Konponbideari begira

Berriak

«Blokeoa ez egonkortzeko», urratsak egiteko prest da iheslarien kolektiboa

Bake prozesuarekiko «konpromiso irmoa» erakutsirik, eragile izateko nahia berretsi dute iheslari politikoek
Iheslari Politikoen Kolektiboko kide ugari bildu ziren atzo Azkaingo pilotalekuan eginiko agerraldian.
Iheslari Politikoen Kolektiboko kide ugari bildu ziren atzo Azkaingo pilotalekuan eginiko agerraldian. GAIZKA IROZ

2012-11-04 / Jenofa Berhokoirigoin

Blokeoa ez egonkortzeko», prozesu demokratikoaren barruan, «urrats are ausartagoak» egiteko prest agertu da Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa. «Gatazkaren ondorioak gainditze aldera», Aieteko Adierazpenean agertzen den gisara, estatuekin adostuta edo aldebakartasunetik, pauso berriak eman nahi ditu kolektiboak. Konponbidean eragile izateko beharra eta gogoa plazaratu zuen atzo, Azkainen egin prentsaurrekoan. Emakume eta gizon, gazte eta zaharrago, hirurogei bat iheslari agertu ziren kazetarien aurrera, mezu hori adierazteko.

«Iheslari politikoen kolektiboak konpromiso irmoa erakutsi nahi du Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretan bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin», nabarmendu zuten. Bide horretan, bi erronka daudela adierazi zuten: nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena egitea, eta gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzea. Bi erronka horien gainditzeko giltza «herri protagonismoa» dela nabarmendu zuten, gehituz iheslariek ere haien ekarpena egin nahi dutela. Eztabaida politikoa «zabal-zabalik» dagoela eta, «itxaropenarekin» agertu ziren: «Etxeko bidea hartua dugu». Helburua lortzeko beharrezko den indar metaketa «gauzatzen» ari dela dio kolektiboak.

Ipar Euskal Herriaren erakundetzearen aldarria «inoiz baino indartsuagoa eta partekatuagoa» izana paratu zuten adibidetzat. Horrez gain, anitzek —ezker abertzalea baino harago— Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren bitartez eraikitako egitura juridiko-politikoak «agorturik» daudela ondorioztatzen dutela ere esan zuten. «Inposizioa eta asimilazioa oinarri duen Espainiako Estatuko proiektu politikoak porrot egin du gurean». Euskal askapen prozesua egoera horretaraino ekarri izana «garaipen politiko oso garrantzitsutzat» jo zuten. Nahiz oraindik «mehatxupean» egon, ezker abertzalearen legez kanporatzearen bukaera lortu izana ere azpimarratu zuten. Halere, hauteskunde horiek normalizazio osoko egoera batean ez zirela egin nabarmendu zuten: «Hala balitz, gu ez ginateke gaur hemen».

Estatuen «indarkeria»

Era berean, gaitzetsi egin zuten Frantziako eta Espainiako estatuek indarkeria erabiltzea hobetsi izana gatazkaren konponketaren bidean urratsak egin beharrean: «Indarkeria erabiltzen dute: egiturazko indarkeria, kanpo esku sartzerik gabe Euskal Herriari bere buruaz erabakitzea galarazten diotelako, eta indarkeria sistematikoa, bere proiektua inposatzeko errepresioa erabiltzen dutelako».

Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren adierazpenak gogoan ukan zituzten: «Aieteko Adierazpenaren beste muturrean kokatu du bere burua». Salatu egin zuten Vallsek «mespretxu egin izana» euskal herritarren adostasun handia duten aldarriei: izan euskal lurralde elkargoa edota preso politikoen eskubideen errespetua ukatuta. Aurore Martin ezker abertzaleko militantearen Espainiaratzearekin «mespretxuak goia jo» duela salatu zuten gogor.

Erantzuna, azaroaren 10ean

«Estatuen blokearen kontrako antidotoa herri mobilizazioa eta inplikazioa direlako», mobilizatzeko deia egin zieten herritar guztiei. Azaroaren 10ean Hurbildu Bakera lelopean, Herrira-k Baionan eginen duen manifestazioan parte hartzera animatu zituzten herritar guztiak. «Estatuak haien gotorlekutik ateratzeko, edo tematuta segitzen badute, aldebakartasunetik prozesu politikoan aurrera egiteko».

Euskal errepresaliatuen egoera aldatzea, pertsona batzuen egoera bidegabe bati erantzuteaz gain, «prozesu demokratiko osoaren behar bezalako garapenari mesede egitea» dela zehaztu zuten. Horregatik dute justuki estatuek haien posturan tinko segitzen, «konponbide justu eta demokratiko baten beldur direlako», iheslarien kolektiboaren hitzetan. Ezker abertzaleak abiarazitako apustu politikoa estatuek ito nahi izana deitoratu zuten. Hori dela eta, blokeo egoera honi aurre egiteko nahikeria berretsi zuten iheslariek: «Ez dugu inongo blokeorik ontzat emango, ez gara horretara ohituko; gure egoera ez ezik, gure herriaren geroa ere baitago jokoan».

Ez da lehen aldia bake prozesuan parte hartzeko nahia adierazten duela iheslarien kolektiboak. Urtarrilean, Elkartasun Egunaren kari, eta ekain hastapenean ere, iheslarien ekarpena kontuan hartzeko deia egin zieten Frantziako eta Espainiako estatuei. «Nahitaez, dei egiten diegu bi estatuei uler dezaten ez dela konponbide justurik egonen iheslarien ekarpena kontuan hartu gabe».

Atzo, urrun dauden iheslariak ukan zituzten «lehen-lehenik» gogoan, adierazpena irakurtzeko orduan. «Bagoaz, gainerako euskal herritarrekin batera, bizitzera, aske izatera, irabaztera», erranik bukatu zuten hitz hartzea.

Publizitatea