Konponbideari begira

Berriak

Zirimiriak guztia busti dezake

Herritarrek eta gizarte eragileek konponbide prozesuak hauspotu eta elikatzen dituztela nabarmendu dute Donostiako mintegian parte hartu duten adituek.
Brian Currin, atzo, Kursaalean izandako mintegiko hitzaldietako bat aditzen.
Brian Currin, atzo, Kursaalean izandako mintegiko hitzaldietako bat aditzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2012-12-15 / Jokin Sagarzazu

Prozesu politikoak eta prozesu pertsonalak harilkatzen dira edozein konponbide prozesutan. Ordezkari politikoek egin behar duten lanarekin batera, oso garrantzitsua da norberak egin behar duena, berekin, gertukoekin, baldintzak sortzeko, prozesua bermatzeko eta elikatzeko. Herritarren parte hartzeak nolakoa izan behar duen, beste prozesu batzuetan nolakoa izan den aztertu zuten atzo arratsaldean Donostiako Kursaalean. Lepo bete zen aretoa, gaiak herritarren artean pizten duen interesaren erakusgarri.

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko Brian Currin izan zen lehengo hizlaria. Hegoafrikako gatazkan eginiko lanaren berri eman zuen, eta Euskal Herrian baliagarriak izan daitezkeen zenbait ondorio plazaratu. Prozesu politikoari dagokionez, esan zuen negoziazioek arrakasta izan dezaten beharrezko dela alde guztiek konponbidearen aldeko konpromiso «irmo eta iraunkorra» adieraztea. Horren aurretik, baina, negoziazio esparrua «orekatu» behar dela nabarmendu zuen, mesfidantzak eta beldurrak uxatzeko. «Negoziazioak hasi aurretik tabula rasa egin behar dute aldeek. Batek ezin du besteak baino botere gehiago izan», esan zuen abokatu hegoafrikarrak.

Hori finkatuta, Currinek adierazi zuen helburuak ezberdinak izanda ere, alor politikoan ere helburu komunak bila daitezkeela. Hala, Hegoafrikako kasua gogora ekarriz, esan zuen oso garrantzitsua dela «etorkizunari buruz» ados jartzea. Currinek uste du Euskal Herrian, Israel-Palestina auzian ez bezala, «erraz» lor daitekeela hori. Prozesu horretan, baina, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen, eta gai batzuk isilpean gordetzearen alde azaldu bazen ere, prozesuak, oro har, «irekia eta gardena» izan behar duela adierazi zuen. «Herritarrek sentitu behar dute parte direla. Ez digute barkatuko hori ez egitea».

Hurrengo hizlaria Alberto Spektorowski izan zen, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea hura ere, eta Israel eta Palestinaren arteko Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuena. Spektorowskiren arabera, «konpnbide prozesuaren lehen partearen erdibidean» dago euskal gatazka. Irakasle israeldarrarentzat une honetan gakoa da «hitz egiteari buruz hitz egitea», eta konfiantza giroa sortzea, besteak beste, sortzeko,etorkizuneko gizartearen isla izango liratekeen, «gizarte partekatuak».

Hala ere, Spektorowskik nabarmendu zuen konponbide prozesuetan gizarte zibilaren lana ez dela nahikoa. Horren harira, azaldu zuen israeldar eta palestinarren artean uste baino errazagoa izan zela topaguneak sortzea, baina prozesuaren porrota irtenbide politikoak bilatzeko unean iritsi zela gogoratu zuen. Irakasleak ondorioztatu zuenez, gizartearen %4 bat nahiko da prozesua pikutara bidaltzeko. Protzentaje horretan sartu zituen berak «prozesuaren hondoratzaileak» deitutakoak. «Alde bietan daude prozesuaren kontrakoak». Horrekin batera beste bi faktore nabarmendu zituen: bake prozesuek dakartzaten kostu politikoei beldurra izatea eta gatazkari buruzko kontakizunen arteko talka.

Brendan Mackin Belfasten komunitate unionista eta errepublikanoaren arteko elkar ulertzearen alde diharduen Intercomm elkarteko eragileak, berriz, aldeen arteko orekaren, gizarte kohesioaren eta demokrazia inklusiboaren garrantzia nabarmendu zuen prozesuaren arrakastarako giltza bezala. Mackinez gain, horri buruzko adibideak jarri zituzten, halaber, Carmen Magallon Women's International League-ko kideak, emakumeen parte hartzeri buruz, eta Javier Orozkok, Kolonbiako gizarte sektore ahulenen parte hartzeari buruz.

Carlos Martin Beristain mediku eta giza eskubideen eragileak, berriz, «prozesu orokorrak eta prozesu pertsonalak» bereizi zituen. Lehenengoari dagokionez, esan zuen beharrezkoa dela eragile politikoek ikuspuntu estrategiko bat izatea, etorkizunari begira jartzea. Prozesu pertsonalei buruz, gakotzat jo zuen elkar ulertzeko hizkuntza eta giro bat sortzea.

Horri buruz mintzatu zen Jonan Fernandez Baketik-eko kidea ere. Bi ideia nabarmendu zituen. Batetik, «zoru etiko komun bat» ezartzearen garrantzia, zeinean giza duintasunak izan behar duen balio gorena; eta, bestetik, herritarrei bereziki dagokiela baldintzak sortzea, ekimen txikien bidez, zirimiriaren antzera, zoru osoa busti arte.

Informazio osagarria

Publizitatea