Konponbideari begira

Berriak

«Bakerako aukera» baliatzera deitu du Lokarrik

Prozesua sendotzeko hamabi gomendio jasotzen dituen agiri bat helarazi die alderdi politikoei

2012-11-09 / Erredakzioa

Hurrengo bi urteetan Hego Euskal Herrian hauteskunderik izango ez denez, Lokarrik alderdi politikoei eskatu die «bakea errotzeko aukera» baliatzeko. Bake prozesua aurrera eramateko hamabi gomendio biltzen dituen agiri bat helarazi die, eta, besteak beste, «bazterketarik gabeko» elkarrizketak hastera deitu ditu.

Lokarriren arabera, «euskal gizartearen garaipen kolektiboa» izan dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, «ETAren indarkeriarik gabe egindako lehenak izan baitira eta alderdi politiko guztiak aurkeztu ahal izan direlako». Orain «garai emankor» hori jarrera eraikitzaile batekin sendotu behar dela adierazi du. «ETA eta gobernuen arteko elkarrizketarik gabe, espetxe politikan mugimendu ageririk gabe, euskal gizarteak izan behar du bake prozesuaren protagonista, eta alderdiek daukate elkarrizketa bultzatzeko aukera». Alderdi politikoei bidalitako agiriaren edukiak Baketik zentroarekin kontrastatu du Lokarrik, bi erakundeen arteko hitzarmena dela-eta.

Herritar sareak alderdiei ohartarazi dienez, prozesua «luzea eta konplexua» izango bada ere,eurak dira hori aurrera eramateko arduradun nagusiak. Hori hala, aurreikusitako bidea ez den beste batzuetatik ere aurrera egin daitekeela azaldu die, eta elkar ulertu, errespetatu eta elkarlanean aritzera deitu. «Alderdi politiko, gobernu eta instituzioen ardura da gizarteak dituen arazoei konponbidea jartzea. Zailtasunen aurrean ezin dute etsi. Ez asmatzea ulergarria da; ez saiatzea, onartezina».

Bake nahia «ekintza konkretuetan» gauzatu behar dela ere esan die, gizatasun keinuen bidez, komunikazioaren bidez edota elkarlanean aritzeko prestasuna agertuz. Horren harira, beste alderdien proposamenen aurrean «zalantzarako tarte bat mantentzea» komenigarria dela adierazi die. «Kritikaren bidez erantzun beharrean, galderak egitea alderdi bakoitzaren posizioen atzean dauden interes eta motibazioak ulertzeko bide on bat da». Halaber, «bestearen mugak» non dauden ulertzeko elkarrizketa eta «enpatia» beharrezkoak direla nabarmendu du Lokarrik. Prozesu horretan, halaber, euskal gizartearen zein gatazkaren parte zuzena ez diren baina esperientzia daukaten pertsonen ekarpenak aintzat hartu behar direla nabarmendu du.

Publizitatea