Konponbideari begira

Berriak

Giza eskubideak topagune

«Giza eskubideen urratzeen biktima guztiak» gogoratu dituzte Donostiako Udaleko talde guztiek ekitaldi batean Omenaldi orokorraz gain, Bilduk eta PPk lore eskaintza bereziak egin dituzte
PPko Ramon Gomez, lore bat uzten, atzean Bilduko Josu Ruiz duela, atzo, Donostian.
PPko Ramon Gomez, lore bat uzten, atzean Bilduko Josu Ruiz duela, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

2012-12-11 / Jokin Sagarzazu

Donostiako Udaleko taldeek ezohiko batasun irudia agertu zuten atzo Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira eginiko ekitaldian. Bilduko, EAJko, PSE-EEko eta PPko zinegotziek biktimen omenez udaletxearen aurrean dagoen Oroimena deituriko monolitoan lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin zuten, «giza eskubideen urratzeen biktima guztiak» gogoratzeko. «Biktima guztiak» gogoratzeko Donostiako Udaleko talde guztiek lorturiko «gutxieneko adostasuna» nabarmendu zuen Juan Karlos Izagirre alkateak, eta gaineratu zuen gisa horretako keinuak «eskatzen eta eskertzen» dituztela herritarrek.

Azken bi egunetan ekitaldi bat antolatu du Donostiako Udalak egun bakitzean gatazkaren biktima guztien omenez. Baina atzokoan ez bezala, igandekoan ez zuten talde guztiek parte hartu, udal gobernuak bere kasa antolatutako ekitaldi bat zela argudiatuta. Donostiako kaian egin zuten ekitaldi hori; gisa horretako ekitaldi bat egiteko inoiz erabili ez den leku «neutro» batean, udalak nabarmendu zuenez, eta hainbat herritar izan zen bertan; tartean, Bilduko udal ordezkariak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua.

Atzoko ekitaldia, halere, ez da alderdi guztiek modu bateratuan eginiko lehena. Azaroaren 10ean Gipuzkoako Batzar Nagusiek biktima guztien omenez eginiko ekitaldian izan ziren alderdi guztietako ordezkariak, baita azaroaren 23an Beasainen (Gipuzkoa) ETAk hildako bi ertzainen omenez eginikoan ere. Horrekin batera, azken aste eta hilabeteetan hainbat urrats egin dira alor horretan. Besteak beste, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari ohia Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi gogoratzeko ekitaldian izan zen irailaren 27an, eta ezker abertzaleko Pernando Barrenak ETAren biktimen aurrean hitzaldi bat egin zuen azaroaren 20an, Bartzelonan. Eusko Legebiltzarreko presidente ohi Arantza Quirogak (PP), berriz, bertan behera utzi behar izan zuen azaroaren 10ean «terrorismoaren» biktimen omenez deitutako ekitaldia, PPk eta UDPk baino ez zutelako babestu.

Batera, baina ñabardurekin

Ordezkari politikoez gain, atzoko ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gorka Landaburu ETAren atentatu bat izan zuen kazetaria, erakunde armatuak hildako Santiago Oleaga El Diario Vasco egunkariko zuzendaria zenaren alargun Amaia Guridi eta Alberto Soliño Guardia Zibilak hildako musikariaren bikotekide Maria Isabel Gonzalez.

Igandean, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea gogor mintzatu zen Donostiako Udalaren ekitaldiaren aurka. Bilduko ordezkarien sinesgarritasuna zalantzan jarri zuen, eta atzoko ekitaldian PPko ordezkariak izango ziren ere airean utzi zuen. Nolanahi ere, eta ostiralean gainontzeko taldeekin adostu zuten moduan, han izan ziren PPkoak, ekitaldiari ñabardura batzuk gehituta. Ramon Gomez zinegotziak esan zuen monolito horretan «terrorismoaren biktimen omenez» egin diren ekitaldi guztietan parte hartu dutela beti eta parte hartzen jarraituko duten arren «dauden lekutik» ez direla mugituko. Hori hala, biktima guztien omenez jarritako loreekin batera, lore sorta bat jarri zuten ETAren biktimen omenez.

Bilduk ere antzeko keinu bat egin nahi izan zuen, baina, kasu honetan, Iñaki Quijera donostiarraren oroimenez —Espainiako Poliziak tirokatuta hil zen, 1979an, manifestazio batean—. Hala, Quijeraren oroimenezko plakan lore sorta bat jarri zuten. Josu Ruiz bozeramaileak azaldu zuenez, ekitaldi nagusiaren «osagarri gisa» egin zuten bigarrena, «biktima guztiak osotasunean irudikatzeko».

Ernesto Gasco PSE-EEren bozeramailea ere pozik azaldu zen, eta nabarmendu zuen «bide baten hasiera» izan zela atzokoa. «Ezker abertzaleak ere» ETAren biktimak aintzat hartzea garrantzitsua dela adierazi zuen. «Ea hurrengoan hitzez ere adierazten duten hori», esan zuen. EAJko udal taldeko kideek, berriz, ez zuten adierazpenik egin nahi izan.

Publizitatea