Konponbideari begira

Berriak

Baionako Bake Foroa

Gizartearen engaiamendua piztea ukanen du helburu Baionako Foroak

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta Europako hiru fundazio presente egonen dira abenduaren 15eko foroan Egun batekoa izanen da, baina urtebete iraunen duen zikloaren abiapuntu izanen da
Ezkerretik hasita: Blanco, Arzak, Zavoli, Desprez, Funosas eta Massias, Baionako unibertsitatean egindako aurkezpenean.
Ezkerretik hasita: Blanco, Arzak, Zavoli, Desprez, Funosas eta Massias, Baionako unibertsitatean egindako aurkezpenean. GAIZKA IROZ

2012-11-14 / Aitor Renteria

Aieteko bake konferentzian nazioarteko eragileak bilkura itxi batean bildu zituen bezala, abenduaren 15ean Baionan egitekoa duten foroak euskal gatazkaren konponbidea gizarteratzea ukanen du helburu. Ohikoa ez den tokian eginen dute, Baionako Unibertsitatean, mahai inguruak jendeari irekiak izanen dira, eta, nazioarteko eragileekin batera, Aieteko bilkuran parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko eragile politikoak presente izanen dira. Horien ondoan, Frantzian giza eskubideen arloan diharduten eragileak. Baionako Unibertsitateko dekano Philippe Zavoli eta Zuzenbide irakasle Jean Pierre Massiasek, Lokarriko Aitziber Blancok eta Iñaki Arzakek eta Bake Bidea mugimenduko Anais Funosasek eta Christophe Desprezek aurkeztu zuten egitaraua.

Jakintza eta ikerketaren abaroa da unibertsitatea, bertako hainbat ikaslek euskal gatazka dute ikasgai eta ikerketa lanen xede. Bake justu eta iraunkorra nola lor daitekeen aztertzea izanez helburua, leku egokia dela iritzi diote antolatzaileek.

«Urte bete pasatu da Aieteko Adierazpena egin zenetik, eta Bake Bidea mugimenduak Baionako foroa antolatzeko gomita egin zigularik, gogotsu hartu genuen, bakea eraikitzea guztioi dagokigulako eta horretarako gizartearekin partekatu behar delako», erran zuen Blancok. Hiru arrazoi nagusi aipatu zituen, antolaketan parte hartzeko: batetik, foroa gizartearentzat dela; bestetik, aitzinamenduak egitea bake prozesuan; eta azkenik, unibertsitatearekin egin lankidetzak Aieteko bide orrian sakotzeko eta gizarte eragileekin gogoetak partekatzeko aukera delako.

Bake Bidea duela hilabete pasa sortu zen, eta oinarrian dago gizarte zibilak parte hartzea Euskal Herriak ireki duen prozesuan. Hastapen batetik, gizartea Aieteko adierazpenaren garrantziaz jabetu zen, eta han finkatu ildoetan sakontzea zuen helburu. «Prozesu bat bururaino heltzeko, bake justu eta iraunkor batera heltzeko, gizartearen parte hartzea ezinbestekoa da, eta horren parte hartea lortu behar dugu. Guztiak bihurtu behar gara prozesu horren aktore», erran zuen Funosasek. Norabide horretan, foroa bake prozesua bera ulertzeko tresna izanen da, hala aitzinera egiteko behar diren tresnak eraiki ahal izateko. Elkarrekin arituz, bide hori asmatzea da erronka, bururaino eraman ahal izateko.

Urte beteko zikloa

Abenduaren 15eko hitzordua ziklo baten barruan dago, eta horren abiapuntu izanen da. Egun horretan, Aieteko adierazpenaren garrantzia, edukia eta horren inguruan izandako ikuspegiak landuko dira. Hiru mahai inguru egonen dira. «Baina denok dakigu egun bakarrean ezin dela behar bezala sakondu konponbidean, eta, horregatik, urtebete iraunen duen zikloa ezarri dugu abian», erran zuen Massiasek. Abenduaren 15etik landa, 2013an, arloz arloko lau bilkura eginen dira. Lehenean, aipatuko dira bake prozesua eta bortizkeria politikoa, haien barruan dauden arazoak deklinatuz, hala nola presoak, salbuespen legediak, amnistia, armak ematea, eta abar. Bigarrenean, bake prozesua eta gizartea jorratuko da, eta gobernuz kanpoko erakundeek eta hedabideek zer ekarpen egin dezaketen aztertuko. Hirugarrenean, gatazka pairatu duen lurraldearen birrosaketa aztertuko da, autodeterminazioa eta lurraldetasuna barne. Laugarren bilkuran, memorian sakonduko da, aldi baterako justizia, egia eta adiskidetzea. Ondotik ziklo osoaren bilduma egiteko bilkura izanen da.

Prozedurari dagokionez, Baionako foroa goizeko bederatzietan abiatuko da, eta parte hartzaileei harrera eginen zaie. Goizean, Brian Currin eta Jean Pierre Massiasek sarrera txostenak irakurriko dituzte. Oren bat iraunen du, eta berehala abiatuko da eguneko lehen mahai ingurua, Aieteko testuingurua aztergaia hartuta. «Garrantzitsua da jakitea zergatik izan duen arrakasta Aietek, eta zergatik porrot egin zuten Aljeriako eta Loiolako solasek», azaldu zuen Massiasek.

Arratsaldean, bertze bi mahai inguru izanen dira, Aieteko adierazpenaren oinarrietan sakontzeko eta Frantziak bake prozesuarekiko hartu duen jarrera aztertzeko. Bukaeran, Bake Bideako kide batek eta Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak eginen dute topaketaren bilduma.

Gizarteari irekia izanik, antolatzaileek parte hartze handia espero dute. Gelak 400 pertsona har ditzake, eta, horregatik, Internet bidezko kasu egiteko aukera bermatu nahi dute. Itzulpen zerbitzua ere egonen da, euskarara eta frantsesera. «Funtsezkoa iruditzen zaigu eztabaida osoa euskaraz segitu ahal izatea».

Informazio osagarria

Publizitatea