Konponbideari begira

Berriak

HNT eragileen bilera prestatzen ari da, Aieteko edukietan sakontzeko

Bozen ostean egingo dute bilera, bake prozesuan aurrera nola egin eta ondorioei buruzko korapiloak nola askatu pentsatzeko Hauteskundeak pasatu aurretik ez zuten egin, aurreikusita ez zuela beteko xedea

2012-10-07 / Oihana Elduaien Uranga

Urtea betetzear da nazioarteko eragile entzutetsuek Aieteko Adierazpena sinatu zutenetik. Bost puntuko adierazpen hori ez da inola ere bete oraindik, eta, lan horretan sakontzeko, Euskal Herriko eragileen bilera bat antolatzen ari da Harremanetarako Nazioarteko Taldea (HNT) —Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski—.

Bi helburu jakin izango ditu bilera horrek: batetik, bake prozesuan aurrera nola egin aztertuko dute, eta, bestetik, ados jartzen saiatuko dira gatazkaren ondorioen korapiloak askatzeko eman beharreko pausoetan.

Bileran ez dira izango Aieteko Adierazpenaren sinatzaileak —Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabinete buru ohia—, ez, behintzat, guztiak. Izan ere, bilera horren helburua da bertakoak ados jarri eta abiada hartzeko motorrak martxan jartzea. Bertakoek adostea zer egin dezaketen adierazpen horretan jasota dagoen bide orria betetzeko eta nola egin nahi duten hori. Aieten izan ziren alderdi politiko eta eragileak bilduko dira horretarako, ateak itxita. Ez dira bilera publikoak izango, baizik eta barrura begira lan egiteko izango dira.

Bigarren saioa

HNT uda hasieran saiatu zen bilera hori egiten, baina, konturatu zen ez zela garai egokia. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia egin gabe zegoen, baina ikusten zen etorriko zirela, eta alderdiak, nolabait, kanpainan zeuden ordurako. Errezeloak, beldurrak eta zalantzak nagusitu ziren testuinguru horretan. NHTko kideak konturatu ziren bilera orduan egiten bazen ez zuela lortuko helburua betetzerik, eta, beraz, aurrerago egitea erabaki zuten, hauteskundeak pasatu ondoren, hain justu. Izan ere, bilera egitekotan, fruituak emateko egin nahi dute.

Urriaren 21eko hauteskundeen ostean eginda, bilera emankorra izango dela aurreikusten dute, eta itxaropena dute Aieteko Adierazpenean sakontzeko eta aurrera egitea ekarriko duen akordio bat lortzeko. Izan ere, urtebetean urratsak egin dira, baina asko dago egiteko oraindik ere.

Publizitatea