Konponbideari begira

Berriak

Otegik dio «komunikazio kanalak» zabaldu behar direla ETAren biktimekin

Hamabi eguneko bakartze zigorra ezarri dio Logroñoko espetxeak, BECerako grabatutako hitzengatik

2012-11-13 / Erredakzioa

ETAren biktimekin elkarrizketak abiatzearen alde azaldu da Arnaldo Otegi, Kataluniako Ara egunkarian egindako elkarrizketa batean. Adierazi du ezker abertzaleak hori egitea «oso mesedegarria» izango litzatekeela «denentzat». Hitz egiteko prest daudenekin komunikazio kanal «zuzenak edo zeharkakoak» irekitzearen alde azaldu da Otegi.

Halaber, ezker abertzaleak bide baketsuen alde eginiko apustua atzeraezina dela berretsi du, eta «indarkeria armatuaren erabilerarekiko aurkakotasun politikoa» azaldu. Esan du estrategia aldaketa «iraultza intelektuala» izaten ari dela ezker abertzalearen barnean, eta bide soilik baketsuak hautatzera iristeko hausnarketa prozesua «luzea» izan dela, besteak beste, «legez kanporatzeen eta jazarpenaren» eraginez. Hala ere, gaineratu du hain justu horrek bermatzen duela «apustuaren atzeraezintasuna».

Logroñoko espetxeko Diziplinazko Batzordeak, berriz, hamabi eguneko bakartze zigorra ezarri dio Otegiri, eta hiru egunez patiora irteteko debekua. Barakaldoko BECen EH Bilduk eginiko hauteskunde kanpainako ekitaldirako Otegik grabatutako adierazpenengatik zigortu dute. Oraindik ez diote zigorra ezarri, Jone Goirizelaia abokatuak helegitea jarri duelako erabakiaren aurka. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok erabaki beharko du zigorra berretsi edo ez. Hitzaldiaren ostean, Logroñoko espetxeak komunikazioak eten zizkion Otegiri, eta diziplinazko espedientea ireki zion. «Espetxeko segurtasun informazioa emateagatik» eta komunikazioetan «iruzur» egiteagatik.

Publizitatea