Konponbideari begira

Berriak

Elkarrizketak izateko agenda proposatu du ETAk

Presoez, desarmeaz eta desmilitarizazioaz hitz egiteko agenda proposatu die ETAk Madrili eta Parisi
ETAko hiru kide, armak uzteko erabakiaren berri ematen.
ETAko hiru kide, armak uzteko erabakiaren berri ematen. BERRIA

2012-11-25 / Erredakzioa

ETAk beste urrats bat egin du. Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketak izateko agenda proposatu die. Urtebete da erakunde armatuak armak uzteko erabakiaren berri eman zuenetik. Iazko urriaren 20an eman zuen berria, eta borroka armatuaren ondorioez hitz egiteko deia egin zien Madrili eta Parisi. 13 hilabete hauetan gobernuek ez dute behatzik mugitu. Immobilismo hori apurtu nahian, hizketan hasteko agenda proposatu die ETAk.

Hiru gairi buruz hitz egin behar dute gobernuek eta erakunde armatuak, ETAren ustez. Hala proposatu du Gara-ra bidali duen agirian. Egunkariak osorik gaur kaleratu duen agiriaren aurrerapena eman zuen atzo Naiz.info webguneak. Han jasotzen denez, erakunde armatuak hiru gai zehatz proposatu ditu elkarrizketak abiatu eta akordioak lortzeko: «Euskal preso eta errefuxiatu politiko guztiak etxera ekartzeko formula eta epeak; desarmerako, egitura armatuak desegiteko eta ETAko militanteak desmobilizatzeko epe eta formulak; eta Euskal Herriaren desmilitariraziorako epe eta urratsak». Gai horiei buruz akordioak lortzen direnean amaituko da «konfrontazio armatua», ETAren ustez.

Bere proposamena jakinarazi du ETAk, eta agiri horretan bertan dio bi gobernuek ere badutela bere asmoen berri. Beraz, bere proposamenaren aurrean bi gobernu horiek zein jarrera hartzen duten eta beste proposamenen bat egiten duten ikusteko eta datorrena «entzuteko eta analizatzeko» prest dagoela jakinarazi du erakunde armatuak.

Espainiako Gobernuak atzo berri agentziei esan zien ez dagoela ETArekin negoziatzeko ezer. Desegitea besterik ez zaiola geratzen. Asteazkenean azalpen gehiago eman beharko ditu. Hain justu, Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuaz galdetuko dio Amaiur koalizioko diputatu batek gobernuari —ondorioez ETArekin hitz egiteko eskatzen die puntu horrek bi gobernuei—.

Aieteko Bake Konferentziaren bide orriari jarraituz eman zuen ETAk armak uzteko erabakiaren berri. Bide orri horretako bost puntuetatik bete den bakarra da. Hamahiru hilabete hauetan gertatu denaz eta gertatu ez denaz azterketa ere egiten du erakunde armatuak agirian, Naiz.info agerkariak jakinarazi zuenez.

Blokeoa dagoela uste du erakunde armatuak, eta Espainia eta Frantziako gobernuen jarrera salatu du. Nolanahi ere, euskal gizarteak «blokeo hori» gainditzeko adina gaitasun eta indar baduela gaineratu du. Lan horretan eta gatazka konpontzen nazioarteko komunitateak ere baduela egitekorik uste du ETAk.

Hain justu, aste honetan izan da Euskal Herrian Jonathan Powell, Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako bat. Iazko Bake Konferentzian parte hartu zuten eragileekin bildu zen.

Publizitatea