Konponbideari begira

Berriak

Baionako Bake Foroa

Aniztasunaren erakusleiho

Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztien ordezkariak, berrogei bat eragile sozial eta dozenaka herritar xume; guztira, laurehun lagun bildu ziren Bake Foroan.
Foroan islatutako aniztasuna azpimarratu zuten eragile guztiek.
Foroan islatutako aniztasuna azpimarratu zuten eragile guztiek. GAIZKA IROZ

2012-12-16 / Jenofa Berhokoirigoin

Hainbat joera politiko eta sektoretako eragileek elkarren ondoan pasatu zuten atzoko eguna. Baionako Unibertsitateko anfiteatroan bakoitzak zuen bere tokia; ondoan adiskidea baldin bazuen ere, agian ondoko aulkian erabat iritzi politiko ezberdina zuen bat zuela jarrita.

Laurehun tokiko gela zeharo bete zen atzo, eta bake prozesuaren alde Ipar Euskal Herrian den sostengu zabala islatu zuten guztien artean. «Gero eta gehiago dira konponbidearen alde kokatzen; oraindik ez dira denak, baina iraganean alde zena zen ikusten, eta orain, berriz, aurka dena da agerian gelditzen», zioen itxaropentsu Erregina Dolosor CFDTko militanteak. Bake Bidea mugimenduan dabil, eta kolektibo horretan den aniztasuna azpimarratzen zebilen: «Iritzi ezberdinetakoak izan arren, bakea eraikitzea dugu helburu, eta duela hiruzpalau urte elkar hitz egiten ez zuten jendeak elkar mintzo dira egun». Anfiteatroan bildu ziren guztiak; ez baldin baziren ere Bake Bidea taldeko kide, guztiek bat egiten zuten haren helburu eta filosofiarekin.

UMP, Modem, Alderdi Sozialista, Ezkerreko Frontea, Europe Ecologie Berdeak, NPA, Batasuna, AB, EA eta EAJren Ipar Buru Batzarra, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztien ordezkariak bertaratu ziren. Hego Euskal Herritik, Ezker Abertzaleko, EA-ko eta Aralarreko ordezkariak ere egon ziren ; ez zen, haatik, EAJko inor agertu. Marie-Christine Aragon kontseilari nagusia (PS), Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, Marc Oxibar UMPko Pirinio Atlantikoetako idazkari nagusia, Jakes Abeberri Miarritzeko hautetsia (AB), Luxi Oxandabaratz Gamartekoa, Martine Bisauta Baionakoa egon ziren, besteak beste.

Giza Eskubideen Liga, Herrira, Bizi, Kontseilua, Batera, CFDT, Euskal Herria Zuzenean, ELB, Amnesty International, Anai Artea, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa, Egiari Zor fundazioa, Solidaires, Fedea eta kultura, Bakearen aldeko eskualde eta herrien elkartea... guztira, berrogei eragile sozial ziren Bake Foroan egon. Tartean, gazte eta ez hain gazte, herritar xumeak, baita Zuzenbideko ikasleak ere ziren ikusgai.

Aniztasuna, lorpenaren giltza

Gatazkaren konponketa lortzeko bidean aniztasun horrek berebiziko garrantzia duela zioten guztiek. «Argi da norabide horretan jarraitu behar dugula, indarrak batzen eta gizarteko sektore gehiago biltzen, horrela lortuko dugulako estatuen jarrera aldatzea», esan zuen Pello Sanchez Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren mintzaidetza lanetarako taldeko kideak.

Zentzu berean mintzo zen Frederique Espagnac PSren Frantzia mailako bozeramailea: «Jendarte zibil osoa, nazioarteko adituak eta alderdi politikoetako ordezkari guztiak gara hemen helburu berarekin, eta horrek behartuko ditu Frantziako eta Espainiako gobernuak, goiz ala berant, mahai inguruan esertzera».

Gatazkaren konponketaren alde Ipar Euskal Herrian bildu mugimendu zabala oso baikorki baloratu zuen Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak. Nelson Mandelaren Denak dirudi ezinezkoa, egiten den arte esaldia gogoan, Hego Euskal Herrian ere aukera badela uste du: «Uste dugun baino pertsona gehiago daude, ideologia oso ezberdinetakoak izan arren, guztiaz hitz egin eta hemendik aurrera nola antolatzen garen gogoetatu nahi dutenak; garrantzitsua izanen da zama honen bistaraztea, oinarri bat delako elkarrekin bizitzeko eta era demokratikoan konponketa lortzeko».

Inspiratuz, baina ez imitatuz

Euskal Herrian bakea lortzeko, beste tokietan egin dena «imitatu ez, baina bai bide berriak asmatu» beharko direla nabarmendu zuen Max Brisson kontseilari nagusiak (UMP). Bake Foroaren gisako egitasmoek horretarako «doinua, energia eta gogoa» ematen dutela zehaztu zuen. «Gatazkaren konponketa adibideak baditugu, baina guztiak dira bereziak; guri dagokigu gurea asmatzea, eta imajinazioa beharko dugu; horrek sekulako ardura ematen digu», zioen, berrri, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidenteak.

Hala eta guztiz ere, denak ados dira errateko Harremanetarako Nazioarteko Taldearen laguntza «garrantzitsua» eta «lagungarria» izanen dela. Nazioarteko eragileen presentzia «ezinbestekoa» dela zioen, adibidez, Xabier Ezkerra Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko bozeramaileak: «Ezinbestekoak ditugu adituak direlako, laguntzeko esperientzia eta asmoa dutelako eta bi estatuen blokeoaren aurrean lagungarri izan daitekeen prozesu batetik at bultzatzaile ere izaten ahal direlako».

Publizitatea