Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Manifestazioa Baionan

Esan dute presoen egoera konpontzea dela bakerako gakoa

Manifestazioan parte hartu duten guztiek gogoan izan dute Aieteko Adierazpena eta berretsi dute ildo horretan segitzeko nahia Aurore Martinen Espainiaratzea gogoan izan dute Baionan bilduriko guztiek
Euskal presoentzako elkartasun keinuak ugariak izan ziren manifestazio osoan zehar, eta San Andres plazan pankarta erraldoi bat jarri zuten.
Euskal presoentzako elkartasun keinuak ugariak izan ziren manifestazio osoan zehar, eta San Andres plazan pankarta erraldoi bat jarri zuten. BOB EDME

2012-11-11 / Jenofa Berhokoirigoin

Gatazkaren konponbidean, euskal preso politikoen eskubideen errespetua izan beharko da Frantziako eta Espainiako gobernuek eman beharko duten lehen pausoa. Hori gabe, bake justu eta iraunkorrik ez dela lortuko azpimarratu zuten Baionan atzo bilduriko eragileek.

LAURA MINTEGI EH Bilduko lehendakarigaia

«Estatuei esan nahi diegu garaia dela bakearen aldeko urratsak egiteko»

«Euskal Herria Bildu koalizioak elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio Herrira-k antolatu duen manifestazioari. Era berean, salatu behar dugu Aurore Martinen atxiloketa eta Madrilera kanporatzea. Presoen aldeko eskubideen aldarrikapena da eta aldarrikapen transbertsala. Euskal gizartean eratua eta indar ezberdinek sostengatzen duten aldarria da. Frantziako eta Espainiako estatuei esan nahi diegu garaia dela bakearen aldeko urratsak egiteko eta haiek inplikatu behar dutela haien politika, haien indarra, Aieteko konferentziaren ildotik bakea ekartzeko Euskal Herrira. Amaitzeko, hiru dira aldarrikapen nagusiak. Batetik, eri dauden presoak askatzea; Parot izenarekin ezagutzen den doktrina bertan behera uztea ;eta, azkenik, presoen sakabanaketa gelditzea. EH Bildutik, gure babesa eman nahi diegu Aurore Martini, euskal preso politikoei eta Herrira-ri».

FREDERIQUE ESPAGNAC Senatari sozialista

«Ulertzen dugu presoen senideen samina, eta presoen hurbiltzeko pausoa behar da»

«Mobilizazio azkar bat dugu eta hori entzunarazi behar dugu Parisen. Hainbat gauza gertatu dira eta gaur egun. Espero dugu gauzak aitzinatuko direla, ulertuko dugula azkenik zer gertatu den Aurore Martinen kasuan, eta urratsak egiten segituko dugula bakera heltzeko. Ulergaitza bada ere, presoen gaia eta bake prozesua bereizirik hartzen dituzte gaur egun Parisen. Aurore preso dago eta ahal bezain laster ateratzea lortu behar dugu. Hori da gu, diputatu eta senatariek burutu behar dugun lehen bataila. Presoei dagokienez, orokorrean, azpimarratu behar da urtea bete dela Aieteko konferentzia egin zenetik. Gu bide horretan kokatzen gara. Batetik, ulertzen dugu presoen senideen samina eta presoak hurbiltzeko urratsak egin behar direla. Baina beste alde batetik, bada biktimen samina. Ezin dira bi samin horiek bereizi. Bake prozesuan aitzina egin ahal izateko, bien samina hartu behar da kontuan. Horregatik da garrantzitsua sozialistak presente egotea manifestazioan. Ez dut uste orokortu daitekeenik Frantziako gobernua jomuga hartuz. Jakin behar da gauzak bereizten».

PHILIPPE POUTOU Frantzia mailako NPAren ordezkaria

«Autodeterminazio eskubidea behar du Euskal Herriak»

«Aurore Martini eta, bistan da, euskal preso politikoei sostengua erakustera etorri naiz. Aurore Martinen askatzea, preso guztien Euskal Herriratzea eta askatuak izaten ahal direnen berehalako etxeratzea eskatzen dugu. Baina, finean, autodeterminazio eskubidea behar du Euskal Herriak, eta gatazka politiko honi aterabide politiko bat ekarri behar zaio. Maleruski, Frantziako eta Espainiako Estatuak ez dira horretan. Herri presioa beharrezkoa da estatuen mugiarazteko eta manifestazio hau garrantzia handikoa da horrentzat».

JAKES BORTAIRU ABko kidea

«Ahal bezainbat jende biltzea inportantea zen, erantzun tinkoa emateko estatuei»

«Gaurko deialdia euskal presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko deiturik da. Baina horren gainetik dago duela urte bat Aieten abiatu zen bake prozesuaren bidean funtsezko aldarrikapen bat plazaratzea, eta prozesu horri bultzada bat ematea. Urte baten buruan, estatuek ez dute erakutsi borondate handirik bakea eraikitzeko. Alderantziz, egon dira jarrera errepresiboan eta, are gehiago, gobernu berriak, sozialistek, burutu dute ekintza bat guztiz errepresiboa Aurore Martin estraditatuz. Beraz, inportantea zen gaur ahal bezainbat jende biltzea, erantzun tinkoa emateko eta bakearen apustua berresteko herri mugimendutik».

ANITA LOPEPE Batasunako ordezkaria

«Agertzen da presoei begira tabu bat erori dela, urteetan eraman lanari esker»

«Manifestazioak bere biziko garrantzia du, kokatzen delako testuinguru politiko jakin batean, eta ikusi dugulako zenbat jendek eta eragilek erakutsi dioten sostengua gaurkoari. Horrek erakusten du presoen gaiari begira hainbat tabu erori direla, azken urteetako lanaren ondorioz. Aurore Martinen atxiloketarekin, azken egunetako gertakariek eman diote tonalitate berezi bat manifestazio honi. Hemen bildu garenontzat, Euskal Herritik Parisi eta Madrili mezu argi bat bidaltzeko eguna da gaurkoa, Aurore askatzea eskatzen diegu noski baina, ere bai, preso eta iheslari politikoei begira aterabide bat proposatzea».

MARI JOSE BASURKO Idazlea

«Bakea nahi badute, presoei begira pausoak egiteko ardura dute gobernuek»

«Euskal preso politikoak ditut nire familian, ongi ezagutzen ditut kartzelak eta kartzeletara doazen errepideak. Kilometro anitz egin ditugu. Manifestazio anitz ere bai, presoen etxeratzea eta amnistia aldarrikatzeko. Espero dut gaurkoa azkenetarikoa izatea. Berehala hurbilduak izan behar dira presoak Euskal Herrira, hori eskubide bat delako eta, batez ere, hori delako justizia. Bakea nahi badute, pauso hori egiteko ardura daukate gobernuek».

CHRISTOPHE DESPREZ Giza Eskubideen Ligako presidentea

«Konponketako lehen pausoa dugu presoen egoerari begira eman beharreko erantzuna»

«Gatazkaren konpontzeko helburuarekin Euskal Herrian abiaturiko mugimendu demokratikoaren barnean kokatzen da erabat manifestazio hau. Lehen pausoetan kokatzen da euskal preso politikoen egoerari eman beharreko erantzuna. Ikusiz, Aurore Martini gertatutakoa eta azken aldi hauetako aktualitatea, sekulan baino gehiagoko garrantzia dauka mezu honek. Hemen jende horiek guztien artean egoteaz oso pozik naiz».

FILIPE BIDART Euskal preso politiko ohia

«Herri mobilizazioa dugu bide egokia eta beharrezkoa, egoera desblokeatzeko»

«Sekulako garrantzia du gaurko mobilizazioak. Horrelako jende andana bildu izanak plazer handia egiten du. Herri mobilizazioa dugu bide egokia eta beharrezkoa, egoera desblokeatzeko eta aitzinarazteko. Bai Aurore Martin eta euskal preso politiko guztiak libratzeko eta bai Euskal Herriaren ezagupena erdiesteko. Horrela segitu behar dugu mobilizatzen, geroz eta gehiago».

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Badakigu herri mobilizazioari esker ditugula estatuak mugiaraziko»

«Gaur milaka eta milaka pertsona bezala etorri gara, guztiak konturatzen ari garelako urrats ikaragarri bat ematen ari garela euskal presoen eskubideen defentsan; haiek Euskal Herriratzeko, libre uzteko. Badakigu herri mobilizazioari esker ditugula estatuak mugiaraziko. Herri honen eskaera hau, guztion ekimenez eta guztion indarrarekin estatuen aurrean jartzen dugulako izango dela badakigu. Presoen eskubideen alorrean urratsak ematen behartu dezakegu estatu frantsesa, hori da momentuak eskatzen duena, horrek benetan aurrera urrats handiak ekar lezake bake prozesuan. Behin eta berriz esan dugunez, ez gaude prest bakerako sortu ditugun aukera horiek alferrik galtzen uzteko, eta gure eskuetan dugun guztia eginen dugu aurrera urratsak emanarazteko».

MICHEL LARRALDE CFDTko idazkari nagusia

«Euroaginduaren erabilpena erabat desbideratzen dute »

«Euroaginduaren aurka gaude, gaur egun erabat desbideratzen dute prozedura honen erabilpena eta ezin dugu hori onartu. Ezin onartuzkoa da ideia politiko batzuengatik Aurore Martin Espainiako Estatuko kartzela batean egotea. Aurore ahal bezain laster askatzea exijitzen dugu».

PAXKAL INDO Seaskako presidentea

«Bakearen bidea egiazki jorratzeko garaia hor dugu»

«Uste dut lehen aldia dela euskal presoen aldeko manifestazio baterako deia egiten duela Seaskak. Batzorde eragileak erabaki zuen gaur Seaskaren lekua hemen zela, euskal presoen alde eta bakearen alde aitzinatzeko. Bakearen bidea egiazki jorratzeko garaia dugu. Euskara ez dugu salbatuko, ez badugu bakea luzerako instalatzen. Bide horretan badu Seaskak bere tokia eta horrentzat gaude gaur hemen, beste guztien artean».

AMAIA MUÑOA ELAko idazkari nagusiaren ondokoa

«Estatuen partetik bestelako erantzun bat aldarrikatzeko gaude hemen»

«Estatuen partetik bestelako erantzun bat aldarrikatzeko gaude hemen. Onartezina iruditzen zaigu presoen inguruan gertatzen ari dena. Gaur bezalako hitzorduen bidez mugitzeko aukera daukagula uste dugu eta horregatik daukagu konpromisoa gaur bezalako mobilizazioekin».

YVETTE DEBARBIEUX Hautetsi komunista, Bake BIdea-ko kidea

«Bake iraunkorra eta justua erdiesteko bidea presoen gaia konpontzetik pasatzen da»

«Euskal presoak Euskal Herriratzeko garaia dugu, ezin da gehiago itxoin. Bake iraunkorra eta justua erdietsi behar du Euskal Herriak, eta presoen arazoa konpontzetik pasatzen da horren lorpena. Zinez asaldatzen nau ikusteak nola norberaren askatasunak zangopilatzen dabiltzan Frantziako eta Espainiako estatuak».

KOTTE EZENARRO PS, Kontseilari nagusiko presidente ordea

«Bake prozesuarekin bat egin nahi ez izateaz hobenduntzat jotzen ditugu gobernuak»

«Jean Jaures-en J´accuse testua [Hobenduntzat jotzen dut], Aurore deitzen zen egunkarian agertu zen... Hemen gauden guztiok, bake prozesuarekin bat egin nahi ez izateaz hobenduntzat jotzen ditugu Espainiako eta Frantziako gobernuak».

OLIVIER DARTIGOLLES PCFaren bozeramailea

«Hemen agertu den sostengu zabala eta anitza entzun behar du François Hollandek»

«Aurore Martini gertatu zaionari buruz egia jakin nahi dugu, eta Aurorek bere etxera itzuli behar du berehala. Aurore Martinen engaiamenduaren alde edo aurka izan gaitezke, ez da hori kontua. Voltairek zion gisara, 'ez dut zuen ideia politikoekin bat egiten, baina horien adierazteko aukera ukan dezazuenaren alde borrokatuko naiz'. Gaur agertu den sostengu zabala eta anitza entzun behar du François Hollande presidenteak; energia baikorra sentitu da hemen. Hori entzun eta kontutan hartu behar du. Aurore Martinen egoera konpontzea goi mailako agintarien ardura da. Presoen bizi baldintzen hobetzearen alde naiz, baina gaur hemen naiz batez ere Martinen askatzea eskatzeko».

ANGELA MEJIAS Argazkilaria

«Ezingo dugu bakerik lortu gure lagunek presondegietan segitzen badute»

«Espero dut Frantziako eta Espainiako gobernuak mugituko direla eta aurrera pausoak emango dituztela bake prozesuaren bidean. Euskal herritar guztiei eta, batez ere, Aurore Martini nire elkartasuna adierazteko naiz manifestazio honetara etorri. Bakea lortu behar dugu Euskal Herriarentzako, eta ezingo dugu bakerik lortu gure lagunek presondegietan segitzen dute».

ALICE LEIZAGEZAHAR Eskualdeko kontseilaria (EEV)

«Hollande presidenteari argiki erraiten diogu bakearen bide horretan behar duela sartu»

«Inportantea da guretzako hemen egotea. Urtea betetzen da orain ETAk armak utzi dituenetik. Beraz, orain behar da bakea eraiki. Bakeak ez du erran nahi irabaztea. Bakea eraikitzea bide zaila da eta behar dugu Frantziako Gobernua horri lotu. Aldiz, keinu txarrak egin ditu. Bakea eraiki behar da eta betirako. Hori lortzeko, Frantziak edo Espainiako estatuek beharko dute urrats bat egin aitzinera. Hollande presidenteari argiki erraiten diogu bakearen bide horretan behar duela sartu. Ez gure kontra, gurekin baizik».

Publizitatea