Konponbideari begira

Berriak

Hollande prozesuan engaiatzera deitu dute eragile politikoek Parisen

Bake Bideak eta Frantziako Giza Eskubideen Ligak deiturik, eragileek gutun bat igorri diote Hollanderi, Martinen kasua salatuz Martinenaren gisako kasuek prozesua traba dezaketela kontuan hartzeko erran diote
Giza Eskubideen Ligaren Parisko egoitzan eragileek eta ordezkariek atzo egindako agerraldia.
Giza Eskubideen Ligaren Parisko egoitzan eragileek eta ordezkariek atzo egindako agerraldia. AITOR RENTERIA

2012-11-28 / Aitor Renteria - Berriemaile berezia

Bake Bidearen eta Giza Eskubideen Aldeko Ligaren eskutik, hainbat eragilek gutun bat igorri diote François Hollande Frantziako presidenteari, eskatuz Frantzia bake prozesuan engaia dadila eta, horrekin batera, Aurore Martin Batasuneko kidea ahal bezain laster libre jar dezaten lortzeko prozedura diplomatikoari ekin diezaiola. Agerraldia Parisen egin zuten, GELen egoitzan, eta bertan egon ziren Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatu sozialistak, Frederique Espagnac senatari sozialista eta Jean Jacques Lasserre senatari zentrista. Horiez gain, Olivier Darrigolles Frantziako Alderdi Komunistako bozeramailea eta Jerome Gleizes Berdeetako exekutiboko kidea ere presente egon ziren, Bretainiako UDB alderdiko ordezkariarekin.

Hollanderi igorri dioten gutunean azpimarratu dute azken denboretan Euskal Herrian izan den aldaketa, bereziki duela urtebete egin Aieteko Adierazpenaren ondorioz. Horri erantzunez ETAk armak betiko uztea deliberatu zuen arren, Espainiak eta Frantziak urratsik ez dutela egin azpimarratu dute izenpetzaileek. Hollanderi eskatzen diote gobernuaren jarreran eragin dezan, Frantzia konponbide politikoaren ildoan murgil dadin.

Eragile guztiek nabarmendu zuten konponbide politikorako abagunea. «Euskal Herriko biztanleak gaizki bizi gara egoera honetan, eta hori erratean, gogoan dut Kofi Annan eta Pierre Joxe pertsona ospetsuen ekimena, ekarpena egin dutelako bortizkeriaren orria pasatu eta konponbidearen ildoa lantzeko behin betiko», erran zuen Alauxek. Duela urtebete Aieteko Adierazpenari erantzunda eta joan den asteburuko agiria plazaratuta ETAk konponbiderako borondatea erakutsi duela nabarmendu zuen. Testuinguru horretan, Martinen atxiloketa oin azpian ezarritako «harri koskor» handiegia dela erran zuen. Horrelako gertakariek bake prozesua bera arriskuan ezartzen dutela gaineratu zuen.

Ulertezina

Martinen kasua ulertezina eta onartezina dela azpimarratu zuen Capdeviellek, gogoratuz jarduera politikoa leporatzen zaiola. Izan ere, Frantziak ez du Batasuna legez kanpo ezarri, eta ez zuen Martinen aurkako prozedurarik abian ezarri. «Arrazoia sinplea da: leporatzen zaiona iritzi politikoa ematea da, eta hori ez da delitua Frantzian», erran zuen Capdeviellek. Alta, Frantziak Espainiaratu du, eta ondotik Paueko epaileak onartu ez zituen elementuengatik auziperatua dago Espainian.

Dartigollesek gogor gaitzetsi zuen Martinen egoera, eta Frantziako Gobernuari dagokion ardura hartzeko eskatu zion. Martin libre uzteko prozedura diplomatikoari ekin diezaiola eskatu zion.

Pierre Tartakowsky GELeko presidenteak bake prozesuan kokatu zuen atxiloketa eta kanporatzea: «Aieteko Adierazpenaren ondotik, ikusi da posiblea dela bakea Euskal Herrian». Prozesu hori arriskuan ezar lezaketen jokabideak baztertu eta bake prozesuan engaiatzera deitu zuen Frantzia, «herritarren eta herrien» onurarengatik.

Gleizek adierazi zuen Berdeek onartzen dutela herrialdeen autonomia eta erabakitzeko eskubidea. Horren alde borrokatzea eskubidea dela azaldu zuen. Alta, Espainian hori egiten duten pertsonek jazarpen politikoa pairatzen dutela azaldu zuen, egunkarien itxiera, gazteen atxiloketak eta alderdiak legez kanpo uzteko prozedurak gogora ekarriz. «Autonomia, gazteria, independentziaren aldeko engaiamendu politikoa zigortu nahi du Frantziak orain». Mundu zabalean burujabetza prozesuak egin ahal badira Frantzian ere egin daitezkeela ondorioztatu zuen. Bake prozesua oztopatzea arriskutsua dela erantsi zuen, borroka armatua utzi nahi dutenak kontrako norabidean hastera behartu ditzakeelako.

Martinen abokatu Jone Goirizelaiak jakinarazi zuen Frantziak egin dituela ikusteko urratsak baina oraindik ez duela bisita baimenik jaso. Anais Funosas Bake Bideko kideak, berriz, abenduaren 15ean Baionan egingo den foroa aurkeztu zuen.

Informazio osagarria

Publizitatea