gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Ekaitza dator

2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Sofie Gråbøl aktorearen izena irakurtzearekin nahikoa izan dut telesaila ikusten hasteko; Forbrydelsen bikainaz geroztik oso gertutik jarraitu dut bere ibilbidea. Gainera, ekoizpen danimarkarra eta hainbeste gustuko dudan kartzelako drama azpigeneroko telesaila dela ikusi dudanean, buruz behera jaurti naiz Prisoner miniseriearen sei atalak irenstera.

Danimarkako gobernuak espetxe berri bat zabalduko duelako albistea eman du, zero tolerantzia politika nagusi izango dena. Horren eraginez, une horretan irekiak dauden hiru espetxeetako bat itxi egingo dute. Zein itxi erabakitzeko, hiru hilabetez ikuskatzaile batzuk bidaliko dituzte gertatzen den guztia behatzeko. Telesailaren ekintza nagusiak lasaitasuna nagusi den espetxe batean gertatzen dira. Helburu nagusia gatazkak saihestea denez, eta lasaitasun hori mantentzea, malgutasun nahiko handia dago presoekiko. Gainera, bertako lan baldintzak eskasak dira, eta prekaritatea da nagusi langileen artean. Hori horrela, banden arteko hierarkiak daude eta droga-trafikoak espazio handia hartu du. Baretasun hori, ordea, ekaitzaren aurrean arnasten den barealdia baino ez da izango; espetxea ixterik nahi ez badute, neurriak asko zorroztu beharko dituzte. Pertsonaia ugari azaltzen dira, baina laurengan jartzen du arreta bereziki telesailak: espetxe horretako lau langilerengan. Horietako bakoitzaren lana ikusteaz gain, eremu pertsonalera egingo dugu jauzi eta presondegi kanpoko bizitza sakonki ezagutuko dugu.

Istorioa garatzeko, kartzelako dramen ohiko baliabide narratiboak erabiltzen ditu, sorpresa gutxi zentzu horretan, baina daniarra izateak berezitasun eta nortasun handia ematen dio telesailari. Gordina eta zuzena da, errealista, itzulinguruka aritzen ez diren horietakoa; erraietatik kontatua dago. Gizarte kritikak badu bere tartea; Danimarkako kartzela baldintzak dira nagusiki ezbaian jartzen direnak, baina arrazakeria, erlijioa, ustelkeria edota pobrezia ere oso presente daude. Antzezpen lanak apartak dira, eta alor tekniko zein estetikoa ere nabarmena iruditu zait; musikak tentsioa areagotzen laguntzen du, kamera mugimendu zakarrek akziozko sekuentziak elikatzen dituzte, eta argazki gris eta ilunaren bitartez pertsonaien gatazkak barruraino sartzen zaizkigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.