Hedoi Etxarte

Bambaluna

2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Alaba zaharraren klasekide baten urtebetetze besta izan genuen udazkenean Bambaluna jatetxean. Gerora jakin nuen oraingo jabeek ez ziotela izena jarri, aurretik zeukala. Baina bertaratu ginenean, hango langileen jatorria eta urtebetetzea ospatzen zuenarenaren jakitun, pentsatu nuen akaso Hego Ameriketako kultur erreferentzia batetik zetorkiola.

Bada, ez, aitaren liburuen artean beste zerbaiten bila ari nintzen ostegunean, Jose Maria Jimeno Jurioren testu batekin egin nuenean topo. Kike Diez de Ulzurrunek euskarara ekarri zuen Iruñea. Hiriaren izenak mendez mende.

Jimeno Juriok aipatzen du Iruñeari Pompelon edota Pompaelo esaten ziotela erromatarrek (bigarren hau oso ezaguna da) nahiz eta latinezko Erdi Aroaz geroztiko testuetan Pampilona erabiltzen zuten. Gerora aipatzen du Iruñerriari nola esaten zioten Oskol ala Arro, baina zoragarria iruditu zitzaidana X. mendeko erreferentzia: Iruñeari arabieraz Bambaluna esaten zioten. Jimeno Jurioren hitzetan: «Al-Himyari geografoak idatzi zuen Bambaluna Al Andalusko hiria zela. Mendi garai eta ibar sakonen erdian dago, eta natura ez du aldeko. Biztanleak pobreak dira, ez dute behar adina jaten, eta bide-lapurretan aritzen dira. Gehienak euskaraz mintzo dira, eta horrek eraginda, ez zaie ulertzen. Zaldien apatxak oso gogorrak dira, eskualde hura latz-latza baita. Herrialde horretako jende batzuk iparraldean bizi dira, Atlantikoaren bazterrean».

Iaz duela hogei urte, Gazteluko plazako aparkalekua egin zutenean gelditu zen nabarmen, eskuin espainiarzaleen historialariek Iruñeaz zuten irudi hura (Erromatarrekin hiri txikia zela eta musulmanik ez zela egon) gezurra zela. Ez dudana ulertzen da zergatik ez dugun besteok hiriaren erlijioartekortasuna, jatorri bastarta erreibindikatzen. Orduko arabierazko ordainak zentzua izan dezake gaurko Iruñean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.