Konponbideari begira

Berriak

Lokarrirekin egin dute lehen bilera presoen mintzaideen bitartekariek

Euskal Herriko alderdi eta eragileekin bilera sorta abiatu dute, presoen auzian urratsak egiten hasteko asmoz
Atzoko bileraren irudi bat; besteak beste, Zulueta, Sarasketa, Zubikarai eta Rios ageri dira.
Atzoko bileraren irudi bat; besteak beste, Zulueta, Sarasketa, Zubikarai eta Rios ageri dira. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

2012-10-12 / Irune Berro Urrizelki

Presoen auziaren korapiloa askatzeko ahaleginean segitzen dute EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaideen bitartekariek. Uztailean iragarri bezala, bilera sorta hasi dute Euskal Herri osoko alderdi eta gizarte eragile nagusiekin. Aurreneko bilkura Lokarrirekin egin zuten atzo arratsaldean, Bilbon. Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta Arantza Zulueta, Mitxel Sarasketa eta Kandido Zubikarai euskal presoen mintzaideen bitartekariak izan ziren, Lokarriren egoitzan egindako topaketan.

«Bake prozesuan eta gatazkaren konponbidean aurrera egin nahi bada» euskal presoen auzian Espainiako Gobernuak ezarritako blokeo egoerari gaina hartzea «ezinbestekoa» dela azaldu dute euskal presoen mintzaideen bitartekariek. Eta alde horretatik uste dute «beharrezkoa» dela «berandu baino lehen indargabetzea presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak eta sakabanaketa amaitzea».

Lokarrik, berriz, «arretaz» entzun ditu bitartekarien «proposamenak eta aldarrikapenak». Riosek esan duenez, «presoen giza eskubideak defendatzen dituzten egitasmo eraikitzaile guztiekiko babesa agertzen jarraituko du Lokarrik». Eta gaineratu du «berriz ere» bilduko dela bitartekariekin, «uste baitugu presoen eta gizartearen arteko elkarrizketa eraikitzaile bat ezartzea beharrezkoa dela, alde biek hausnarketak parteka ditzaten, eta presoek bake prozesuari egin diezaioketen ekarpenei buruz gizarteak zer espero duen jakin dezaten».

Euskal presoen bitartekariek gogorarazi dute azken hilabeteetan eztabaidan murgilduta egon ostean EPPK-k erabaki duela Gernikako Akordioa izenpetzea eta Aieteko Adierazpena bere egitea. Orobat, presoen kolektiboak ezker abertzaleak lehenetsitako ildoarekin bat egiten duela nabarmendu dute. Eta jardun armatua uzteko «ETAren erabaki historikoa» ere kontuan hartzekoa dela iruditzen zaie.

Ingurumari horretan egun indarrean den espetxe politikak «zentzurik ez» duela salatu dute, eta Espainiako Gobernuaren «interes immobilistei soilik» erantzuten diela.

Datu bat eman dute: «Dagoeneko, GALek berak baino biktima gehiago eragin ditu espetxe politika horrek».

Harreman egonkorrak helburu

Hala, iraganeko «neurri ilunei» eusteko bainoago, sakabanaketa amaitzeko eta euskal presoak herriratzeko garaia dela pentsatzen dute. «Gaur egun ez da ulertzen sakabanaketa politika mantentzea, ez bada interes politiko jakin batzuengatik». Halaber, presoen senideek nozitzen duten jazarpena gaitzetsi dute. «Izan ere, Enara Rodriguezek sufritutako erasoa ez da gertaera bakan bat, ezta kasualitatea ere», esan dute. Mikel Egibarren emazteak eta seme-alabek udan izandako auto istripua ere izan dute akorduan. «Horrelakorik ezin da berriz gertatu».

Azken hilabeteetan EPPK-k «alde bakarreko urrats ugari» egin dituela gogorarazi dute, eta esan dute orain Espainiako Gobernuari dagokiola pausoak ematen hastea.

Euskal presoen aferari irtenbidea eman, eta, bidenabar, bake prozesua hauspotzea da EPPKren mintzaidetzak izendatutako bitartekarien helburua. Horretarako alderdi politiko eta eragile nagusiekin harreman egonkorrak eduki nahi dituztela azaldu dute. Hala, joan diren egunetan eskaera egin diete denei. Eta jaso dituzten erantzunekin «agenda adosten» ari direla jakinarazi du Zuluetak. Haatik, ez dute zehaztu noiz eta norekin bilduko diren datozen asteetan.

Publizitatea