Pilar Etxaniz: «Uste dut pertsonok errekak garela; ura, aldatu arren, beti da ura»

Gaur egun erretiratuta dagoen arren, oraindik ere irakasle sentitzen da Etxaniz. Hezkuntza eredu berezi bat sortu zuen propio Antzuolako eskolan, eta eredu hori tokian-tokian egokitzearen aldekoa da.

(ID_13900922) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-05-20, Antzuola. Pilar Etxaniz, Goienako kazetaria
Pilar Etxaniz, astelehenean, Antzuolan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jone arruabarrena
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Eredu pedagogiko berezia dauka Antzuolako eskolak, 1980ko hamarkadaz geroztik. Pilar Etxaniz (Antzuola, 1954) da, hein handi batean, eredu horren erantzulea. Berrogei urte eman ditu irakaskuntzan, eta, gaur egun erretiratuta dagoen arren, hezkuntzaren inguruan hausnartzen dihardu beste eragile batzuekin batera. Hala ere, beste hainbat arlotan lanean aritu da, eta dabil, gaur egun: Antzuolako Mairuaren Alardea berdinzaleago egiteko prozesuan edo pentsionisten borrokan, besteak beste.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Ez nuen izan ohiko haurtzaro bat. Bihotzeko arazo batekin jaio nintzen, eta ia korrika ere ezin nuen egin; oxigenoa eman behar izaten zidaten. Ama bularreko minbiziaz hil zen nik 5 urte nituenean, eta hurrengo urtean niri hil ala biziko bihotzeko ebakuntza bat egin zidaten Madrilen. Zorionez, onik atera nintzen, eta berandu hasi nintzen Antzuolako eskolan, 7 urterekin.

Nolakoa zen Antzuolako eskola?

Garai hartako eskola bat zen: mutil eta neskak bereizita, gela berean adin ezberdinetako umeak batera, ikasle pasiboak eta isilak nahi zituena… 10 urterekin Antzuolako eskolan egin nituen Batxilergorako sarrera eta bi ikasturte. Batxilergoa Donostiako kolegio batean egin nuen, barneko ikasle gisa eta beka batekin. Ondoren, Magisteritza Eskolan hasi nintzen, Donostian.

Antzuolako eredu pedagogiko bereziaren sortzaileetako bat zara. Zerk bultzatu zintuen ohiko eredua eraldatzera?

Alde batetik, gizartea hobetzeko bulkada bat neukan, justizia sozialaren aldekoa. Praktikak egin nituenean, Donostiako eskola batean, bertako zuzendariak «gaizki zihoazen» hamabost ikasleko gela batean jarri ninduen, inongo laguntza eta baliabiderik gabe. Gabezia sozioemozionalak zituzten haur zaurgarriak ziren; gaizki pasatu nuen, baina asko ikasi nuen. Konturatu nintzen ume horiek ez baziren entzunak eta onartuak sentitzen ezingo zutela ikasi, eta ideia horrekin joaten nintzen eskolara egunero. Ikasleak ikusteko begirada horrekin hasi nintzen lanean. 

Hortik sortu zitzaizun, beraz, Antzuolako eredua ere aldatzeko grina.

Antzuolako eskolan lantalde sendoa osatu genuen. Familiekin eta udalarekin batera asko borrokatu ginen herriko eskolan irakasle finko eta euskaldunak lortzeko. 1980ko hamarkada hasieran trebatzen hasi ginen, eta, testuliburuak mugatzaileak zirela eta, umeek libreki aukeratutako gaiak lantzen hasi ginen, poliki-poliki jakintza arlo guztiak era koherentean baliatuta. Jakin-min horiek guztiak asetzeko moduak bilatu genituen.

«Konturatu nintzen ume zaurgarriak ez baziren entzunak eta onartuak sentitzen ezingo zutela ikasi»

Zertan datza metodo hori? Eta zer onura ditu?

Ikasleek aukeratzen dute zer gai landuko den, zer jakin nahi duten adieraziz. Gero, gelako ideia ezberdin guztien elkarrizketaren bitartez eraikiko da ezagutza. Aniztasunak zabaltasuna eta sakontasuna emango dizkio ezagutzari. Hau da: ikasgela mundua ezagutzera bideratutako komunitate bat da. Gelako ideia eta adierazpen guztiak dira zilegi. Azkenik, gaiaren garapenean azaltzen diren erronkei aurre egiteko egoera errealei erantzun beharko diete ikasleek.

(ID_17162199666205) (/EZEZAGUNA)

Pilar Etxanizek Magisteritza ikasketak bukatzeko Donostiako eskola batean egin zituen praktikak. Irudian, praktikak egiten, 1973. urtean. Ikasturte horren ondoren sortu zitzaion hezkuntzarako beste mota bateko pedagogia bat sortzeko grina. PILAR ETXANIZ

Zer eman dizu irakaskuntzak?

Asko. Egunero lanera gustura joatea, adibidez. Oso betegarria da eraiki duzun proiektu baten parte sentitzea, sinisten duzun hori aurrera eramatearen poztasuna; ikasleak eurek aukeratutako proiektuan buru-belarri sartuta ikustea, deskubritzen dutenarekin emozionatuta eta haiek lortzen dutenarekin hunkituta sentitzea.

Oraindik ere irakasletzat daukazu zeure burua?

Enplegutik erretiratuta nago, baina sentimenduz irakasle sentitzen naiz. Orain, aipatu dudan hezkuntza filosofia horren inguruan talde bat dugu osatua Euskadin. Partaide batzuk ez gaude jada eskoletan, eta beste batzuk bai, unibertsitatekoak barne. Bakoitza bere praktikari buruz aritzen da, eta gero elkarrekin hausnartu eta ondorioak atera. 

(ID_13900931) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-05-20, Antzuola. Pilar Etxaniz, Goienako kazetaria
Pilar Etxaniz, astelehenean, Antzuolan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Nola ikusten duzu gaur egungo irakaskuntza?

Uste dut egun burokrazian itota daudela irakasleak, pentsatzeko eta taldean praktikak aztertzeko denbora gutxi dutela. Gainera, Hezkuntza Legeak ezarri duen testuingurua ez da egokia hezkuntzak dituen erronka garrantzitsuenei erantzuteko, alderantziz baizik: gaurko sistema duala egonkortzen du, guztiona eta guztiontzat den hezkuntza publikoaren kalterako.

«Zaharra izan arren, nire interesek ez dute adin jakin bat; ez dut neure burua mugatzen adinagatik»

Mairuaren Alardea antzinako ohitura da Antzuolan. Betidanik parte hartu izan duzu?

Lehen, garbi nuen alardeak plazaratzen zituen balioak kulturartekotasunaren kontrakoak zirela, maskulinitate tradizionalaren ezaugarriak zituela eta oso oldarkorra zela, eta ez nuen parte hartzen, ezta inor ikustera gonbidatzen ere.

Noiz hasi zinen alardearen inguruan lanean?

Udalak alardearen inguruko parte hartze prozesu bat zabaldu zuenean, bertan egon nintzen. Alardea biziberritzeko taldean egon nintzen ondoren. Geroztik Alardearen Elkarteko kide naiz. Antzuolan inoiz ez zaie emakumeei inongo debekurik jarri; ez dauka zerikusirik Oiartzualdean gertatutakoarekin. Hala ere, ohituraz, emakumeek ez zuten rol guztietan parte hartzen. Alardeak zeuzkan ezaugarri txar horiek aldatuz joan ginen, inklusiboago eginez. Saiatu gara andreen parte hartzea beste eginkizunetara ere zabaltzen: armak eraman, konpainiaren kapitaina izan, eskolta... Plazan egiten den hitzaldian ere gogortasuna leundu eta konfrontazioaren ordez gatazkak tratatzeko elkarrenganako onarpena eta kultura arteko errespetua islatzen da gaur egun alardean. Prozesu hau modu naturalean egin da: ez da liskarrik egon, eta aldaketak oso ontzat jo dituzte herritarrek.

Noiz iritsi zitzaizun feminismoa?

Esango nuke bi iturritatik edan dudala. Lehena etxean bizitakoa izan da. Familiaren errealitateak aginduta, etxeko gizonek, aitonak, aitak eta osabak, beti egin zituzten etxeko lanak, ahizparen eta bion heziketa eta zaintza barne. Gu gizonek zaindu gaituzte txikitatik. Beraz, niretzat normalena zen eginkizun horiek guztiak gizonekin ere identifikatzea. Beste etxe batzuetan sarri ikusten nuena zen normala ez zena. Bigarrena, gaztetatik militatu izan dut talde politiko, sindikal edo sozialetan. EMK alderdian 1980ko hamarkadarako emakume militanteen talde autonomoa geneukan, alderdiko egitura osoan eta praktikan feminismoa sustatzeko.

Pentsiodunen mugimenduan ere ibili zara. Zerk ematen dizu adorea gizarte ekintzailetzan jarraitzeko?

Ez naiz horretan pentsatzen aritzen; barrutik irteten zait. Jubilatu nintzenean, esaten zidaten: «Orain, disfrutatu». Baina ez naiz esaldi horrekin identifikatzen. Lanean ere disfrutatu egiten nuen. Nik uste dut pertsonok errekak garela. Ura, aldatu arren, beti da ura. Egun nagoen zahartze prozesu honetan betiko Pilar naiz, eta, aldi berean, ezberdina. Lehenago niretzat inportanteak ziren gauzak orain ere badira: motibazio berak ditut, balio berak. Zaharra izan arren, nire interesek ez dute adin jakin bat; ez dut neure burua mugatzen adinagatik. Hori bai: orain, agian, neure burua zaintzen gehitxoago saiatzen naiz.

Zertan zabiltza orain?

Ez daukat aspertzeko astirik. Lagunkoitasunaren aldeko taldea dugu Antzuolan, Euskadin beste ehun bat talderen artean. Mugimendu honek edadetuen protagonismoa bultzatzen du, herria hobetzeko. Horrez gain, alzheimerra prebenitzeko Eusko Jaurlaritza, EHU eta CITA alzheimer ikerketa zentroaren ikerketa batean boluntario gisa hartzen dut parte. Alardearen Elkartean eta hezkuntzari buruz hausnartzeko taldean ere jarraitzen dut, baita Antzuolako liburutegian osatu den irakurketa talde batean ere. Beste plazer iturri bat da familiako txikienak noizbehinka zaintzea eta haiekin jolastu, mozorrotu eta ipuinak asmatzea.

MOTZEAN

Liburu gustukoena? Karmele Jaioren Maitasun kapitala, adibidez. Duela gutxi irakurri dut, eta asko gustatu zait.

Bisitatu duzun herrialde kuttun bat? Indonesia.

Kantu bat? Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean eta Imanol Larzabalen Mendian gora haritza.

Eguneko momentu bat? Irakurtzeko dudan tartea, edo paseoan joaten naizen momentua.

Irakaskuntzan bizi izandako momentu gogoangarri bat? Haur zaurgarriak zeuden Donostiako eskolan izan nuen lehen lanean izan zen. Ume batek burua altxatu, begiratu, eta irribarre egin zidan. Oso hutseratuta zegoen ume bat zen, eta hunkitu ninduen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.