Konponbideari begira

Berriak

Martin askatzeko eta bake prozesuan engaiatzeko eskatu dute aho batez

UMPtik komunistetara, abertzale guztiak eta tokiko sozialistak tartean, denek elkartuz argazki historikoa osatu dute Frantziako Gobernua jomugan, elkarbizitza bermatzeko egoera argitzea eskatu diote
Lehen lerroan, Anza ( ELA), Lasserre (Modem), Hardouin (abokatua), Dufau (CGT), Bisauta (alkateordea), Espagnac (PS) eta Millet-Barbe (UMP).
Lehen lerroan, Anza ( ELA), Lasserre (Modem), Hardouin (abokatua), Dufau (CGT), Bisauta (alkateordea), Espagnac (PS) eta Millet-Barbe (UMP). G.I.

2012-11-04 / Nora Arbelbide Lete

Aurore Martinen atxiloketaren aurka ostegunetik altxatu den uhin handiaren haritik, atzo goizeko argazkiak beste maila batera ekarri zuen eztabaida. Tonutik ageri zen, «une solemne» bat zela azpimarratu zuten batzuk, besteek «historikotzat» ere jo zutena, hor baitziren Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztietako hautetsi eta ordezkariak.

UMPtik komunistetara, abertzaleak eta sozialistak tartean, guztiak mahai beraren gibelean jarriak. Guztiek bat egin zuten gatazkaren konponbide osoa helburu duen Bake Bidea mugimenduarekin. Horrek deitu zuen prentsaurrekora. Gizarte zibileko eragile ugari ere elkartuak ziren — dela elkarte, sindikatu edo beste—, 70tik gora orotara.

Martin berehala askatzeko egin behar diren urratsak egin ditzan eskatu zioten aho batez François Hollande Frantziako presidenteari, Peio Dufau (CGT) Bakea Bidearen izenean irakurri zuen agiriaren bidez. Iazko uztailean Martinentzat Hollandek «barkaberatasuna» aipatu zuela ere gogorarazi zuen Dufauk.

Egin beharreko urratsak bakearen bidetik direla nabarmendu zuten: «Aieteko nazioarteko konferentziak zion bezala, bake prozesuaren alde behingoz engaia dadin» izan zen mezu elkartua. Oroitu zuten Martin Bake Bideako kidea dela eta honen atxiloketa bake prozesuari kalte egiten ahal dion «probokazio bat» besterik ez dela. Bizkitartean, probokazioari ez erantzun, eta bakearen eta elkarrizketaren alde segituko dutela «determinazio osoarekin» berretsi zuten, hala egitera deituz: «Gaur sekula baino gehiago, bakeak Euskal Herrian denen beharra du».

Bakeak ekartzen duen «esperantza» gogoan, hau erran zuen Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidente zentristak: «Kuraia handiena bakearen bidea aukeratzea da, bide hertsia, zaila, sentikorra, eta errazki erridikulu bilakaraz daitekeen bidea izanagatik». Kuraia hori kontrajarri zion «dispositibo basa eta fisikoki inpresionanteei», atxiloketa gogoan. Hori egitea «erraza» dela salatu zuen. Aipagarria izan daiteke, preseski, atzo, bortitza agertu zena Frantziako Gobernua izan zela. Atxiloketaren inguruan gertatuaz inkesta bat egiteko eskatu zuen Lasserrek.

Nehork ez baitu sinesten «kasualitatez» atxilotu zutela Martin, Martine Bisauta Baionako auzapezorde ekologistak errana. Zuzenean Frantziako presidenteari eta Jean Marc Ayrault lehen ministroari mintzatu zen Bisauta: «Abisatu ote dituzte? Atxiloketaren jatorrian izan ote dira? Ados ote dira azaroaren lehen batez Zuberoako bide batean gertatu denarekin? Eta orain, zein jarrera hartuko du Frantziak? Hemen gelditzen den gauza bakarra alimaleko arazo politiko bat baita». Gobernuaren ardurak zein izan diren jakiteko astearteko Frantziako legebiltzarrean gobernuari galdera idatzia pausatua izateko eskatu dute Frantziako Komunistek Senatuko bulegora joz, Daniel Romestant ordezkariak iragarri zuenaz.

Ondoko belaunaldiak gogoan

Peio Etxeberri-Aintzart ABkoa ere galdezka agertu zen: «Hori da Frantiako Estatuak utzi nahi duen aztarna bake prozesu bat bidean jarri denetik?». Xabi Larralde Batasunekoak ondoko belaunaldiak aipatu zituen: «Zerumuga politikoa erabat itotzen diete. Indar handiko bi estatuek, mespretxu osoz, kondenatzen dute Euskal Herria gatazka egoera batean leporaino sartzera, horrek hortik atera nahi duelarik».

Prentsaurrekora bertaratu sozialistek ongi barneratua zuten beren leku berezia. Frederic Espagnac senataria eta Sylviane Alaux diputatu sozialistek hartu zuten hitza. Eta biek gobernu sozialistari beren elkartasuna adieraziz hasi zuten beren solasa, eta atxiloketa ez zutela ulertzen gaineratu. Zenbait engaiamendu hartu zituzten. Ayrault lehen ministroarekin biltzea eskatuko dute, egoera argi dezan. «Hemengo elkarbizitza ona bermatzeko baitezpadakoa delako», adierazi zuen Espagnacek. Frantziako Kontseilu Konstituzionalera jotzeko aukera lantzen ari direla azaldu zuen: «Koadro horretan euroagindua aplikatu direla eta disfuntzioak badaudela ohartu gaitezkeelako». Senatuan Frantzia eta Espainiaren arteko adiskidantza taldeko presidente gisa, gai horri buruz galde eginen diela gehitu zuen Espagnacek. Eskatuko du, halaber, Frantziako enbaxadorea joan dadin Martinen ikustera: «Sinpleki, atzerrian dagoen frantses bat delako. Eta horrelako kasu guztietan bezala, enbaxadorearen lana da atzerrian dagoen frantses bat babestea, jakitea nola dagoen, zerbaiten beharra ote duen. Frantses estatuaren betebehar bat da hori».

Frantziar bat atxilotu eta Espainiaratzen den lehen aldia dela azpimarratu zuten batek baino gehiagok atzo, eta, hori, Frantzian delitu ez dena egiteagatik. Ideien askatasuna, iritzien askatasuna izan zuten aipagai, hain zuzen: «Ez dugu euroagindurik behar Batasunaren ideien borrokatzeko. Batasunaren borroka ez da gurea, baina aski handiak gara eztabaida argiki eta demokratikoki eramateko», UMPren izenean hitz egin zuen Christian Millet-Barbék erranik.

Heldu den hitzordua biharko finkatua dute, 13:30ean eta Baionako suprefeturaren aitzinean.

Informazio osagarria

Publizitatea