Maider Galardi

Apaizac (beti) obeto

2024ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun

Aspaldian irakurri gabea nintzen zientzia fikzio edo thriller bat, eta bien nahasketa baten osagai guztiak eskaini zizkidan duela pare bat aste Urduñako klaratarrek protagonizatutakoak. Hasieran pentsatu nuen gidoi feminista zuela, gainera: zer eta moja batzuk Elizarekin hausten! Eta horietako asko ia bizi osoa itxialdian pasatu eta gero! Zein ederra litzatekeen istorio hori, moja subertsiboak urte luzez asanblada ez-misto batean iraultza su baxuan egosten. Baina plot twist, badirudi ultraeskuinari lotutako korronte batekin batzeko hautsi dutela Eliza katoliko ofizialarekin, eta orain moja iraultzaile zirenak moja faxista gisa izendatu ditu publiko orokorrak. Edozein eszenatoki posibletan aldatzen ez dena da jatorrian higiezinen gaineko tirabira bat dagoela, eta Elizak historikoki duela jabetzekin halako zera bat, erakarpen bat, metatzeko anbizio bat, mojak ala Vatikanoa izan.

Egia esan, uste dut ez dela ondasunen kontuarekin bakarrik pasatzen, nahiz eta azken egunetan batzuk tematu diren diferentzia egiten ultraeskuineko korronteen eta «Eliza progresistaren» artean. Ez dut zalantzarik egiten kristau komunitatearen barruan sentsibilitate aurrerakoiagoak daudenik, baina Eliza Eliza da, ultraeskuinekoa edo «aurrerakoia» izan. Begira bestela Frantzisko aita santuaren azken adierazpenak: «Apaiztegi batzuetan giro marikoi gehiegi dagoela uste dut». Hara, Eliza progresista berria, beti bezain homofoboa izaten. Ohartu gabe sartu digute moja faxistekin ziria, kasik ahazteraino abortatzera goazen kliniken aurrean jendea otoitzean egon dela orain gutxi arte.

Aurrerakoiaren sotanarekin jantzi zaigu Eliza, barruan betiko apaiz kontserbadorearen espiritua duela. Eta badakizue zer? Poliziarekin azken denboran dagoen eztabaidaren antz handiegia hartzen diot honi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.