Konponbideari begira

Berriak

Elkarrizketa eta bizikidetza ardatz, nazioarteko mintegi bat egingo dute Donostian

Datorren ostiralean egingo dituzte Lokarrik eta Donostiako Udalak antolatutako jardunaldiak, Baionako Foroaren bezperan Bake prozesuan herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, emakumeena bereziki

2012-12-09 / Hodei Iruretagoiena

Elkarrizketa eta bizikidetza» ardatz hartuta, nazioarteko mintegi bat antolatu dute Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak eta Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona ezagunak izango dira Donostiako Kursaalean, hilaren 14an, Baionako Foroa egin bezperan. Euskal Herriko bake prozesuaren inguruan herritarren parte hartzea bultzatzea da Donostiako jardunaldien helburu nagusienetakoa, Baionako Foroarena bezala. Mintegian, beste herrialde batzuetan izandako elkarrizketa eta adiskidetze esperientzietatik ikasteko aukera emango diete herritarrei. Bereziki herritarrek eta emakumeek bake eta bizikidetza prozesuetan izandako parte hartzea landu nahi dute mintegian, antolatzaileek esan dutenez.

Hain zuzen ere, herritarrentzako espazio bat izan dadin antolatu dute Lokarriko kideek elkarrizketari eta adiskidetzeari buruzko nazioarteko mintegia: «Egun osoan, Kursaal jauregia hausnarketarako, elkar entzuteko eta esperientziak trukatzeko espazio bat izango da». ETAk jardun armatua uzteko erabakiaren berri eman eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu ostean aro berri bat ireki zen euskal gizartearentzat, Lokarriren arabera. Horiek hala, elkarrizketak eta bizikidetzak behar duten «bultzadaz» hausnartu nahi dute mintegian, euskal gizartea bizi den «aro berri honetan».

Bide horretan, «emankor eta eraikitzailetzat» jo dute beste herrialde batzuetan izan diren elkarrizketa eta bizikidetza sustatzeko esperientziak ezagutzea. Zehazki, lau esperientziaren inguruan ariko dira Kursaalean, hala nola Hegoafrika, Ipar Irlanda, Kolonbia, Israel eta Palestinako bake eta adiskidetze prozesuen inguruan. Herrialde horietako elkarrizketa, bizikidetza eta negoziazio prozesuetan aritutako pertsonak gonbidatu dituzte horretarako.

Hizlari esperientziadunak

Jardunaldietan parte hartuko dutenen artean dira, besteak beste, Hegoafrikako Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordearen sorreran jardundako Brian Currin abokatu hegoafrikarra —Harremanetarako Nazioarteko Taldeko buru da egun—, Palestinaren eta Israelen arteko Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuen Alberto Spektorowski israeldarra —Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide da—, Irlandako Intercomm erakundeko kide Brendn Mackin, Bake eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligako Espainiako presidente Carmen Magallon eta Baketik-eko zuzendari Jonan Fernandez.

16:00etan egingo dute hasiera ekitaldia, eta Hegoafrikako eta Israel eta Palestinaren arteko elkarrizketa esperientziez jardungo dute segidan. Horren ondoren, bizikidetzarako elkarrizketaren inguruan ariko dira, eta, azkenik, elkarrizketaren eta herritarren parte hartzeari buruz, emakumeen parte hartzeari arreta berezia jarrita. Lokarriren webgunean eman daiteke izena arratsaldeko jardunaldietan parte hartzeko. Aldibereko itzulpena ere izango da, jakinarazi dutenez.

Goizean, bilera eragileekin

Arratsaldean egingo diren jardunaldiez gain, bilera itxi bat ere egin nahi dute goizean, Kursaalean bertan. Antolatzaileek iragarri dutenez, Euskal Herriko gizarte eragileak, alderdi politikoak, sindikatuak eta unibertsitate zein kultur arloko pertsonak gonbidatu dituzte bilera horretara. Topaketa pribatua izango dela baino ez dute jakinarazi; ez dute eman xehetasun gehiago.

Eragileen arteko beste bilera bat egin zuten joan den azaroaren 20an Aieteko Jauregian, Nazioarteko Bake Konferentzia egin zutenetik urtebetera. Konferentzian izandako Euskal Herri osoko eragileak —alderdiak, sindikatuak, patronala eta Eliza— gonbidatu zituen nazioarteko eragile taldeko Jonathan Powellek, prozesuaren egoera aztertzeko.

PP eta PSE-EE ez ziren izan bilera hartan. 2011ko urriaren 17ko Aieteko Konferentzian adostu zuten bide orriko lehen puntua baino ez da bete orain arte: ETAk jardun armatua behin betiko uztea. Biktimen auzia eta euskal presoen egoera dira, besteak beste, lantzeko dauden puntuak.

Informazio osagarria

Publizitatea