Danele Sarriugarte
HIRUDIA

Virginie eta Michel

2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Galdetuko balidate, nire iritziz, nola moldatuko ote diren Virginie [Despentes] eta Michel [Houellebecq], boteprontoan erantzungo nuke, argi eta garbi eta egiaren jabe denaren tonuarekin, etsaiak behar dutela izan guztiz. Logikoa bailitzateke, ezta? Azken batean, lesbiana transfeminista ezkertiar deklaratua da bata, eta xenofobotzat, misoginotzat eta klasistatzat publikoki hartua bestea.

Kontua da, ordea, Virginiek berak gezurtatu didala uste hori. Playground web-aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean, hauxe azaldu zion kazetariari: «[Michelek] eta biok gai berberak lantzen ditugu: maskulinitatea, pornografia... (...) Baita kapitalismoa ere, noski. Gauza askotan gatoz bat. Eta elkartzen garenean, barre asko egiten dugu. (...) oso mutil dibertigarria da, nahiz eta lehen begi-kolpean igarri ez».

Bi autoreak gurutzatzen diren lekua aztertzeko bide aproposa da beste izen propio bi ekartzea hona: Vernon eta François, Virginieren eta Michelen azken lanetako protagonistak hurrenez hurren. Virginiek oraintxe argitaratu du Vernon Subutex trilogiaren hirugarren zenbakia; Michelek, berriz, 2015eko urtarrilean kaleratu zuen Sumisioa: urte horretan bertan euskaratu zuen Gerardo Markuletak, eta Meettok etxeak publikatu.

Bi-biek, Vernonek eta Françoisek, espero gabeko krisi bati egin behar diote aurre beren adin ertainean. Krisi hori lotuta dago, gainera, aldez edo moldez, Frantziaren eta Europaren krisi orokorragoekin, ekonomiaren eta gizartearen bilakabidearekin (disko-denda ezagun baten jabea izana zen urte luzean Vernon, musika-industria aldatu eta dendak erreka jo arte; Françoisi apurka-apurka doazkio bizitzarekin eta munduarekin dauzkan loturak —berez nahiko ahulak, hori bai— hausten: maiteak Israelera alde; ama, eta berehala aita, hil; unibertsitateko lanetik —momentuz— kanporatu). Oso Paris ezberdinetan bizi dira biak, hiri igualean hala ere: matxista, arrazista, kapitalista basatia.

Sumisioa aurkeztu zenean, han izan nintzen, eta ni neu feminista deklaratua izanda, ohartarazi zidaten seguruenera ez zitzaidala batere gustatuko liburua. Badakit zergatik uste zuten hala, ulertzen dut inkluso; Michelek berak aipatu zuen elkarrizketa batean: «Feministei, jakina, ez zaie izugarri gustatuko liburu hau». Baina Iratxe Esparza kritikariak esan moduan, Sumisioa-z gozatzeko premiazkoak dira «begi zorrotzak eta pentsamendu irekia», eta, burua zabalik iruditu zait Michelek gordin agertzen duela emakumeen menderakuntza, esplizituki adierazten duela emakumeak zapalduta daudela egon, eta gizon batzuk direla, berriz, pribilegiatu: ez al da zintzotasun hori eskertzekoa, «salaketa faltsuen» eta «ustezko bortxaketen» sasoiotan?

Esparzaren irakurketarekin bat nator, beraz: «Kolektibitate bezala hartuta, liburuan fokalizazioa ere emakumeari dagokiolako nire irakurketan distopia feministaren ideia azpimarratuko dut: Frantzian, aldaketa politikoa gertatu baino lehen, jadanik emakumeek jasaten zuten egoera menpekoa zen, eta Anaiarte Musulmanak boterea lortzen duenean joera hori muturrera eraman eta areagotzen da; beraz, erraz ikusten da gizartearen eta heziketaren sumisioari esker inposatutako dogmak eta arauek generoen arteko botere harremanak sortzen dituztela».

Bestalde, gainera, bat datoz Virginiek hamaika eleberri, saiakera eta agerraldi publikotan sexu-lanaz adierazi duena (sexu-lana ez dela beti esklabotza; ez dela, berez, umiliagarri) eta Michelek Sumisioa-n idatzi zuena: Françoisek escort-ekin dituen hartu-emanetan, sexu-langileak emakume burujabeak dira, ez daude esplotatuta, errentagarria delako aukeratu dute lana, ez inondik ere azken aukera desesperatu gisa, eta baldintza duin eta segurutan jarduten dira.

Idatzi, gainera, Michelek adinakoak idatzi ditu Virginiek: pertsonaia askotarikoen ahotsak biltzen ditu Vernon Subutex trilogiak, tartean bere andrea egurtzen duen Patrice ezkertiar sutsuarena, edo eskaleak eta arabiarrak taldean jipoitzen dituzten Noël eta Loïc-enak. Autoreak ez ditu horiek denak deabru gisa aurkezten, inondik ere; hitza ematen die, beraz subjektu dira guztiak (nola diren subjektu, besteak beste, Pamela Kant porno-izar ohia eta Aisha gazte beloduna ere), eta beren ahotik azaltzen dituzte beren ikusmoldeak, arazoak eta itxaropenak.

Errealitatearen analisiari nola heldu, hori beste kontu bat da. Fokua non jarri, hori da kontua. Eta hortxe datza, azken batean, bi autoreen arteko aldea. Nik neuk, egia esan, Virginie dut nahiago. Nahiago dut hark erakusten digun bidea. Michelen Françoisek nola helduko garai berriei eta bertan goxo eginda, amore emanda, boteretsu berriek eskaintzen dizkioten pribilegioak onartuta, nahiz eta pribilegio horiek askoren menderakuntza eduki oinarrian. Virginieren Vernonek, berriz, miseriaren eta garai latzen aurrean, bere ertz indibiduala utzi du, eta besteen babesean indarberritu da: besteekin batera; bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.