Konponbideari begira

Berriak

Aieteko Adierazpena. Eragileen bilera

Jarraipen Batzordea eratuko dute, Aieteko bide orrian aurrera egiteko

Aieteko Adierazpena aurkeztu zutenetik urtebetera, eragile gehienak berriz bildu dira, bost puntuak zertan diren aztertzeko Jonathan Powellek eragileen iritziak jaso ditu, eta sinatzaileekin hitz egingo du orain
Jonathan Powell, Juan Karlos Izagirre eta Paul Rios, atzo, Aieteko Bakearen Etxearen aurrean.
Jonathan Powell, Juan Karlos Izagirre eta Paul Rios, atzo, Aieteko Bakearen Etxearen aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2012-11-21 / Oihana Elduaien Uranga

Aieteko Adierazpena betetzea nahi dute. Puntuz puntu. Aurrenekotik bosgarrengoraino. Akuilua sartu behar bada, sartzeko prest daude, eta horretarako tresna eraginkorra izan daitekeela uste dutelako, Adierazpenean bertan aipatzen den Jarraipen Batzordea jarriko dute martxan. Agiriaren sinatzaileetako bat den Jonathan Powellek jakinarazi zuen hori, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blairren kabineteburu izandakoak, atzo, Aieteko Bakearen Etxean, duela urtebete han bertan egin zen Nazioarteko Konferentzian parte hartu zuten eragile gehienekin bilera egin ostean, entzundakoa gainerako sinatzaileei helarazteko lanari heldu aurretik —haien ordezkari etorri zen Lokarrik antolatutako bilerara—.

Iazko Bake Konferentzian parte hartu zuten gehienak Aieten izan ziren atzo, 13 hilabete geroago. Parte hartzaile batzuk ere falta izan ziren, ordea. Duela urtebete, nazioarteko eragile entzutetsu ugarirekin batera izan ziren PSE-EEko kideak, esate baterako, baina ez ziren joan atzo, eta Eusko Legebiltzarra ere atzo osatzen zenez, bigarren mailako ordezkaritza bidali zuten han hautetsiak dituzten alderdi eta koalizioetako kide gehienek. Iazko bileran bazeuden Jesus Egiguren eta Iñigo Urkullu, esate baterako, baina ez ziren Donostian izan atzo.

PSE-EEko ordezkaritza bileran egoteko «baldintzarik eta arrazoirik» ez zegoela esan zuen Rodolfo Aresek larunbatean, gehiago zehaztu gabe, eta ezker abertzaleari bilera «kapitalizatu» nahi izatea egotzi zion Denis Itxasok, atzo.

Nolanahi ere, iazko distira izateko xederik ez zeukan bilera egin egin zuten atzo. Bilera itxia eta diskretua izatea nahi zuten, gertatzen ari denari neurria hartzeko saioa, akuilua non sartu erabakitzeko. Urtebetean zer izoztu den eta zertan egin den aurrera aztertu zuten. Entzun egin zuen, batik bat, Powellek. Bost puntuetan aurrera egin den edo ez aztertu, eta gauzak nola doazen ikustera etorri baitzen. Jarraipen talde batek egingo lukeena egin zuen, eta hain justu, talde horren beharra azpimarratu zuen bileratik irten orduko. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak esan zuenez, Batzorde hori sortzeaz hitz egin zuen Powellek bileran, eta eragileek jarrera baikorrarekin erantzun zioten.

Ondorio bat nabarmendu zuten atzoko bileran izan ziren guztiek; konferentzia egin zenetik izan den aldaketarik begibistakoena, alegia: ETAk armak utzi dituela. «Denok bat etorri gara indarkeriaren behin betiko amaiera ikusi dugula, eta aro berri bat dela hau», esan du Powellek. Hortik aurrera, ez zuen edukiei buruz xehetasunik eman; «gertatu denari eta gertatu ez denari buruzko balorazioak jaso ditut», esan zuen, gehiago zehaztu gabe.

Betetzeko edo bidean

Nolanahi ere, ez da oso zaila bete diren, bete gabe dauden eta urratsak egin arren erabat burutu ez diren puntuak zein diren asmatzen. Adierazpenaren aurreneko puntua bete da: ETAk armak utzi eta borroka armatuaren ondorioei buruz hitz egiteko eskaintza egin zien Frantziako eta Espainiako gobernuei. Bigarren puntua bete gabe dago: gobernuek erakunde armatuarekin elkarrizketak abiatzea, ETAren eskaerari jarraituz. Hirugarren puntua betetzeko urratsak egin dira: «Eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitorpena eta horien laguntza, eta baketzean aurrera egiteko urrats sakonak» egitea. Laugarren puntua, hegoaldean behintzat, agerian bete gabe dago: «Eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko».

Blokeoa non dagoen eta nola askatu behar den aztertu eta iritzia eman zuten eragileek, ordu eta erdiko bileran. Aralarreko ordezkaritzak jakinarazi duenez, Espainiako eta Frantziako gobernuen «konpromiso falta» aipatu zuten eragileek, baina Powellek ez zuen baloratu instituzio zein eragileen lana. Hori bai, iturri horien arabera, lanean jarraitu beharra azpimarratu zuen.

Entzundako eta sumatutakoak adierazpenaren beste sinatzaileei helaraztea izango du orain egiteko nagusia Powellek, eta gero ikusiko da jarraituko duten bidea.

Informazio osagarria

Publizitatea