Konponbideari begira

Analisiak

Maratila

Aurora

 

2012-11-10 / Lucien Etxezaharreta

Larunbat honetan jende osteak salatuko duenean Frantzia eta Espainiaren jarrera euskal gatazkaren konponbideari buruz, ez da horrelako gertakariaren ekiditerik. Ohargarri da nola batzuetan norbaiten egoerak errealitate oso bat bere baitan kontzentratzen ahal duen. Irlandako gatazka aipatzean, Cork hiriko alkate abertzalearen gose greba gogoratzen da: Terence Mac Swiney hil zen Londresen Brixtoneko kartzelan, 76 egunen buruan, 1920eko urriaren 25ean. Horrek izugarriko emozioa piztu zuen Eiren, baita mundu osoan ere, eta botere ingelesak asko galdu zuen horrekin.

Aurore Martinek itxura gazte eta ahularen atzean daukan indar sakonak herritarrak mobilizatzen ditu bere lekukotasunarekin, edozein ikuspuntu agerturik ere, bere kartzelatzea zuzengabekeria nagusi agertzen baita. «Beren buruari zintzurra egitera uzten duten lekukoak», Pascal-ek goretsi zituen, horiek egiaren testigu direlako.

Politika analisia egileek erraz gogoratuko dute duela 30 urteko egoera Iparraldean. Hainbeste hitzemanik, euskal departamendu, ikastolen estatutu edo iheslarien babestea, ukamen orokorra gertatu zen, Espainiako agintariek aurkariak terroristatzat kontsideraraziz, eta GAL bideratuz Frantziako agintari konplizeekin. Gaur egun, boterean diren ezkerreko sozio demokraten bake ukamena hor dugu berriro.

Esperantzari leiho bat ireki nahiz jende asko ari da. Aurora honek goiznabar zerbait gogorazten du. Hemengo zauri eta minen azken egunera hurbiltzen ari garela? Ala Petrograden Aurora gerraontziak botatu zituen lehen tiroak ote dira, 1917ko iraultzaren hasieran?

Publizitatea