Konponbideari begira

Berriak

ETAren hitz egiteko proposamena baztertu dute Frantzia eta Espainiak

Erakunde armatuaren elkarrizketarako proposamenari gauza bera erantzun diote bi gobernuek: «ETAk desegin egin behar du» Desegite ordenatu bat egiteaz hitz egin nahi du ETAk, eta borroka armatuaren ondorioez

2012-11-27 / Oihana Elduaien Uranga

Espainia eta Frantziako gobernuek berean jarraitzen dute, eta ez dute ETArekin hitz egiteko asmorik. Hala esan dute erakunde armatuak hitz egiteko agenda proposatu ostean, hari erantzuteko eginiko adierazpen publikoetan. ETAk egin beharrekoa berak bakarrik egin dezakeela azpimarratzen jarraitzen dute, eta erakunde armatuarekin hitz egiteko ezer ez dagoela argudiatzen. ETAk proposamen argia egin zien igandean Gara egunkariak kaleratutako agirian: preso eta iheslariez, ETAren desarmeaz eta Euskal Herriaren desmilitarizazioaz elkarrizketak abiatzeko proposamena egin zien bi estatuei. Frantziaren eta Espainiaren iritzian, ordea, ETAri ez dagokio gai horiez hitz egitea; desegin egin behar du, eta kito. Berak bakarrik desegin.

Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaile Philippe Alliotek «ETAren erabateko desegitea» eskatu zuen atzo, eta azpimarratu zuen Frantziak beti babestu dituela «Euskal Herrian indarkeria amaitzeko Espainiako Gobernuaren saio guztiak». Bi gobernu horien elkarlanak «aurrerapen garrantzitsuak» ekarri dituela uste du Frantziako Gobernuak, «terrorismoaren kontra elkarlan polizial eta judizial eraginkorra» egin dutela uste baitu.

Frantziak iradoki du ez duela hitz egingo, hitz horiekin esan ez badu ere, eta Espainiak esan egin du, argi eta garbi. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak igandean esan zuen «inolaz ere» ez duela hitz egingo erakunde armatuarekin, eta hark egin beharreko gauza bakarra «baldintzarik gabe desegitea» dela. «Ez dugu inoiz negoziatu ETArekin, eta ez dugu negoziatuko. Gobernuak espero eta exijitzen duen agiri bakarra ETAren baldintzarik gabeko desegitearena da».

Hain justu, horixe da ETAk egin nahi duena, bere egitura militarrak desegitea. Eta hori nola egin hitz egin nahi du Espainiako eta Frantziako gobernuekin. Bi gobernuek itxikeriaz erantzun diotena Aieteko Adierazpenari jarraituz egindako eskaera da. Borroka armatua uztearekin batera, Espainiako eta Frantziako gobernuei «soilik gatazkaren ondorioez aritzeko» elkarrizketarako deia egiteko eskatu zioten ETAri adierazpena sinatu zuten nazioarteko eragile entzutetsuek —Jonathan Powell Tony Blair Erresuma Batuko gobernuburu ohiaren kabineteburu izandakoa, Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia eta Gerry Adams Sinn Feineko burua—. Hain justu, hiru gairi buruz egin behar dira elkarrizketak, ETAren irudiko: «Preso eta iheslari politiko guztien etxeratzeaz», desarmeaz eta Euskal Herria desmilitarizatzeaz. Hiru gai horiei buruz akordioak lortzea «konfrontazio armatua» amaitzeko ezinbestekotzat jotzen du ETAk. Akordioez aparte, «egoera berrira egokitzeko erabakiak» ere hartuko dituela jakinarazi du erakunde armatuak.

Aieteko Adierazpenaren sinatzaileek ETAren eskaerari baikor erantzun eta erakunde armatuarekin gatazka armatuaren ondorioez hitz egiteko ere eskatu zien bi gobernuei. Oraingoz, erantzun baikorrik ez du izan eskaera horrek. ETAk igandeko agirian salatu du bi gobernuak bide orri horri jarraitu beharrean «konponbidearen kontrako noranzkoan» dabiltzala, «bake aukera zapuzteko agendaren baitan».

Informazio osagarria

Publizitatea