Homo sapiensek ez ezik, neanderthalek ere hildakoak ehorzten zituztela frogatu du ikertzaile talde batek. Zehazki, 2 urteko ume baten eskeletoa aztertu dute, eta ondorioztatu dute duela 40.800 eta 41.700 urte arteko epean lurperatu zutela.
Asier Gomez Olivencia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea izan da hamalau ikertzaileko taldearen buru, CNRSko eta Parisko Historia Naturalaren Museoko ikertzaile Antoine Balzeaurekin batera. Ikerketaren emaitzak Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte. Diziplina anitzeko ikerketa bat egin dute duela 50 urte Frantziako Dordoina departamenduko La Ferrassie aztarnategian aurkitutako La Ferrasie 8 izeneko umearen eskeletoarekin. Neanderthalen aztarnategirik famatuenetako bat da La Ferrasie. XX. mende hasieran, sei neanderthal eskeleto aurkitu zituzten: bi helduren hezurdura osoak eta osorik ez zeuden lau umerenak. 1970ean eta 1973an berreskuratu zuten La Ferrassie 8 izeneko umea.
Garai hartan landu gabe utzitako informazioari tiraka egin dute orain aurkikuntza, Gomezek BERRIAri azaldu dionez: «La Ferrassie 8 2 urteko umea aspalditik ezagutzen da. Kontua da ume horren testuinguru arkeologikoa ez zela ezagutzen, eta beti aipatu izan da oso informazio gutxi hartu zela horren indusketan; aldiz, gertatu zena zera da, informazio hori landu gabe zegoela». Eta hori egitea erabaki zuten ikerlariek: «Ume honen fosil gehiago identifikatu, eta indusketa zaharretako informazioa landuz, indusketa berriak eta analisi berriak egin ditugu».
Ikertzaile taldeak radiokarbono bidez ikusi du duela 40.800 eta 41.700 urte arteko epean lurperatu zutela. Horrenbestez, La Ferrasie 8 da datazio zuzenik —zuzenean hezurra aztertzen da noiz hil zen jakiteko— berriena daukan neanderthala.
Baina La Ferrassie 8 al da lurperatu zutela frogatuta geratu den lehen neanderthala? Europan lehenengo aldiz geratu da frogatuta, hainbat irizpide zientifikotan oinarrituta, ume neanderthal bat lurperatu zuela bere taldeak. Ondorio horretara iristeko, diziplinarteko ikerketa bat egin dute, eta informazio arkeologikoa, paleoantropologikoa, geologikoa, tafonomikoa, proteomikoa eta paleogenetikoa erabili dute, baita radiokarbono (C14) eta lumineszentzia datazioak ere. Gomezek uste du beste hezurdura batzuek ere badituztela ebidentziak proposamen bera egiteko, baina oztopo dela duela ehun urte baino gehiago egindako indusketetan ateratako gorpuak izatea. Gomezen hitzak berresten ditu ikerketari buruzko prentsa oharrak ere. Bertan adierazi denez, ondoen mantendutako neanderthalak duela mende bat baino gehiago aurkitu zituzten, eta, garai hartan indusketetarako, erregistratzeko eta analisiak egiteko erabilitako teknikak hain desberdinak izaki, orain «oso konplikatua» da hipotesia baieztatzea egungo estandar eta irizpide zientifikoekin. Hainbat uste oker uxatzeko balio beharko luke ikerketak, Gomezen hitzetan, oraindik hainbat ikertzailek ez baitute sinesten neanderthalek kideak lurperatzen zituztenik: «Amerikar ikerkuntza talde batzuek ez dute sinesten neanderthal batzuek beste neanderthal batzuk hilobiratzen zituztela».
Balio sinbolikoa ezbaian
Ikerketaren bidez erakutsi dute neanderthalek kideak nahita lurperatzen zituztela, baina ez dago argi lurperatzeari balio sinbolikoren bat ematen ote zioten. «Gure interpretazioa da bazegoela kode sinboliko bat, eta hilobiratzerakoan bazegoela sentimendu eta erritual bat», azpimarratu du Gomezek.
Azterketak momentuan duen garrantziaz gain, etorkizunerako ere baliagarria izan daitekeelakoan dago Gomez: «Garrantzia bikoitza dauka». Alde batetik, ikertzailearen irudiko, erakusten du «informazio berri asko» topatzen dela duela 50 urteko aurkikuntzak egungo tresnak erabiliz aztertzen direnean, eta hori bultzatu behar dela: «Behar bat dago aspaldiko aurkikuntzak orain dauzkagun teknikekin begiratzeko». Beste aldetik, aztarnategiari begira, uste du informazio gehiago ematen duela bertan aurkitu ziren beste hezurdura batzuk hobeto ulertzeko, baita aurrerantzean egiten diren aurkikuntzetarako ere: «Etorkizunena aurkitu daitezkeen beste neanderthalen hezurduretan ere honek eman ditzake pistak: zelan aztertu, zer begiratu…». Azkenik, neanderthalen desagerpenari buruzko informazioa ere ematen duelakoan dago Gomez, «urriak» baitira garai hartako gizakien hezurren bidez egindako datazio zuzenak.