Konponbideari begira

Berriak

Donostiako Udalak gatazka politikoaren biktima guztiak gogoratuko ditu igandean

Juan Karlos Izagirrek dio sufrimendu guztiak onartu behar direla «bake justu eta iraunkorra» eraikitzeko
Donostiako Udal Gobernua, Juan Karlos Izagirre alkatea buru duela, atzoko agerraldian.
Donostiako Udal Gobernua, Juan Karlos Izagirre alkatea buru duela, atzoko agerraldian. BERRIA

2012-12-05 / Erredakzioa

Donostiako Udalak gatazka politikoaren biktima guztien aldeko ekitaldia egingo du hilaren 9an, igandearekin. Biktima guztiak «gogoratu eta onartu» nahi ditu udalak, lore eskaintza batekin. Ekitaldia 12:00etan egingo da, Donostiako kaian. Astelehenean mundu osoan ospatzekoa den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira antolatu du ekimena udal gobernuak, eta bando batean eman du horren berri Juan Karlos Izagirre alkateak.

Udal gobernuko hainbat kiderekin batera irakurri du bandoa Izagirrek. Jakinarazi duenez, biktima ororen aldeko ekitaldi hori gaur aurkeztuko du udaleko Giza Eskubideen Batzordean, eta talde guztiekin akordioa lortzen saiatuko da.

Donostiako Udalak kaleratutako bandoak gogora dakar Euskal Herriak pairatzen duen auzi politikoak «ondorio oso mingarriak» utzi dituela donostiarren artean, hainbat herritarri oinarrizko giza eskubideak urratu zaizkielako. Bizitza galdu duten biktimak, «jazarpen politikoa eta mehatxuak» pairatu dituztenak, kalte fisiko edota psikikoak nahiz torturak jasan dituztenak, edo espetxe politika «bidegabea» sufritu dutenak gogora ekarri ditu udalak. Adierazi duenez, bakea, oroimena eta justizia oinarri izan behar dituen hirian eta gizartean «min» horri erantzuna eta konponbidea eman behar zaio.

Donostiako Udalak uste du gatazkaren biktima guztiek merezi dutela begirunea eta denek izan behar dutela biktima gisa aitortuak, hori delako bidea indarkeria eta oinarrizko giza eskubideen urraketen egoera batetik bake justu eta iraunkor batera igarotzeko. Eta helburu horien lorpenean erakundeek ezin dutela «begirale hutsak» izan, adierazi du udalak. Hori hala, udal gobernuak kaleratutako bandoak dio egungo garai historikoak eskatzen duen ibilbide guztietan bidaide eta bultzatzaile izan nahi duela: «Erakundeek eta gobernariek irmo, arduraz eta ausardiaz jokatu behar dugu, batez ere horrek bakea eta normalizazio demokratikoa lortzen laguntzen badu».

Aieteko Adierazpena

Donostian herri oso baten «itxaropena eta nahia» loratu egin dela azpimarratu du udalak bandoan, Aieteko Nazioarteko Konferentzia adibide gisara jarrita. «Hiri honek berea du bidelagun eta laguntzaile izateko ardura ere, duela urtebete izandako mugarri gogoangarri handi horretatik eratorritako akordioa osorik gauzatu eta indarrean jarri ahal izateko».

Ildo horretan, udalak uste du «bake justu eta iraunkorra» eraikitzeko», jasandako sufrimendu guztiak onartu behar direla, bai eta eragindako zauriak osatzeko konpromiso eta borondate argiak erakutsi ere. Testuinguru horretan, udalak igandean egitekoa den biktima guztien aldeko ekitaldiarekin Donostiako hiria bake prozesuaren bultzatzaile eta laguntzaile izan dadin lortu nahi du: «Argi eta garbi egiten dugu gatazkaren biktima guztiak biktima direla onartzearen alde. Biktima guzti-guztiak, indarkeriarenak eta gure herrian eta gure hirian oinarrizko giza eskubideak urratu zaizkienak».

Publizitatea