Proposamena: euskara

Hamaika jarduera, euskaraz

Zilegi Astea egitasmoa antolatu du Zilegi eskolak gaurtik ostegunera bitarterako, Hernanin, Astigarragan eta Urnietan. Egitarauan euskara izango dute ardatz jarduera guztiek.

(ID_13856768) (/EZEZAGUNA) sendabelartailerra
Hainbat lagun, Zilegi eskolak iaz antolatutako sendabelarren tailerrean, Astigarragan. ZILEGI ESKOLA
Miren Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 13a
05:00
Entzun

Euskara «modu naturalean» lantzeko espazioak eskaintzen ditu Zilegi eskolak. Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin aritzeko saioak antolatzen ditu urte osoan. Askotariko gaiak lantzen dituzte saio horietan: historia, sukaldaritza, osasuna, natura eta filosofia, besteak beste. Zilegi eskolako arduradun Iker Goñiren eta Maite Villasanteren hitzetan, antolatzen dituzten saioak ez dira hitzaldiak izaten, saio dinamikoak baizik. «Partaideek euskaraz eztabaidatu, hausnartu eta sortzeko aukera izango dute», azaldu dute Goñik eta Villasantek. Zilegi Astea egingo dute gaurtik ostegunera bitartean, eta, euskara erdigunean jarrita, hainbat jarduera prestatu dituzte okasiorako.

Hogei urte bete zituen Zilegik orain bi urte, eta ordutik antolatzen dute Zilegi Astea. Antolatzaileek esan dutenez, euskaltegiko ikasleei euskara ikasteko bide bat ematea dute helburu, euskaltegienaz bestelakoa. «Gure metodologia erakutsi nahi diogu euskaltegiko ikasleari, eta euskaraz aritzeko gune bat, berriz, euskaldun osoari». Horretarako, parte hartzaileek gustuko dituzten jarduerak antolatu dituzte gaurtik ostegunera bitarte iraungo duen egitaraurako.

Denera, hamazazpi saio antolatu dituzte Hernanin, bederatzi Astigarragan, eta zortzi Urnietan. Helburua da euskara plazara ateratzea. Antolatzaileen arabera, askotariko ekintzak prestatu dituzte, eta hiru herrietako hainbat tokitan egingo dituzte jarduerak. Hernanin, esaterako, 09:30ean, Andoni Martinez de Usaranen DesOrekatua izeneko magia ikuskizuna izango da, Milagrosan. Biteri kultur etxean bi hitzaldi izango dira ordu berean: hipoteka kontuez arituko dira Alabe abokatuen taldeko kideak, eta Urtzi Urkizu BERRIAko kazetaria Txoria hodei artean bere azken lanaz arituko da Euskal telebista, ezagutu beharreko zerbitzu publikoa hitzaldian. «Etxeko sukaldaritza» tailerra emango du arratsaldean Ana Ortak, Santa Barbara elkartean, eta osteopatia eta begirada sistemikoa izango ditu hizpide Aintzane Balerdik, Hernaniko AEKn.

«Gure metodologia erakutsi nahi diegu euskaltegiko ikasleei, eta euskaraz aritzeko gune bat, berriz, euskaldun osoari».

ZILEGI ESKOLA

Bihar goizean, besteak beste, emakumeen sexualitateaz arituko da Edurne Mendizabal, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, eta, arratsaldean, euskal kantagintza berriaren historia kontatuko duAndoni Tolosa Morau-k, Biterin. Maiatzaren 15ean, goizean, pentsiodunak izango ditu mintzagai Marta Luxanek, Kulturarteko Plaza Feministan, eta, arratsaldean, ilustrazioez jardungo da Mattin marrazkilaria, AEKn. Hasiberrientzako eskalada saio bat ere prestatu dute maiatzaren 16 goizerako, Mikel Urretabizkaia eta Julen Goia eskalatzaileekin.

Astrologia eta txalaparta

Urnietan, bi orduko euskal dantza saio bat emango du Igantzi Olaran dantzariak, gaur, 14:30ean, kiroldegian, eta, arratsaldean, astrologiaz mintzatuko da horretan aditua den Izaro Susperregi, Sarobe antzokian. Besteak beste, sukaldaritza tailer bat ere izango dute bihar Urnietan, 09:15ean, Elkarteen Etxean. Maiatzaren 15ean, berriz, bidaiari euskaldunen esperientzietan oinarritutako kontakizun bat egingo du Alba Cabrera Naiz irratiko Bidaiari saioko esatariak, Saroben, 14:30ean. Azken egunean, artisau kandelak egiteko tailer bat emango du Amaia Jauregik Elkarteen Etxean, 09:15ean, eta, arratsaldean, txalaparta jotzen ikasteko ikastaro bat emango dute Tukutun taldeko kideek, Plazido Mujika plazan.

(ID_13856774) (/EZEZAGUNA) gozogintza
Zilegi eskolak iaz antolatutako gozogintza tailerreko hainbat kide, Urnietan. ZILEGI ESKOLA

Txalaparta ikastaroekin hasiko dute astea Astigarragan ere. Izan ere, instrumentua jotzen ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek gaur, goizean zein arratsaldean. Bihar goizean, Astigarragako gune historikoak ezagutuko dituzte Lurdes Odriozolarekin, eta, arratsaldean, ostera, Emakumeak eta kirola hitzaldia emango du Andoni Arraras Mundarro kirol elkarteko kideak. Maiatzaren 15ean, goizean, kafea nola txigortzen duten ikusiko dute parte hartzaileek, Cafes Aitona enpresan, eta kafea dastatzeko aukera ere izango dute, eta, arratsaldean, 36ko gerrak Astigarragan nola eragin zuen kontatuko du Gorka Arizkorretak. Azken egunean, udaletxea bisitatuko dute goizean, alkate Xabier Urdangarinekin. Gainera, herriko ilarren baratzera ere egingo dute bisita goiz berean, Periko Garmendia lagun izango dutela, eta, astea amaitzeko, ilar pintxo-potea egingo dute arratsaldean. 

«Giro goxoa»

Antolatzaileak jakitun dira askotarikoa izango dela bertaratzen direnen euskara maila, eta, hain zuzen ere, ekintza guztiak parte hartzaile guztientzako modukoak izatea lehenetsi dute. «Maila baxuko euskara dutenentzako saioak beren-beregi prestatu ditugu», esan dute Zilegi eskolako arduradunek. «Saioen dinamizatzaileak, behar denean, euskara egokituko du, denek uler dezaten». Gaineratu dute «bisualak, arinak eta atseginak» izango direla landuko dituzten gaiak, eta, horrenbestez, «zaila» izango dela «haria galtzea».

«Herritarrengana iristea da Zilegi eskolaren helburu nagusia, eta Zilegi Astea aberatsa, plurala eta parte hartzailea izatea nahi dugu».

ZILEGI ESKOLA

Argitu dute jarduerak ez dituztela prestatu Zilegi eskolako ikasle direnentzat soilik. Areago, «ideia hori apurtu» nahi dutela esan dute arduradunek. «Herritarrengana iristea da Zilegi eskolaren helburu nagusia. Zilegi Astea aberatsa, plurala eta parte hartzailea izatea nahi dugu». Jendea anima dadila nahi dute, eta, horretarako, jardueretan sortzen den giroa nabarmendu dute: «Giro goxoa, konfiantzazkoa sortzen da, eta norbere esku dago nahi duen guztia ematea».

egitaraua

 

HERNANI

 

  GAUR

  • 09:30. Andoni Martinez de Ustaranen. DesOrekatua magia ikuskizuna, Milagrosan.
  • 09:30. Hipoteka kontuez, Alabe abokatuak, Biterin.
  • 09:30.Euskal telebista, ezagutu beharreko zerbitzu publikoa hitzaldia, Urtzi Urkizuk, Biterin.
  • 18:00. Sukaldaritza tailerra, Ana Ortak, Santa Barbara elkartean.
  • 18:00.Euskal telebista, ezagutu beharreko zerbitzu publikoa hitzaldia, Urtzi Urkizuk, Biterin.

   BIHAR

  • 09:30. Tren maketa erakusketa, AEKn.
  • 09:30. Sexalutateak hitzaldia, Edurne Mendizabalek.
  • 18:00. Txalaparta emanaldia, Olatz Arcak, Sandiusterrin.
  • 18:00.Euskal kantagintza berriaren historia laburra: 1956-1990 hitzaldia, Andoni Tolosa Morau-k, BIterin.

   ASTEAZKENA

  • 09:30. Sukaldaritza tailerra, Santa Barbara elkartean.
  • 09:30. Demografia eta postegia: pentsioen eta jaiotzen arteko «harreman gezurtia» hitzaldia, Marta Luxanek, Kulturarteko Plaza Feministan.
  • 09:30. Osteopatia eta begirada sistemikoa tailerra, Aintzane Balerdik, AEKn.
  • 18:00.Pentsamendu bisuala tailerra, Mattin marrazkilariak.
  • 18:00. Irakurketa saioa, Ana Malagonek eta Uxue Apaolazak, BIterin.

   OSTEGUNA

  • 09:30. Eskalada ikastaroa, Mikel Urretabizkaiak eta Julen Goiak, Santa Barbarako eskalatzeko horman.
  • 18:00. Bisita gidatua, Usurbilera.

 

URNIETA

 

   GAUR

  • 14:30. Euskal dantzak, Igantzi Olaranek, kiroldegian.
  • 18:00. Astrologia saioa, Izaro Susperregirekin.

   BIHAR

  • 09:15. Sukaldaritza tailerra, Elkarteen Etxean.
  • 18:00. Pentsamendu bisuala tailerra, Mattin marrazkilariak, Saroben.

   ASTEAZKENA

  • 14:30. Bidaiari euskaldunen esperientzien kronikak, Alba Cabrerak, Saroben.
  • 18:00. Eskalada ikastaroa, Santa Barbarako eskalada horman.

   OSTEGUNA

  • 09:15. Artisau kandelak egiteko tailerra, Amaia Jauregik, Elkarteen Etxean.
  • 18:00. Txalaparta saioa, Tukun taldeak, Plazido Mujika plazan.

 

ASTIGARRAGA

 

   GAUR

  • 10:00. Txalaparta saioa, Erbetegi-Etxeberri baserrian.
  • 18:00. Txalaparta saioa, Olatz Arcak.

   BIHAR

  • 10:00. Herriko gune historikoetara bisita, Lurdes Odriozolak.
  • 18:00. Emakumeak eta kirola hitzaldia, Andoni Arrarasek, Mundarron.

   ASTEAZKENA

  • 10:00. Cafes Aitonara bisita.
  • 18:00.36ko gerra, Astigarragan hitzaldia, Gorka Arizkorretak.

   OSTEGUNA

  • 10:00. Udaletxera bisita, Xabier Urdangarin alkateak.
  • 12:00. Ilarren baratzera bisita, Periko Garmendiak.
  • 18:00. Ilar pintxo-potea, herriko kaleetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.