aukera ezin hobea du sakabanaketa amaiarazi, espetxe politika aldarazi eta prozesua indartzeko. Hautua egin, herritarren mandatu eta babesarekin Frantzia zein Espainiako gobernuei aurre egiteko.

EPPK-k zuzenean dagokion eremutik, marraztutako norabidean ekarpena egin du. Posizionamendu politikoa gaurkotuz, akordioa izenpetzetik gaurdainoko ibilbidean prozesu politikoan sakonduz. Barne zein kanpo antolakuntza, zuzendaritza eta mintzakidetzarekin sendotuz eta zabalduz. Bitartekarien bidez, eragile sozial eta politikoekiko hartuemanak berreskuratuz. Iazko urte bukaerako ekimenekin eztabaida politikoan kokatuz eta mugimenduak eraginez. Aldi berean, euskal gizarte eta eragileekin batera, Josu Uribetxebarriaren etxeratzea ahalbidetu zuen borrokaldia gauzatu eta garaipen bikaina lortuz. Beraz, neurrien aurrean irmo eta prozesuaren garapena sustatzeko urratsak egiten. Zailtasunen gainetik, urtebetean egindako urratsak hor dira. Jarritako oinarriak jauzi berrietarako baldintzetan kokatzen gaitu.

Kontrara, Espainiako eta Frantziako Gobernuak bere horretan dira, irekitako prozesuan inplikatu baino, aurreko egoeran bageunde bezala itsuki, enfrentamendu armatuaren gakoetan ainguratuta. Lehena, gako antiterroristan oinarritutako diskurtso eta posizio itxienarekin; bigarrena, bere menpeko euskal lurraldetan aurrekaririk gabeko adostasun zabal eta aukera politikoen beldur bailitzan,errepresio gosez oldarturik, Espainiarekiko lerrokatzea irudikatzen.Biak bortitz oso.

Bi biek gatazkaren ondorioei heltzeko inongo asmorik gabe, espetxe politika blokeo politikoaren ardatz bilakatu nahi dute. Prozesuaren kontrako aingura. Espainiaren kasuan, bizi duten krisi politiko orokortua saihesteko euskarri politiko gisa. Beste garaipen edota arrakastarik eskaintzerik ez duten honetan, tinkotasun adierazle gisa.

Aldiz, inolako aitzakiarik ez dute sakabanaketa mantentzeko, ez politiko are gutxiago legalik. Estatuoi dagokie salbuespeneko egoera eta neurri oro indargabetzea. Sakabanaketa amaitzea, euskal presoak Euskal Herriratzea. Marko legal antiterrorista eta bere ondorioak indargabetzea, auzi politikoak amaitzea. Estrasburgoko erabakiaren aurka preso eta bahitu gisa mantentzen dituzten guztiak berehala askatzea, gaixotasunekin direnak etxeratzea…

Gure helburua libre bizitzea da, Euskal Herri librean. Borrokatzeagatik espetxeratu gaituzte eta borrokatzen segitzen dugu. Hain zuzen, euskal militante politiko eta herritar bezala gure herriaren eraikuntzan parte hartu nahi dugulako kaletik. Gure indarra gainerako herritarrenari erantsi nahi diogulako. Euskal jendarteak hori ulertzen du eta positiboki barneratu du.

Helburu horri begira Kolektiboaren apustu politikoa lehenik sakabanaketa amaitzea da. Euskal Herrian denok biltzeak bestelako baldintzak sortu eta aukera berriak erraztuko dituelako alde guztientzat. 1996ko otsailaz geroztik Euskal Herriratzeko etenik gabeko dinamikan murgilduak gara.Orain, euskal jendartearen eta eragile sozial, politiko eta instituzionalekin batera urrats erabakigarriak egiteko garaian gaude. Jokoan duguna ez da gure egoera hobetzea, jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna da, etsaiak temati eta arduragabeki zapuztu nahi duena eta lor dezan inork permititu ezin duguna.

Agiri honen bidez, 2013ari begira dinamika berritua iragartzera gatoz:

-Abenduaren 29an barau eguna egingo dugu espetxe guztietan sakabanaketa amaitu eta Euskal Herriratzea aldarrikatzeko.

-Urtarrilaren 12an, Bilbon deitua den mobilizazio erraldoiaren egunean komunikazio greba burutuko dugu, bisita oro bertan behera utziz. Senide eta lagunekin, herritarrekin,Bilbon izango gara. Hitzordu garrantzitsu honek auzo herri eta maila orotan,dinamika iraunkor eta eraginkorra ekarri behar du. Guztiok mobiliza gaitezen deialdi berezia egin nahi dugu, guztion esku dago eta egoera iraultzea.

-Urtarriletik aurrera hileko hirugarren ostiralean doktrinapean bahiturik direnak berehala kaleratzeko eta kondizionalean daudenak ere kaleratzeko ekimenak burutuko ditugu. Hileko azken ostiralean Euskal Herriratuak izateko ekimenak.

EPPK, 2012ko abendua».

Publizitatea