gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Adarbakarrak euskaraz

2024ko ekainaren 5a
05:00
Entzun

Euskal animazioaren hastapenetan film laburrak egin ziren gehienbat, oso esperimentalak, eta hamarkadetan aurrera egin ahala, film luzeetara jauzi egin zutenean etxeko txikienentzat zuzenduriko lanak izan ziren. Azken hamarkadetan, ordea, istorio heldu eta sakonagoak jorratzearekin batera, euskal animaziozko ekoizpenen eztanda heldu da. Ukitu esperimentalagoa duten film laburrak, komertzialagoak diren eta bereziki haurrei zuzentzen zaizkien proposamen zainduak, eta izaera helduagoa izatearekin batera, baita Euskal Herriko mugetatik at koprodukzioak bultzatzen dituztenak ere.

1990ekoa hamarkada emankorra eta garrantzitsua izan zen arren, nabaria da azken urteotan euskal animazioak eztanda moduko bat bizi duela. Horien adibide dira Psiconautas (2015,Alberto Vazquez, Pedro Rivero), Another day of life (2018, Raul de la Fuente, Damian Nenow), Black is Beltza I & II (2018-2022, Fermin Muguruza), El sueño de la sultana (2023, Isabel Herguera), Robot Dreams (2023, Pablo Berger) eta Unicorn Wars (2022, Alberto Vazquez).Gaurko geldialdia azken horretan egingo dugu; Primeran plataforman euskarazko bertsioa estreinatu berri dute. Film antibelizista bikain eta gordin hori Euskal Herriko, Galiziako eta Frantziako ekoizleek elkarlanean egindakoa da. Peluxezko hartzen eta adarbakarren arteko borroka aitzakia gisa erabiliz, hausnarketa politiko eta psikologiko sakona plazaratu du Alberto Vazquez zinemagileak. Muguruzaren Black is Beltza bezala —kasu horretanfilma, musika, komikiak, erakusketak...— izenburuak duen izaera transmedia edotaeuskarri desberdinen bidez eraikitzeko duen gaitasuna nabarmenduko nuke. Filma ikusi baduzu eta bideojoko zalea bazara adibidez, jakin, Unicorn Warsjokoa doan eta euskaraz ere badagoela. DEP Games estudioak garatu du eta Android zein iOS sistemetan erabili daiteke. Runner erako bideojokoa da, eta filmaren 2D estetika koloretsua jarraituz osatu dute.

Amaitu aurretik, lan horren atzean dagoen Uniko ekoiztetxe bilbotarraren lana ere goraipatu nahiko nuke; 2009. urtean Iñigo Gomezek eta Ivan Miñambresek sortua, animazioko filmak, iragarkiak eta komunikazioarekin erlazioa duten proiektuak ekoiztu ditu. Azpimarragarriak dira azken urteotan egiten ari den lana eta nazioartean eskuratutako oihartzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.