Ander Perez Argote

Ohartzerako

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Ohartzerako, ihes egingo dizu udaberriak. Aspalditxo hasi ziren egunak luzatzen eta gauak laburtzen, baina argi izpirik ez den apenas sartzen lainoetatik bestaldera. Honezkero, espero zenuen iluntzeak plazaren bateko bankuan harrapatzea, prakak motz eta zerbeza latak luze. Ordea, berokirik ez duzu gorde kutxa azpiko kutxetan oraindik, eta petrikor usaina ez da aski izan lurra dagoeneko berotzen hasia dela gogorarazteko.

Ohartzerako, iritsiko da uda udaberririk igaro gabe, eta zalantza egingo duzu orduan, udaberri delako maite ote duzun udaberria, edo udarako trantsizio delako. Leihoak irekita egingo duzu lo orduan, tomatea igurtziko duzu tostadetan, eta gurutzatuko dituzu irribarreak uztailaren zazpiko bermutean. Eta konturatuko zara karta bakarrera jokatu duzula dena, uda iritsi zain aparkatu dituzula kezkak, eta ez zenuela alferrik behin apuntatu meteorosentiberatasuna hitza.

Ohartzerako, harrapatuko zaitu bizitzak uda bezala, kolpez eta prestaketarik gabe, eta orduan ulertuko duzu alferrik zirela planak, urratsez urrats diseinatutako bide-orriak ez direla beti betetzen, elurte batek estali ditzakeela adokinak abuztu erdian, eta izerdiz blaitu neguko larru jotze batek.

Ohartzerako, joango da uda, eta pasako da urtebete Gazan palestinarrak masakratzen hasi zirenetik, udazken bat negu bat udaberri bat eta beti dena berdin, urte bat trantsiziorik gabe, dena hauts eta odol. Eta gogoratuko duzu Francesca Albanese NBEko Palestinarako kontalariaren elkarrizketa, eta berriz egingo zaizu bitxi karguaren izena, kontalari. Eta pentsatuko duzu orduan nola demontre kontatu daitekeen genozidio bat, nola kontatu milaka heriotza, bizitza bakar bat kontatzea hain zaila bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.