Konponbideari begira

Berriak

Aieteko Adierazpena. Eragileen bilera

Aieten iparraldetik ateratzen da eguzkia

Alde nabariak egon dira Ipar eta Hego Euskal Herriko eragileen jarreren artean. Iparraldeko alderdi nagusi guztietako ordezkariak izan dira bileran; Hegoaldetik, berriz, PSE-EE eta PP falta izan dira.
MoDem alderdiko Jean-Rene Etxegarai, ABko Jakes Bortairu eta PSko Kotte Ezenarro, atzo.
MoDem alderdiko Jean-Rene Etxegarai, ABko Jakes Bortairu eta PSko Kotte Ezenarro, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

2012-11-21 / Jokin Sagarzazu

Lan bilera bat zen atzokoa. Ez gehiago, ez gutxiago. Eta hala hartu zuten bertan parte hartu zuten eragileek. Gorbatak eta beste etxean utzi, eta mahuka hutsik joan ziren. Eragile guztiek erakutsitako prestasuna nabarmendu zuen Powellek, bilera amaitu ostean eginiko balorazioan. Eta iradoki zuen poliki bada ere Aieteko parkean iaz landatutako haziak hazten jarraitzen duela. Arbolak, baina, eguzkia behar du hazteko. Eta hori, egun eta Aieten, iparraldetik irteten dela dirudi.

Ez zen iazko argazkia errepikatu. Besteak beste, bileraren xedea beste bat zelako. Baina argazki txikiago batzuk utzi zituen atzokoak. Bat aipatzekotan, Ipar eta Hego Euskal Herriko eragileen jarreren artean egun dagoen aldea nabarmendu daiteke. Iparraldetik ordezkaritza zabala joan zen Donostiara, UMPtik hasi eta ezker abertzaleraino. Denak batera iritsi ziren ia, eta batera joan ziren, aurretik, adierazpenak egiteko prestasuna agertuta. Haiek izan ziren, gainera, Aieteko jauregia uzten azkenak, eta Powellekin denbora gehien eman zutenak.

Argazki berean azaldu ziren UMPko Max Brisson eta Marc Oxibar, MoDem-eko Jean-Rene Etxegarai, PSko Kotte Ezenarro, Berdeetako Jean Lizar, CFDT sindikatuko Michel Larralde eta Jean-Pierre Etxeberri, ABko Jakes Bortairu eta EAJko Txaro Goikolea —Joseba Aurrekoetxea Hegoaldeko alderdikidearekin joan zen Goikolea, baina, irteterakoan, besteekin batera gelditu zen—.

Atzoko bileran parte hartu zuten Iparraldeko beste bi eragile ez ziren argazki horretan azaldu. Batasuneko Anita Lopepe —ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Pernando Barrenarekin azaldu eta joan zen—. Eta Frederique Espagnac senatari sozialista. Espagnac bileran izan bazen ere, ez zen komunikabideen aurretik pasa, kamerak saihesteko asmoz, eta haren parte hartzeak esanahi berezia duela jakitun.

Espagnac Frantziako Gobernuan dagoen alderdiaren bozeramaile hautatu dute joan den asteburuan, eta Ipar Euskal Herriko eragileek gatazkaren konponbidearen alde eman duten irudi bateratuaren ikurretako bat bihurtu da. Bai Lurralde Elkargoaren alde, bai Aurore Martinen atxiloketa salatzeko eginiko ekinaldietan, lehen lerroan azaldu da. Baina orain izan daiteke bozeramaile kargua hartu berri duelako edo haren alderdikide eta Deszentralizaziorako ministro Marylise Lebranchuk atzo bertan Lurralde Elkargoaren etorkizuna ezbaian utzi zuelako, argazkian ez azaltzea erabaki zuen Espagnacek.

Nolanahi ere, irakurketa bateratua egin zuten Iparraldeko eragileek. Komunikabideen aurrean, Brisson eta Lizarrrek adierazi zuten baikor atera zirela Powellekin izandako bileratik. Nabarmendu zuten Aieteko Adierazpenak Ipar Euskal Herriko eragileen jarrera aldatu duela, eta adierazpen hori «filosofia bat» izateaz gain, «gauzatu beharreko prozesu bat» dela.

Oso ezberdina izan zen Hegoaldeko eragileen jarrera. Nor bere kasa iritsi zen Aietera, eta ezer esan gabe joan ziren —prentsa oharrak bidali zituzten arratsaldean—. Banakako argazki horiez gain, hutsune nabarmenak ere izan ziren. Iazko konferentzian parte hartu zuen PSE-EErena, eta, aurrekoan bezala, atzokoan ere izan ez ziren PP eta UPNrena.

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre izan zen Aietera iristen lehena, eta hark agurtu zituen parte hartzaile guztiak. Jesus Uzkudun CCOOkoa, Xabi Soto Alternatibakoa eta Xabier Anza ELAkoa izan ziren goiztiarrenak. EAJkoak iritsi ziren gero. Iparraldeko eragileak ondoren, eta, haien jarraian, Jose Navas EBkoa eta Mikel Arana eta Isabel Salud Ezker Anitzakoak, elkarren atzetik, eta Jonathan Powell zekarren autoarekin batera. EAko Ikerne Badiola eta Mariano Alava sartu ziren gero, eta, 10:00 jotzear zirela, ezker abertzaleko ordezkariak, LABeko Ainhoa Etxaide, Geroa Baiko Uxue Barkos eta Aralarreko Patxi Zabaleta eta Jon Iñarritu. Powellen adierazpenaren aurretik alde egin zuten denek.

Atzoko bilerak ikusmin handia piztu zuen —40 kazetari inguru izan zen bertan—. Baina PSE-EEren huts egiteak, batetik, eta alderdi jeltzaleak bertan parte hartzeko agertu duen uzkurtasunak, bestetik, indarra kendu zioten bilerari. Paul Rios Lokarriko kideak azaldu zuenez, lan bilera pribatu bat egitea zen hasierako asmoa, baina filtrazioak medio, Powelli adierazpenak egiteko eskatu zioten. Eta hala egin zuen, ohi duen diskrezioarekin eta inoren lana konprometitu gabe; ez eragileena, ez gobernuena.

Publizitatea