Konponbideari begira

Berriak

Rios: «Nazioarteko adituek uste dute orain gizartearen bultzada behar dela»

Lokarriko kideak dio ETA desegiteko pausoak eta espetxe politikaren aldaketa ari dela eskatzen gizartea
Herritarrak sinadura ematen, Aieteko Adierazpenari babesa emateko Lokarrik egindako kanpainan.
Herritarrak sinadura ematen, Aieteko Adierazpenari babesa emateko Lokarrik egindako kanpainan. J.C. RUIZ / ARP

2012-12-11 / Erredakzioa

Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek dioenez, Espainiako Gobernuak modu positiboan erantzungo zuen esperantza zuten duela urtebete pasa Aieteko Bake Konferentzian izan ziren nazioarteko adituek. ETAk jardun armatua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi ostean, Espainiako Gobernua ETArekin harremanetan jarriko zela espero zuten, Riosen esanetan; «edo gutxinez, ETAren jarrera zein den aztertuko zuela».

Gizarteak ETA desarmatzeko eta desegiteko aurrera egiteko eta espetxe politika aldatzeko eskatzen duela adierazi zuen Riosek atzo ETBn egindako elkarrizketan, baina onartu zuen «zailtasun objektiboak» daudela horretarako. Izan ere, urtebete baino gehiago igaro da ETAk adierazpena kaleratu zuenetik —2011ko urriaren 20an—, eta desarmatzeko prest ere agertu den arren, Espainiako Gobernuak esana du ez duela asmorik ETArekin hitz egiteko. «Antidemokratikotzat» ere jo izan dute aukera hori PPren gobernuan. «Gobernuak gizartearen eskaerei entzungor jarraitzen du, eta hori da antidemokratikoa», esan zuen. Hori ikusita, nazioarteko adituek ere egokitu dute iritzia, Riosek jakinarazi zuenez. «Orain uste dute alderdi politikoen eta gizartearen bultzada behar dela», argitu du.

Hain zuzen, Euskal Herrian izango dira asteon Aieteko Konferentzian izandako aditu horietako batzuk. Ostiralean, Elkarrizketari eta Bizikidetzari Buruzko Nazioarteko Mintegia egingo du Lokarrik Kursaalean, eta han izango dira, besteak beste, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko Alberto Spektorowski eta Brian Currin. Larunbatean, berriz, Currinek berak eta bere taldeko Pierre Hazanek eta Ray Wendallek hartuko dute parte Lokarrik Bake Bidean mugimenduarekin batera antolatutako Baionako Foroan. Bi ekitaldien helburua Riosek aipatutako «gizartearen bultzada» hori da, hau da, herritarren parte hartzea.

«Bi urte emankor»

Zailtasunak zailtasun datozen bi urteak «emakorrak» izango direla uste du Lokarriko koordinatzaileak, «normalizaziorako bidean nola sakondu adosteko». Akordio gehiago beharrezko izango dira, haren arabera, eta nabarmendu zuen Eusko Legebiltzar berria eratu izanak eta bi urtez hauteskunderik ez egoteak «agertoki ideala» eskaintzen dutela: «Erronka gisa hartu behar genuke bi urteotan bakea sendotzea».

Bide horretan aurrera egiteko, protagonismoa alderdi politikoei eta gizarteari ematea da aukerarik «bideragarriena eta demokratikoena», dio. ETAk eta Espainiako Gobernuak ere gizarteari gehiago begiratu beharko lioketela uste du, «elkarri begira geratu beharrean». Nazioarteko komunitateak prozesuan aurrera egiten lagundu dezakeen arren, Riosek nabarmendu du euskal gizarteak eta bertako alderdiek dutela bakea sendotzeko ardura: «Guk daukagu konponbideak bilatzeko ardura, ez digu kanpotik datorrenak aurkituko».

Publizitatea