Hedoi Etxarte

Liburuen solasaldiez

2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Dramatikoak dira sarritan liburu bati buruzko solasaldien aurreko egunak. Gutxitan da posible konbentzionala ez den zerbait prestatzea. Louise Glück-en Basairisa-ren kontura gertatu zitzaidan asteon. 

Inora ez daraman gidoi ezagun batetik ihes egin nahian, aurrez irakurritako liburuetara jo nuen, aurrez beste liburuetan hautatutako poema eta pasarteak irakurtzera. Topo egin nuen, berriro, Desira olerkiarekin: «Gogoan duzu desira bat eskatu zenuen aldia? / Desira mordoa eskatzen dut./ Tximeletaz gezurra esan nizunekoa. Beti galdetu izan diot neure buruari ze desira eskatu zenuen./ Ze desira pentsatu nuela uste duzu? / Ez dakit. Itzul nendila, nolabait elkarrekin buka genezala./ Eskatu nuen beti eskatzen dudana./ Eskatu nuen beste poema bat idatzi ahal izatea».

Hegaldiaren parabola irakurri nuen gero, han irakur daiteke: «Axola ote du nora doazen txoriak? Axola ote du are ze espeziekoak ote diren?/ Hemendik abiatzen dira, hori da kontua,/ aurrena beren gorputzak, gero beren garraxi goibelak./ Eta, une horretatik, guretzat ez dira existitzen.// Hala hasi behar zara gure pasioan pentsatzen./ Muxu bakoitza benetakoa zen, gero muxu bakoitzak lurraren gainaldetik alde egin zuen».

Gero beste liburu bat hartu nuen: «Gaur doktorearenera joan naiz, doktoreak esan du hiltzen ari nintzela, ez hitz horiekin, baina esan dudanean, ez du ukatu. [...] Jaiotzeko, zure gorputzak paktu bat egiten du heriotzarekin eta, une horretatik, tranpa egiten saiatzen da etengabe».

Badakit efektista dela, arnasa luzeko poemak hartu eta, sanpler bat bezala, aipuen kate bat egitea, ordu erdiko sinfonia baten azken minutuetako crescendo-tik hamasei konpas hartu eta behin eta berriro errepikatzea bezala. Baina uste dut Louise Glücken kasuan desberdina dela, bera beti dagoela intentsitate horrekin, beti dagoela goian: «Liburua itxi nuen./ Guztia nuen atzetik, guztia iraganean./ Aurretik, esan bezala, isiltasuna nuen».

Hori da, zorionez, liburuen inguruko solasaldien ostean gertatzen ez den zerbait, beste partaideen berbaroa daramazu buruan, liburu hori betirako geratuko da markatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.