Konponbideari begira

Berriak

Prozesuan «parte hartze aktiboa» izateko eskatu dio Aralarrek Europari

 

2012-11-13 / Erredakzioa

Aieteko Adierazpenaren lehen urteurrenaren karietara, Aralarrek gutun bat bidali dio Europako Batzordeko lehendakariorde eta Justizia, Oinarrizko Eskubide eta Herritartasun komisario Vivian Redingi, EBk konponbide prozesuan «parte hartze aktiboa» izan dezala eskatuz. «Ezin da euskal gatazka Espainiaren eta Frantziaren barne gatazka soiltzat jo, EB osoari dagokion auzitzat baizik», adierazi dute Inaki Irazabalbeitia Aralarreko Kanpo Harremanetarako arduradunak eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatu eta Aralarreko ordezkariak Donostian eginiko agerraldi batean. Horrez gain, Aralar partaide den Herrien Europa koalizioko eurodiputatu Ana Mirandak ahozko galdera egingo dio Europako Batzordeari, gauza bera eskatuz. Urrian, prozesuan eragile aktibo izatera deitu zuen Basque Friendshipek EB —bake prozesuaren alde Europako Parlamentuan sortutako taldea da Basque Friendship—.

Aralarren gutunak dio Espainiak eta Frantziak ez dutela urrats positiborik egin, eta salatu du ekintza armatuen amaieraren aurreko politikak aplikatzen jarraitzen dutela. Ondorioz, alderdiak uste du bake prozesua «impasse egoeran» dagoela. Horrez gain, Aralarrek beste bi eskaera egin dizkio EBri: aholkua ematea gobernuei Aieteko Adierazpenaren bigarren puntua aplikatzearen zein ETArekin hitz egiten hastearen komenigarritasunaz, eta Espainiako Gobernuari eskatzea indargabetu ditzan ETAren kontrako borrokan garatutako «salbuespenezko legedia» eta Auzitegi Nazionalaren moduko «salbuespeneko tribunalak».

Publizitatea