Konponbideari begira

Analisiak

Baionako Bake Foroa. Analisia

Bakearen anfiteatroa

 

2012-12-16 / Pello Urzelai

Galdera nagusi bat izan da airean Baionako Bake Foroaren areto nagusian. Zer egin estatuen blokeo jarrera aldatzeko? Edo Andy Carl adituaren hitzak erabiliz, «nola lortu gobernu batek egitea egin nahi ez duena?». Galdera nagusi horri kezka bat erantsi zaio: denborak eragindako higadura. «Luze egiten hasi zait; azkartu egin behar dugu», aitortu du Ray Kendallek arratsaldeko mahai inguruan. Solasaldi guztietan hamaika buelta eman diote auzi horri, argi bila. Adituen argi fokoak, ordea, beti toki berari begiratzen zion: beteta zegoen anfiteatrora. Prozesua aitzinaratzeko giltza ordezkari politiko eta gizarte zibilaren engaiamenduan datza. Aieteko Adierazpenak marraztutako gatazkaren ondorioei konponbidea bilatzen hasteko modua plazara eramatea da. Plazara eraman, era partekatuan, haietaz hitz egin —presoen eta errefuxiatuen egoeraz, biktimen aitortzaz eta erreparazioaz...—, haien premia gizarteratu...

Baionako Foroak erakutsi du Ipar Euskal Herriko gizartea dinamika horretan dagoela, eta bertako ordezkari politikoak gai izan direla Aieteko Adierazpenaren osteko garai berriari dagokion dimentsioa emateko. Baionako Unibertsitateko anfiteatroa bakearen anfiteatro bilakatu da, eragile politikoek egin duten ekarpenari esker. Halaber, Ipar Euskal Herriko eragileen konpromiso eta deialdia akuilu bat da Hegoaldeko eragileentzat. Haien esku dago bere egitea eta bat egitea Ipar Euskal Herriko eragileen ekinbidearekin, eta era horretan prozesuaren blokeoa gainditzen laguntzea.

Joan den asteazkeneko inbestidura saioan agerian gelditu zen zein urruti dauden indar batzuk Baionako Foroak erakutsi duen bidetik. Baina ez lukete beste alde batera begiratu behar, are gutxiago gobernatzeko ardura bereganatu berri duen alderdiak. Aieteko Adierazpenak aipatutako gatazkaren ondorioei erantzun baikorra emateak guztientzako onurak ekarriko lituzkeelako. Luze gabe, hobe.

Publizitatea