Palestinako gatazka

«Zerbait egiteko unea» dela esan dio Guterresek NBEren Segurtasun Kontseiluari

NBEren Segurtasun Kontseilua su eten baten inguruan bozkatzekoa da gaur. Zibilak babesteko eskatu dio berriro ere Bidenek Netanyahuri.

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Zauritutako adingabe bat Gaza hegoaldeko Nasser ospitalera iristen, gaur, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD/EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 8a
18:00
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan gaur dira bozkatzekoak Gazan su eten bat indarrean jartzearen inguruan. Horri ekin baino lehen, agerraldia egin du Antonio Guterres NBEko zuzendari nagusiak, eta azaldu du zergatik erabaki zuen Nazio Batuen Agiriko 99. artikulua indarrean jartzea. «Gazako giza laguntzaren sistema guztia kolapsatzear dago, eta gerra dagoeneko eragina izaten ari da Zisjordania okupatuan, Libanon, Sirian, Iraken eta Yemenen». Gero, Segurtasun Kontseiluko kideei mintzatu zaie: «Begira ditugu mundu osoa eta historia. Zerbait egiteko unea da».

Bestalde, Rafahko pasabidetik —Gazaren eta Egiptoren arteko mugan— zerrendan sartzen den laguntza humanitarioa ez da iristen Khan Yunis esparrura, NBE Nazio Batuen Erakundeak gaur ohartarazi duenez. Eremu hori Israelgo armadaren eta milizia palestinarren gudu zelai bihurtu da asteon; hor izaten ari dira bi aldeen arteko borrokarik bortitzenak, eta, gainera, herritarrek ezin dute Salah al-Sadin errepidea erabili. NBEko Laguntza Humanitariorako Koordinaziorako Bulegoak esan duenez, horrek erabat «deskonektatuta» utzi ditu Gaza erdialdeko biztanleak. «Rafah inguruan eta hegoaldeko zenbait eremutan bakarrik banatu dezakegu giza laguntza».

Igandetik hona, Khan Yunis inguruko bi ospitaleetan soilik jaso dute laguntza hori: ospitale Europarrean eta Nasser ospitalean. Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, zerrenda osoko 36 ospitaleetatik hamalauk bakarrik funtzionatzen dute. Iparraldean, berriz, bik bakarrik. Halere, Israelen erasoek bere horretan dihardute bai iparraldean —Jabalia hiriaren inguruan—, bai hegoaldean —Khan Yunisen—. Israelgo armadak jakinarazi duenez, 450 «helburu militarri» egin die eraso atzo eta gaur artean.

Borroka horien harira, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri gogorarazi dio «zibilak babestea funtsezkoa» dela. Bi buruzagiek telefonoz hitz egin dute bart, Etxe Zuriaren arabera. WashingtonTel Avivi presio handiagoa egiten ari zaio zibilak babesteko aferaren inguruan; edonola ere, Bidenek berretsi du ez daudela «su eten iraunkor baten alde», argudiatuta halako menia luze bat milizia palestinarren onurarako izango litzatekeela. Hain justu, NBEren Segurtasun Kontseiluan gaur dira bozkatzekoak Gazan su eten bat indarrean jartzearen inguruan.

Bien bitartean, zeresan handia eman duten irudi batzuk zabaldu dira sare sozialetan. Dozenaka gizon palestinar agertzen dira, atxilo eta erdi biluzik, Israelgo militarrak inguruan dituztela. Irudi horiek Bigarren Mundu Gerrako kontzentrazio esparruekin alderatu dituzte askok. «Oso kezkagarriak dira gaur ikusi ditugun argazkiak. Mundu guztiak du giza duintasunerako eskubidea», esan du NBEko Idazkaritza nagusiko bozeramaile Stephane Dujarricek. Egindakoa justifikatu nahian, Israelgo Gobernuko bozeramaile Eylon Levyk esan du «adin militarreko gizonak» zirela horiek, eta ebakuatzeko agindu zuten eremuetan aurkitu zituztela. Haren arabera, «terroristak» diren ikertzeko atxilotu dituzte.

Urriaren 7az geroztik, 17.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak, eta 46.000tik gora zauritu. Hildakoen artean, ia 8.000 adingabeak dira. Borrokak Gazako zerrendan izanagatik, Israelgo armada egunero ari da Zisjordaniako hainbat eremuri eraso egiten, bonbardaketen eta sarekaden bitartez. Gaur, kasurako, gutxienez sei palestinar hil dituzte Tubas hiriko Al-Faraa errefuxiatuentzako kanpalekuan, Wafa albiste agentziak jakinarazi duenez.

Indarrak batzeko deia

Israelek Hamasi gerra deklaratu zionetik bi hilabete igaro diren honetan, gero eta gehiago dira galdera bera egiten dutenak: eta borrokak bukatzean, zer? Bada, PAE Palestina Askatzeko Erakundearen koaliziora batzea proposatu dio Hamasi PANeko lehen ministro Mohammad Shtayyek, «plataforma politiko» gisa. Hain justu, Hamasek esan du PANeko kideak ez direla haiekin harremanetan jarri urriaren 7az geroztik, eta horren ondoren iritsi da gonbita.

Azken urteotan, komunikaziorik eza izan da nagusi Hamasen eta Al-Fatah —PAEko talde nagusia— mugimenduen artean; besteak beste, Al-Fatahk Israelgo estatuaren existentzia aitortu izan duelako hainbatetan. Bloomberg egunkariari emandako elkarrizketa batean, ordea, urriaren 7ak «guztia» aldatu duela esan du Shtayyekek. «[Hamas] akordio batera iristeko eta PAEren barruan plataforma politiko bat sortzeko prest badago, hitz egiteko aukera izango dugu».

Palestinan bakarrik ez, Israelen ere saiatu dira galdera berari erantzuten, eta Netanyahuk argi du: «Ez da Hamasik existituko; desagerrarazi egingo dugu. PAN ere ez da aukera bat», idatzi du gaur X sare sozialean. Hitz horien inguruan galdetuta, Shtayyekek esan du «praktikoki ezinezkoa» dela talde islamista desagerraraztea. «Hamas Libanon dago, Hamas Zisjordanian dago, eta haren liderrak Qatarren daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.