Gazaren aurkako erasoaldia hasi zenetik, 530 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian

Tubas eta Tulkarem hiriei eraso egin die Israelgo armadak, eta bi palestinar hil ditu. Wafa agentziak eman du albistearen berri, eta salatu du beste hiru palestinar ere zauritu dituztela.

Hainbat palestinar, emakume baten gorpuaren bila, Gazako Al-Nusairat kontzentrazio esparruan, Israelgo armadaren eraso baten ostean, duela bi hilabete. MOHAMMED SABER / EFE
Hainbat palestinar, emakume baten gorpuaren bila, Gazako Al-Nusairat kontzentrazioa esparruan, Israelgo armadaren eraso baten ostean, duela bi hilabete. MOHAMMED SABER / EFE
iraia vieira gil
2024ko ekainaren 10a
15:00
Entzun

Zisjordaniako Tubas hiriari eraso egin dio gaurko ordu txikietan Israelgo armadak, Wadi Al-Faraako eremuan, eta 15 urteko gazte palestinar bat hil du. Wafa berri agentziak eman du albistea, eta salatu du beste hiru palestinar ere zauritu dituztela. Israelgo armadak bere gain hartu du Tubasen kontrako oldarraldia, eta azaldu du «terrorismoaren aurkako operazio zabal» baten emaitza izan dela. Adierazi du, gainera, hainbat «susmagarriri» tiro egin diela. Horrez gain, Tulkarem hiriari ere eraso dio Israelgo armadak; 21 urteko palestinar bat hil du bertan.

Duela astebete mintzatu zen NBE Nazio Batuetako Erakundea Zisjordaniak bizi duen indarkeria egoeraren inguruan, eta ohartarazi zuen «inoiz ez bezalako indarkeria» pairatzen ari direla lurralde okupatuetan. Urtea hasi zenetik, zehazki, 53 palestinar hil ditu Israelek Tulkaremen. Urte hasieratik, oro har, 203 palestinar hil ditu Zisjordania osoan, eta, urriaren 7an Gazaren aurkako oldarraldia hasi zenetik, 530 hil dituzte lurralde horretan.

Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, 37.124 palestinar hil ditu guztira Israelgo armadak, eta 84.712 zauritu. Gazaren aurkako azken erasoetan, zehazki, 40 pertsona hil dituzte Israelgo soldaduek, eta 218 zauritu.

Eskaria nazioarteari

Israel estu hartzeko eskatu die Hamasek AEB Ameriketako Estatu Batuetako agintariei. Hamaseko buru Sami Abu Zuhrik ziurtatu du «ontzat» joko duela Gazaren aurkako erasoa amaitzeko edozein saiakera. Hamas bera prest agertu da negoziazio mahaian eseri eta azken proposamena onartzeko, baina ez, hala, Israel.

Bien bitartean, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin biltzekoa da gaur. Hamasen eta Israelen arteko negoziazioei bide ematea du helburu nagusi, su eten bat adostu dezaten. Horrez gain, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroarekin ere bilduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.