Konponbideari begira

Berriak

Bake prozesuan urratsak egiteko eskatu diote hautetsiek Hollanderi

Suprefeturako karrika itxirik, polizia hesi batek trabatu zion bidea alderdi guztietako goi hautetsiek osatu zuten ordezkaritzari Bakea eraikitzeko aukera erreala dagoela erran dute, eta Martinen atxiloketa gaitzetsi
Polizia hesiak kolore pollitiko guztietako hautetsiei eragotzi zien Suprefeturarako sarbidea.
Polizia hesiak kolore pollitiko guztietako hautetsiei eragotzi zien Suprefeturarako sarbidea. GAIZKA IROZ

2012-11-06 / Aitor Renteria

Haserrea, gutxiespena eta borondate irmoa. Horiek izan ziren Ipar Euskal Herriko alderdi guztietako goi ordezkariek izan zuten sentipena, hitzetan adierazi zutena, polizia hesi batek Baionako suprefeturarako bidea itxi eta hara hurbiltzen utzi ez zietelarik. UMP, PS, Modem, AB, Batasuna, Berdeak, independenteak... Ezohiko bidaia-lagunak elkarrekin adostu gutun bat emateko Frantziako presidente Francois Hollanderi. Baina Hollandek Baionan duen ordezkariaren ateak itxiak ziren. Ateak zaintzen zituzten poliziek ez zuten zalantzarik izan sartu nahi zuten hautetsiak gibelera bultzatzeko, kontuan hartu gabe Frantzia gobernatzen duen diputatu edo departamenduan oposizioko zerrendaburuak diren, Akitaniako Kontseilari edo Kontseilu Nagusiko presidenteorde.

Aho batez gaitzetsi zuten Aurore Martin Batasuneko militantearen atxiloketa joan den larunbatean. Atzokoa argazki haren gizarteratzea izan zen. Ozenagoa, hautetsi gehiagok jarrera hartu eta izenpetu dutelako Hollanderi igorritako gutuna. Zabalagoa, gizarte eragile ugarik hartu zutelako parte, hala nola Giza Eskubideen Aldeko Ligak, euskalgintzako pertsona ezagunek, Euskal Konfederazioko ordezkariek, aterpe gabekoei laguntza ematen dieten elkarteetako kideek, sindikatu guztietako ordezkariek. Herritarragoak txalo artean hartu zituelako hitza hartu zuten hautetsi guztien iritziak, kolore politikoaren gainetik.

«Frantziako diputatua naiz, eta nire lana da gobernuaren lana zaintzea. Poliziak ezin dit hori ekidin», erran zien Colette Capdevielle diputatu sozialistak polizia buruei. Haren ondoan Max Brisson Pirinio Atlantikoetako UMPko burua, Michel Veunac Miarritzeko auzapezorde zentrista, Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria (Berdeak), Martine Bisauta Baionako kontseilaria, Peio Etxeberri-Aintzart ABko zuzendaritzako kidea, Xabi Larralde Batasunekoa, Peio Dufau CGTko sindikalista, CFDTko ordezkariak, Alderdi Komunistakoak, NPAkoak, Ezkerreko Frontekoak...

Aurore Martin euroagindua baliatuz atxilotzea eta Espainian preso sartzea salatu nahi zuten hautetsiek. Horren gaitzespena idatziz helarazi nahi zioten Frantziako presidenteari. Tokiko erakunde publikoetako eta alderdietako goi buruek ezin badute iritzia eman, arrangura adierazi, bertze galdera bat pausatzen da, nor da egiazko erabakitzailea eta zeren arabera agintzen duen. «Euskal Lurralde Elkargoaren eta bake bidearen eskariarekin gertatu den bezala, Estatuak gorreriaz ihardetsi digu, eta, Euskal Herriak duen aldi politiko honetan, onartezina da hori», erran zuen Lasserrek.

Bake prozesuari so

Hollanderi helarazi dioten gutuneko lehen paragrafoan Martinen egoera aipatzen da, euroaginduaren erabilpena gaitzetsiz. Hautetsiek ohartarazten dute euroagindu hori testuinguru politiko jakin batean kokatzen dela, Aieteko adierazpenetik urte betera sortutako giro politikoan hain zuzen ere. ETAk jarduera armatua utzi badu ere, Frantziak eta Espainiak «bakerako urratsik» ez dutela egin azpimarratzen dute izenpetzaileek. «Pentsatzen dugu gaur egun aukera erreala dagoela bake prozesua bururaino garatu ahal izateko», dio hautetsiek igorri duten gutunak.

Aieteko adierazpenaren eta bake prozesuaren ildoan kokatu dituzte Frantziako Estatuak egin beharreko urratsak, Ipar Euskal Herriaren aitorpen instituzionalarekin, Lurralde Elkargoaren onarpenarekin batera. Martin berehala libre uzteko eskatu dute, eta gogorarazi leporatzen zaizkion karguak ez daudela zigorturik Frantzian. «Azken hilabeteotan Euskal Herrian izandako aldaketak kontuan hartu, eta gobernuaren norabidean eragin dezazun eskatzen dizugu [Hollanderi], joan den urtean Aieten bildu ziren adituen aholkuak ontzat hartuz eta erraztuz Euskal Herrian garatzen ari den bake prozesua», dio gutunak.

Martin klandestinitatean zela diolarik, Valls gezurretan dabilela salatu dute. Berrikitan arraberritu ditu nortasun agiria eta gidatzeko baimenak suprefeturan.

Publizitatea