Konponbideari begira

Berriak

«Dena» posible izango balitz

ETAren jardunaren amaieraren ondorenaz eztabaidatu dute Hego Euskal Herriko lau alderdi nagusietako zenbait ordezkarik Denek esan dute orain bizikidetza prozesuak izan behar duela lehentasuna
Mariano Ferrer, Ramon Etxezarreta, Eneko Goia, Juana Bengoetxea eta Rebeka Ubera, atzo, mahai ingurua hasi aurretik.
Mariano Ferrer, Ramon Etxezarreta, Eneko Goia, Juana Bengoetxea eta Rebeka Ubera, atzo, mahai ingurua hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2012-12-01 / Jokin Sagarzazu

ETAren indarkeria amaitzean guztiaz hitz egin ahalko da». Lelo zahar horren inguruan eta berau galdera bihurtuta, eztabaidan aritu ziren atzo iluntzean Hego Euskal Herriko laur alderdi politiko nagusietako zenbait ordezkari, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Oraindik batzuen eta besteen ikuspuntuen artean alde nabarmenak daudela egiaztatu ahal izan zen bertan, bai indarkeriaren amaieraren definizioaren inguruan, baita gatazka politikoaren gakoak zehazteko orduan ere. Hala ere, denak bat datoz ETAren jardun armatuaren amaierak bizikidetza sendotzeko aukera ireki duela. Horrek lehentasuna izan behar duen, horrekin batera gatazka politikoari ere heldu behar zaion, edo «zauriak sendatu arte» itxaron behar den, horiek izan ziren eztabaidaren gakoak.

Mariano Ferrer kazetariak gidatuta, eztabaidan aritu ziren EAJko Donostiako zinegotzi eta GBBko kide Eneko Goia, EH Bilduko legebiltzarkide eta Aralarreko Antolaketa idazkari Rebeka Ubera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako zuzendari ohi eta PSE-EEko kide Ramon Etxezarreta eta Irungo Udaleko PPko zinegotzi Juana Bengoetxea. Demagun Hausnarketarako Taldeak antolatu zuen mahai inguruan, bakegintzari buruz asteon Donostian eginiko unibertsitate jardunaldi baten barruan. Entzuleen artean, Kataluniatik, Galiziatik eta Espainiatik etorritako ikasleak zeuden.

Mahaikide guztiek aitortu zuten egun «dena» ez dela posible. Etorkizunean dena posible izango ote den, gai horretan, baina, ez ziren ados azaldu. Eztabaida hasi eta berehala azaleratu zuten hitz horren atzean ezkutatzen zen kontzeptua zein zen: erabakitzeko eskubidearena, alegia. «Esaldia faltsua izateaz gain, antidemokratikoa ere bazela agerian geratu da. Katalunian zer gertatzen den ikustea besterik ez dago. Eta argi diote gurean ere: ideien kontra borrokatuko direla esaten dutenean», esan zuen Uberak.

Etxezarretak ukatu egin zuen hori hala zela. Eta ETAk hainbat ideiari «zilegitasuna kendu» bazien ere, egun horiez ere eztabaidatu daitekeela esan zuen. Gakoa, baina, erabakitzeko «subjektua edo subjektuak» zehaztea dela nabarmendu zuen, eta gaur-gaurkoz euskal lurraldeek ezin dutela beren kabuz erabaki gogorarazi zuen PSE-EEkoak. Zalantzak agertu zituen, gainera, abertzaletasunak nazioari buruz egiten duen definizioarekin, baztertzailea dela uste baitu.

Antzeko iritzia agertu zuen Bengoetxeak. PPkoak esan zuen aurretik ere «denaz» hitz egin dela euskal erakundeetan, eta horren erakusgarri direla ETAk hildakoak. «Batzuentzat hitz egitea da beren planteamenduak onartzea, edo bestela ez zara demokrata». Erabakitzeko subjektuaren inguruan, baina, ez zuen zalantzarik agertu: «Hau Espainia da, eta, horrenbestez, Espainia da erabaki behar duena».

Indarkeriarekin edo indarkeriarik gabe, Goiak adierazi zuen EAJ beti izan dela elkarrizketaren alde. Donostiako Udaleko zinegotziak, baina, bi elkarrizketa eremu bereizi zituen. Batetik, «gatazkaren alor teknikoen inguruan» Espainiako Gobernuak eta ETAk egin behar dutena, eta, bestetik, gatazkaren gako politikoei buruzkoa, euskal alderdiei dagokiena. Horren harira, Etxezarretak adierazi zuen ETAren desarmatzerik gabe zaila litzatekeela «ulertzea» bigarrenari ekitea.

Goiak, halere, aurretik PSE-EEkoak mahai gainean jarritako gaiari eutsi zion, eta erabakitzeko subjektuaren inguruan EAJk «planteamendu zehatzak» egin dituela adierazi zuen. «Euskal Autonomia Erkidegoak hartu behar du lidergoa».

Uberarentzat, erabakitzeko eskubideak ez du izan behar abertzaleen aldarrikapen bat. Eskubide horren inguruan «indarrak bildu» behar direla adierazi zuen. EH Bildukoak alde bakarreko urratsak egitea defendatu zuen, bai bakegintza prozesuari dagokionez, baita prozesu politikoan ere, «estatuek inposatutako mugak gainditzeko».

Publizitatea