Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

'Bodkin': eraginkorra?

2024ko ekainaren 4a
05:00
Entzun

Argi dago true crime-ak isats luzea duela. Saiatuta ere, zaila da plataformaren batean sartu eta genero horretako lanik ez topatzea, sarritan promozioaren armiarma-sare eraginkor batez inguratuta, gainera. Aurreko artikuluren batean aipatu dudan bezala, egia da badudala genero horrekiko errezeloren bat edo beste; baina gero, egia esan, horietako asko ikusten —eta gozatzen— amaitzen dut.

Hemen gomendatzera natorren honekin dudak ditut, baina baditu gauza interesgarriak. Bodkin du izena, Irlandan gertatzen da, eta true crime-aren aurkako satira bat izan nahi du, berez. Siobhan Cullen irlandarra, Will Forte estatubatuarra eta Robyn Cara britainiarra ditu aktore protagonista, eta bere premisak piztu zidan interes gehien: «Podcaster talde batek aspaldian gertatutako hiru pertsonaren desagerpena ikertu nahi du Irlandako herri idiliko batean. Baina hariak mugitzen hasten direnean, imajina zezaketen baino askoz istorio handiagoa eta arraroagoa topatuko dute». True crime-aren sukarrean murgilduta gaudelarik, interesgarria egin zitzaidan honen inguruko kritika bat egiten duen telesail bat ekoitzi izana. Aurreko artikuluren batean aipatu dudan bezala, hausnarketa hori bera egiten duen Black Mirror telesaileko Loch Henry asko gustatu zitzaidan, eta, beraz, ez nuen dudarik egin Bodkin-en barrunbeetan sartzerakoan.

Thriller bezala aurkezten da, baina baditu komedia beltzaren zantzuak ere. Hala ere, ez dut oso argi ea telesailak bi generoak ondo harilkatzeko ahalmena duen. Eszena batzuetan agertzen diren txisteek ez dute egoeraren dramatismoarekin ondo funtzionatzen; efektu arraroa egiten dute ikuslearengan, eta berez inteligentea dirudien umore-kolpe hori, azkenean, deuseztatuta gelditzen da. Horrez gain, badirudi ere batzuetan tramak bide konplexuegiak hartzen dituela, ostera nahiko era sinple eta prototipikoan amaitzeko —ez dut spoilerrik egingo, jakina!–. Hau guztia esanda, ordea, egia da behin amaituta hausnarketa egitera eramaten duen lana dela; ez dela entretenimendu hutsean gelditzen, alegia. Black Mirror ikusten dudan bakoitzean etortzen zaidan galdera bera datorkit orduan: zenbateraino da eraginkorra bere kritika, hain zuzen ere, kritikatzen dituen patroi berberak erreproduzitzen baditu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.