Konponbideari begira

Analisiak

Arbelari begira. Bizikidetzari buruzko Baketik-en ikastaroa

Pentsatu; beraz, insistitu

 

2012-11-23 / Jokin Sagarzazu

Pertsona hobetzeko ahalmena duen izakia dela ondorioztatuz amaitu zen lehen saioa. Gatazka baten aurrean, norberak duela konponbidearen giltza. Bide bat aukeratu edo bestea, horren arabera, erraztu edo oztopatu daitekeela ondorengo bizikidetza. Bide gurutze horietaz mintzatu da aste honetan Peio Sarasua Baketik-eko kidea. Gatazka baten aurrean bi jarrera har daitezkeela dio: amore ematea edo insistitzea. Lehenak ekarriko luke baten garaipena eta bestearen porrota. Eta insistitzeak?

Gatazka batean beti daude bi alderen edo gehiagoren arteko helburu edo ikuspegi kontrajarriak. «Aukerak hartzera behartzen gaituzte gatazkek», dio Sarasuak. Bi eratako aukerak hartzera: suntsitzaileak edo eraikitzeak. Jarrera suntsitzaile batean insistitzeak ez luke gatazkaren konponbidea ekarriko. Jarrera eraikitzaile batek, aldiz, erraz dezake bidea. Bigarren horrek, baina, borondatea eta determinazioa eskatzen du, eta denbora.

Jarrera eraikitzaile bat landu ahal izateko hiru dira gakoak, Sarasuak azaldu duenez. Aurrena, gatazkei aurre egiteko norberak hartzen dituen oinarrien berrikuspena egitea. Norberak, gizatalde baten parte den neurrian, badu balore sistema bat, eta kausa bat, gatazken kasuan. Jarrerak eraikitzailea izan nahi badu, arrazoi goren horren gainetik giza duintasunarena jarri behar dela dio Sarasuak.«Horrek ez du esan nahi gure kausak galtzen duenik; birkokatu egiten dugu». Horrek ekarriko luke, besteak beste, jarrera suntsitzaileen metodoak baztertzea (indarkeriatik elkarrizketarako jauzia egitea), pertzepzioen aldaketa (etsaiaren irudia eta etiketak alde batera uztea) edo argudioak aldatzea (biktimismotik alde anitzeko minaren aitortzara).

Bigarren gakoa litzateke aztertzea zer gertatzen den gatazkaren eta norberaren artean, etsaia alde batera utzita. Alegia, biktimismotik eta dogmatismotik ez justifikatzea norberaren jarrera. Horretan garrantzia handia dauka kontakizunak edo errelatoak. Lanketa hori egiteko, pertsona izaki mugatua dela aitortu behar da lehenik, «bestearen begietatik ikasi behar da», Sarasuak azaldu duenez. «Ezin dugu dena jakin, eta gurea ez da ikuspuntu bakarra, egia osoa».

Hirugarren gakoa, berriz, kanpora begirako jokabidea edo elkar eragitea litzateke. Horretan leku garrantzitsua dauka elkarrizketak, entzuteak. Sarasuak bi elkarrizketa mota bereizten ditu: batetik, estrategien menpeko elkarrizketak edo irabaztea helburu dutenak, eta, bestetik, egia zabaltzea helburu dutenak. «Bi aldeek irabaz dezaten, puntu komunak bilatzea helburu dutenak».

Baina zer gertatzen da alde batek bakarrik gisa horretako elkarrizketak eskatzen dituenean?. «Ez dagoela ondo ikusia, ahultasuna agertzen duelako», erantzun du entzule batek. Horren aurrean, insistitzea besterik ez dela geratzen adierazi du Sarasuak. Alde bakarreko urratsak eginda, baldintzak sortuz, gatazka konpondu nahi dutenak mahaiaren alde berean eser daitezen.

Publizitatea