Konponbideari begira

Berriak

Urtebete ETAk jarduera armatua utzi zuela

Esertzeko esperoan

Gaur bete da urtebete ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman zuenetik. Ondorioei buruz hitz egiten ez dira hasi gobernuekin Gobernua tematuta dago ez duela hitz egingo, baina gero eta presio handiagoa du
ETAko hiru kide, jarduera armatua bertan behera uzteko erabakiaren berri emateko gaur urtebete zabaldutako irudi batean.
ETAko hiru kide, jarduera armatua bertan behera uzteko erabakiaren berri emateko gaur urtebete zabaldutako irudi batean. BERRIA

2012-10-20 / Oihana Elduaien Uranga

ETAk armak uztea erabaki zuenean, aurreikusi zuen estatuen aldetik immobilismoa etor zitekeela. Hala gertatzen bazen, aldebakarreko bidean jarraitzeko deia egin zuen erabakiaren berri eman eta hilabete baino lehenago Gara-n egin zioten elkarrizketan: «Pazientziarekin jokatu behar da, etsi gabe, eguneroko borroka eta lanarekin jarraituz, indar berriak bilduz, ditugun indarrak eraginkorrago bilakatuz...». Urtebete joan da ETAk ekintza armatuen betirako etena iragarri eta estatuei elkarrizketetarako deia egin zienetik, baina egoera ez da aldatu: ETAk gatazkaren ondorioei dagozkienak konpontzeko hizketarako deia egiten jarraitzen du, baina estatuek —Espainiakoak Frantziakoak baino gogorrago— elkarrizketei uko egiten segitzen dute, immobilismoan gotortuta.

Gudari egunean kaleratu zuen ETAk azken agiria, eta estatuen jarrera salatu ostean, hartutako bideari eusteko deia egin zuen, aldebakarreko erabakia behin betikoa dela argi utziz. «Etsigarria izan daiteke soilik behatuz gero bakea eraikitzeko zenbat urrats egin ditugun eta Euskal Herria zapaltzen duten estatuek zer jarrera darabilten. [...] Ez etsi, eutsi egin behar diogu. [...] Beren itxikeriak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian eta nazioartean. Gatazka elikatzen duten jarrerak alboratzeko eta urrats eraikitzaileak egiteko Espainia eta Frantziari egindako eskaerak gero eta ozenagoak dira. Horretan sakontzea gakoa izango da».

Izan ere, gobernuen immobilismo hori hausteko ahalmena euskal gizartean eta nazioarteko eragileengan dago, ETAren iritzian. Hain justu, estatuari eztena sartzen lana egin du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ere, baina, oraingoz, ez du lortu ageriko fruiturik. Maiatzaren 30ean, esate baterako, oharra kaleratu zuen Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowskik osatutako taldeak. Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin zien ETArekin hitz egiten hasteko, «gatazkaren ondorioez». Gogorarazi zuen zazpi hilabete igaro zirela Aieteko Adierazpena onartu zenetik eta artean bigarren puntua betetzeko zegoela.

ETAren erabakia ez dago ulertzerik Aieteko Nazioarteko Konferentzia kontuan hartu gabe. Erakunde armatuak erabakia urteetako eztabaidaren ondorioa izan zela adierazi zuen arren, Aieteko Konferentziak lagundu egin zion erabakitakoa betetzen. Bost puntuko adierazpen baten berri eman zuten urriaren 17ko konferentzia hartan gatazkak konpontzen adituak diren hainbat lagun entzutetsuk —Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohia—. Aurreneko puntuan ETAri eskatu zioten armak uzteko eta Espainiako eta Frantziako gobernuekin gatazka armatuaren ondorioez hitz egiteko. Bigarren puntuan, berriz, bi gobernuei dei egin zien ETAk jarduera armatua uzten bazuen harekin ondorioei buruzko elkarrizketak abiatzera.

Gobernuak berean tematu dira, ordea, eta urtebetean ez dira zipitzik ere mugitu. ETAk erabakiaren berri eman zuenean, Jose Luis Rodriguez Zapatero zegoen gobernuburu Espainian. Legegintzaldiaren azken egunak zirenez, egoera kudeatzea gobernu berriari zegokiola esan zuen. PPren esku gelditu zen gobernu berria, eta hark itxikeria erakutsi zuen hasieratik. ETAk erabakiaren berri eman eta hiru egunera, itxaropena sor zezaketen hitzak izan zituen Mariano Raxoi PPko presidentegaiak. Baina hurrengo egunean esan zuen argi zein izango zen bere jarrera: «Ez dago ETArekin negoziatzeko ezer. Egin behar dena legea eta zuzenbide estatua aplikatzea da».

Abenduaren 22an hartu zuen Barne ministro kargua Jorge Fernandez Diazek. Egun hartan bertan berretsi zen PPk gobernuan zer jarrera izango zuen: «Orain artekoa ez da nahikoa. ETAk desagertu egin behar du. Erabat desagertu arte, terrorismoaren kontrako tresna guztiek indarrean jarraituko dute». Barne Ministerioaren eta Espainiako polizien lehen egitekoa «ETAren behin betiko desagertzea lortzea» izango zela ohartarazi zuen. Hor dago Espainiaren tranpa. ETAk dio armak utzi behar dituela, baina ez du hitz egin nahi hori nola egin, eta ez du Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen lana ere onartzen.

Beste kontu bat da ETAk armak utzi ondoren hura desegitea beharrezkoa eta komenigarria den. Brian Currinek argi dauka ezetz: apirilaren 20an hitz egin zuen Donostian, eta esan zuen ETA desagertzea «arriskutsua» dela. Gogora ekarri zuen beste prozesu batzuetan «talde paramilitarrak» desagertu ez baizik eta eraldatu egin direla; esate baterako, Ipar Irlandan, presoen gizarteratzean lan eraginkorra eginez. Aitzakiak baztertzeko ere esan zion Espainiako Gobernuari, eta ETA «erakunde terrorista gisa» amaitutzat eman zuen, Fernandez Diaz Barne ministroak bi egun lehenago esandako hitzak baliatuz. Hark esan zuen ETAk armategirik ez zeukala.

Frantziak jarrera aldakorragoa izan du. Azaroaren 2an Claude Gueant orduan Barne ministro zenak bilera egin zuen Antonio Camacho Espainiakoarekin —PSOEren esku zegoen gobernua artean—. Bileraren ostean esan zuen Espainiaren «pausoen zain» geratuko zela. Ez zuela aldaketarik aurreikusten espetxe politikan eta ez zuela etengo ETAko kideen aurkako «tentsioa».

Urtarrilaren 25ean, ordea, presoak hurbiltzearen alde bozkatu zuen Frantziako Legebiltzarrak: «Presoari, ahal den aldi oro, haren ezaugarriekin bat datorren eta etxetik hurbilen den kartzelan sartzea proposatuko dio espetxeko administrazioak».

Gobernu aldaketa izan zen Frantzian maiatzean. Manuel Valls izendatu zuten Barne ministro, eta Espainiak erabakitakoari jarraituko ziola adierazi zuen kargua hartu bezain pronto: «Espainiako Gobernuari dagokio, hari bakarrik, egokien deritzon erantzuna ematea. Haren jarrera bera da Frantziako Gobernuarena».

28 atxiloketa

Eta jarraitu dute legea aplikatzen. Jarraitu dute atxiloketak egiten. Urtebete honetan gutxienez 28 lagun atxilotu dituzte, eta ETArekin lotu, nahiz eta gehienek bizi normala egiten zuten. Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea, Londresen atxilotu zituzten Ignacio Lerin eta Antton Troitiño, eta Arturo Villanueva dira batzuk. Atxiloketa gehienak Espainiatik kanpo egin dituzte, euroagindu eskaerekin. Eta Euskal Herriko kartzeletatik urrun sartu dituzte preso.

Hain justu, presoena da ETAren eta Espainiako zein Frantziako gobernuen artean konpondu beharreko arazo bat. Presoek berek ere egin dituzte urratsak, baina, oraingoz, alferrik. Damua exijitzen zuen plan bat aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak, baina Euskal Preso Politikoen Kolektiboak «antzutzat» jo zuen. Nolanahi ere, minaren aitorpena egin zuen kolektiboak ekainean: «Alde guztien minaz jabetzen gara erantzukizun osoz».

Biktimen gaia da jorratu beharreko beste bat, eta urratsak izan dira. Ezker abertzaleak honela esan zuen otsailean: «Ezker abertzaleak bere atsekabe zintzoa adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren inguruan».

Jaurlaritzak ere urratsak egin ditu, aurrenekoz, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimei sufrimendua eta bidegabekeria ezagutu eta konpontzeko bidean. Ekainean, dekretu bat onartu zuen 1960 eta 1978 bitartean Poliziaren, talde parapolizialen eta eskuin muturreko taldeen biktima batzuei onarpena eta ordaina emateko. Beste dekretu bat ere egin asmo zuen 1979tik orain arteko kasuekin, baina, denbora faltagatik, ez du aurrera egin.

Ondorioen korapiloak askatze bidean diren arren, askatzeke dira oraindik. Hauteskundeen ostean, iaz Aieteko Konferentzian parte hartu zuten eragileak berriz biltzekoak dira, osoko bileran, eduki horietan sakontzeko. Abenduan Bakerako Foruma egingo dute Baionan, Aieten izan ziren nazioarteko eragile batzuen parte hartzearekin. Bietan ere mahai gainean izango dituzte gai horiek.

Informazio osagarria

Publizitatea